Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Hurrengo bozetako udal hautagaiak itun ekologikoa sinatzera deitu ditu Bizik

Trantsizio ekologikoaren aldeko zazpi neurriko paketea proposatuko die Bizik 2020ko udal hauteskundeetan aurkeztuko diren Ipar Euskal Herriko hautetsi guztiei. Azken sei urteetako bilana ere plazaratu dute.

2014ko hauteskundeei begira trantsizio ekologikorako 53 neurri aurkeztu zituen Bizik. Guztira 30 eskualdetako herriko etxeek egin zuten bat proposatzen ziren neurrietako batzuekin (Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %75). Hala, Hitza-hitz! lantaldea sortu zen, herriko etxeek hartutako neurriak egiaz betetzen zituzten ikuskatzeko. Sei urteko jarraipena egin ostean, balorazioa aurkeztu zuten atzo Biziko kideek Baionan.

Lehenik eta behin, trantsizio ekologikoa bultzatzeko udalek azken sei urteetan zer egin duten azaltzen duen balantzea herritarrek egin dutela azpimarratu zuten. Bilan horren helburua Ipar Euskal Herriko udalek trantsizio ekologikoarekiko duten engaiamendu maila erakusten duen mapa bat aurkeztea zen. Konpromisoak hartu zituzten herrietan «engaiamenduaren %53 aitzinatu» dela azaldu zuen Xabier Harlouchetek, Hitza Hitz! komiteko kideak. Hala ere, bere hitzetan, «engaiamendu orokorrean soilik %10 aitzinatu da eta, helburua, herri guztiek konpromisoak hartu eta betetzea da».

Hori dela eta, datozen hauteskundeei begira, beste urrats bat egingo du Hitza Hitz! komiteak. Azken sei urteotan herriko etxeek hartutako konpromisoak betetzen zituztela bermatzeko beste bi txosten aurkeztu dituzte, 2015ean lehena, 2016an bigarrena. Udal batzuek hartutako konpromisoak betetzeko pausorik ez zutela eman egiaztatu zuten. Horien artean, esaterako, sei udalek soilik lehen txostenean parte hartu zuten; horren ostean ez zituzten Biziko kideek egindako galderak erantzun ere egin. Harloucheten iritziz, datu horiek erakusten dute «ez dagoela eman den hitza betetzeko kulturarik».

Herrika eta gaika egoera nola dagoen azaltzen duen azken sei urteetako balorazioa eskuan, zazpi puntu biltzen dituen «metamorfosiaren ituna» proposatu die Bizi mugimenduak hautetsi guztiei.

Zazpi gai biltzen ditu

Mugikortasuna, etxebizitzetako energia xahuketa, tokiko elikagaiak eta laborantza, energia berriztagarrien erabilera, tokiko ekonomia bultzatzeko eusko moneta, hondakinen murrizketa eta Klima Plana dira Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoa bultzatzeko 2020ko itunak biltzen dituen zazpi lan ildoak.

Mila herritar inguruk sinatu dute jada ituna eta hauteskundeetara arte nahi duen orok sinatzeko aukera izango du. Aldi berean itun hau ezagutarazi eta hautetsi guztiei aurkezteko kanpaina jarriko dute abian. Horrela, martxoaren 2an Maulen martxa bat abiatuko dute itunaren berri zabaltzeko. Herriz herri, Ipar Euskal Herri osoa zeharkatu ostean, Baionan amaituko da martxa martxoaren 7an, manifestazio batekin. Hautetsi guztiak ekitaldi batean parte hartzera gonbidatuko dituzte.