Xole ARAMENDI
DURANGO

Arnasa berritzera

Landako Guneak gaur 10.30ean irekiko ditu ateak eta denei egingo die ongietorria: sortzaileak, hartzaileak, argitaletxeak, autoekoizleak, diskoetxeak, bisitariak. «Sortu, zabaldu, eman eta gozatu!». Hauxe aurten Oier Zuñigaren kartelak egin digun gonbita. Durangoko Azokaren ekosistema islatu nahi izan du. Lau egunez salgune, plaza, agertoki, elkargune, parrandagune... izango da. Dena baita. Eta denaren gainetik, arnasgune. Has dadila!

Aspaldi ikusi gabeko lagunaren ezusteko besarkadak uxatu digu Landako kanpoko hotz zuria. Barrua bero da. Gure musikari gogokoenarekin gurutzatu eta zeharka begiratu diogu, poza barrurako gordez.

Buru eta hanka multzo artean pauso batzuk aurrera egin ditugu, kostata. Azken asteotan lo-orduak lapurtu dizkigun liburuaren egilea labetik atera berri duen lana sinatzen ari da. Berarekin bi hitz gurutzatu eta haren dedikatoriaz jantzi den liburua besapean hartuta goaz.

Sormena borborka. Kontsumoa ez hainbeste. Datuen hoztasuna. Baina utikan kezkak, buruko minak! Pozgarria, urte osoko miseriak, ajeak (ze aje?), ahaztu eta kulturgintza festa betean ikustea.

Biribilketa alaia, erromeria, euskal sortzaileen zein zaleen Meka. Salerosketa. Argitaletxe zein diskoetxe txikientzat, batez ere, arnasgune. Autoekoizpenaren erakusleiho. Zuzeneko musika. Talde kontsakratuek beren zaleekin bat egiteko unea. Txikientzat, tranpolina.

Bazkaria, lagunarteko hitz-aspertua, alde zaharreko tabernetan jira-bueltan. Barreak. Gozamena.

Literatura eta musika ez ezik, dantza, antzerkia, ikus-entzunezkoak...

Gogoeta bozgora egiteko abagunea. Belarri-begiak erne edukitzeko egunak.

Iritsi da gure kulturak duen Azokarik handiena. 264 erakusleiho parez pare irekita. Erosle zein bisitarien zain. 405 nobedade: 273 liburu eta 91 disko... Aurten itxuraldatuta datorrena. Landako Gunean azken 30 urteotan ongietorria egin diguten salmahaiek agur esan digute. Garai berrietara egokitu nahia. Orain arteko espazioak txiki geratu eta Landakoren atzealdera zabaldu dena. Durangora zabaldu nahia.

Haur, gazte zein heldu... belaunaldien arteko soka. Transmisioa. Ospakizun egunak dira. Euskal kulturgintzaren arnasgunea ez dadila irla bihurtu. Haria ez dadila eten.