Maddi TXINTXURRETA AGIRREGABIRIA
IKUSPEGI ELEANI

HIZKUNTZA ANITZEN ERABILERA IKASGELAN, AUKERAK ETA KEZKAK

ELEANIZTASUNARI PROBETXU PEDAGOKIKOA ATERATZEKO ASMOTAN, HIZKUNTZEN ARTEKO HARREMANARI BURUZ HAUSNARTZEN JARDUN ZUTEN ATZO HAINBAT ADITUK, NAZIOARTEKOAK NAHIZ BERTAKOAK, EHUKO DREAM IKERTALDEAK ANTOLATUTAKO SINPOSIOAN. TRANSLANGUAGING METODOA HEZKUNTZAN APLIKATZEAREN ONURAK ETA KALTEAK AZTERTU ZITUZTEN.

Hiztun elebidun edo eleaniztunek dakizkiten hizkuntzak komunikazio sistema integratu batean erabiltzen dituztenean gertatzen den prozesuari esaten zaio translanguaging. Hala, hiztunek zenbait hizkuntza erabil ditzakete, sarri aldi berean, eta hizkuntza horiek elkarren osagarri izan daitezke. Askotan espontaneoki gertatzen den joera da, baina asmo pedagogikoekin ere balia daiteke, atzo nabarmendu zutenez.

EHUko Dream ikertaldeak, batik bat, gaitasun eleaniztuna hezkuntzan aplikatzearen inguruan ikertzen du, eta gai horri helduta, Ikuspegi Eleaniztuna Hezkuntzan izeneko sinposioa antolatu zuen Donostiako campuseko Carlos Santamaria zentroan.

Bertan, nazioarteko nahiz Euskal Herriko esperientziak partekatu zituzten, eleaniztasunak eskaintzen dituen baliabide pedagogikoei ahalik eta probetxu handiena ateratzeko asmoz. Minnesotako Unibertsitateko irakasle eta pedagogian aditua den Diane Tedick-ek ireki zuen topaketa, eta translanguaging kontzeptua ekarri zien entzuleei, bere indargune eta ahultasunak azalduz.

Zehaztu zuenez, translanguaging-aren teoriaren arabera, hiztun elebidun bat «ez da bi pertsona elebakarren batura»; aitzitik, hizkuntzak «gainjarri» egiten dira, «batak eragina du bestearengan». Hala, translanguagin-a hizkuntza baliabide ezberdinak biltzen dituen sistema holistiko gisa ikusten da, helburu komunikatibo desberdinetarako behar bezala erabilia. Baliagarria izan daiteke, beraz, hizkuntza ezberdinak ikasteko eta, era berean, hezkuntzako askotariko edukiak hizkuntza batean baino gehiagotan ulertu eta landu ahal izateko.

Tedick-ek hizkuntza gutxituek hizkuntza nagusiekin talka egiten duten gizarteak izan zituen hizpide batik bat, AEBetakoa edo Euskal Herrikoa, kasurako. «Haurrek beraien etxeko hizkuntzak ekartzen dituzte eskolara, askotan hizkuntza gutxituak direnak, eta sarritan ez dute hezkuntza elebidunik jasotzen. Beren jatorrizko hizkuntza galtzen dute gutxika, ingelesa lehenesten delako», aipatu zuen.

Horri konponbidea emateko, «irakasleek animatu behar dituzte ikasleak beraien hizkuntza-errepertorio osoa erabiltzera. Ikasleek ekartzen dituzten hizkuntza guztiei harrera egin nahi diegu», esan zuen.

Hala, eleaniztasuna landuko duen metodologia pedagogikoak hizkuntza gutxitu horiek ikasgeletan lekua izateko aukera zabalduko lukeela uste du Tedick-ek. Haatik, ohartarazpen bat egin zuen; izan ere, metodo hau oker aplikatuz gero, jada elebidunak diren ikasgeletan hizkuntza nagusiaren alde –ingelesa AEBetan, gaztelera eta frantsesa Euskal Herrian– egin dezakeelako haurren hizkuntza-joerak. «Ingelesa nagusi den testuinguruetan, gizarteko hizkuntza gisa duen estatusak zaildu egiten du hizkuntza gutxituetako ikasleek beraien ama-hizkuntzari eustea», zehaztu zuen.

Horregatik, suharki defendatu zuen translanguaging-a baliagarria izan daitekeela, baina betiere testuinguruari erreparatzen dion pedagogia osatu ostean aplikatzen bada. Hori, edo «translanguaging espontaneoa» bultzatzea; hots, ikasle eleaniztunek ezagutzen duten hizkuntza batetik bestera naturalki aldatzen duten prozesu hori errespetatu eta ez moztea.

Euskara babestu

Diane Tedick-ek bildutako ideiak gurera ekartzeko elkartu ziren mahai-inguruan Eli Arozena eta Eider Saragueta Dream ikertaldeko kideak, Inma Muñoa Ikastolen Elkarteko pedagogo espezialista eta Karmele Etxenagusia Durangoko Landako Eskolako irakaslea. Baina horren aurretik, Dream taldeko Durk Gorterrek EHUko ikertalde honen asmo nagusiak definitu zituen. «Batzuek sinesten dute hizkuntzak bereizi egin behar direla; guk sinesten dugu hizkuntzak bata bestearekin partekatu behar direla», esan zuen.

Bat egin zuen Tedick-ekin, esanez, translanguaging prozesua ikasgeletan txertatzeko tokian tokiko testuinguruari erreparatu behar zaiola, ez dadin izan euskara bezalako hizkuntza gutxitu baten kaltetan.

Ados agertu ziren mahai-inguruko lau emakumeak. «Euskararekin dugun erronkak testuinguru zabal bat kontuan izatea eskatzen du. Hizkuntzen arteko loturak laguntzen du hizkuntzen gaitasunak garatzen, baina euskarak eduki ditzakeen zailtasunak gainditzeko hizkuntza proiektu sendo baten beharra daukagu, eta, eskolak bakarrik ezin dio horri erantzun», agertu zuen Muñoak.

Landako Eskolan ikuspegi eleaniztuna txertatzen ari dira jada, eta horren balioa nabarmendu zuen Etxenagusiak, emaitza onak izan dituela esanez. Dena den, «marra gorriak» finkatu behar direla defendatu zuen. «Translanguaging pedagokikoa txertatu dugunean, argi izan dugu euskarak izan behar zuela ardatza».

Berdina aldarrikatu zuen Eider Saraguetak: «Ez dugu ulertzen hezkuntza sistema euskara ardatz izan gabe. Eskoletan garrantzitsua da ikasleek jakitea zein momentutan erabil ditzaketen hizkuntza bat baino gehiago, baina euskara soilik erabiliko den espazioak behar dira».

Gaztelera, frantses eta ingelesarekin nahastu bai, baina «euskara babestu» behar dela azpimarratu zuten hizlariek, eta hizkuntza aldaketa espontaneoei nahiz pedagogikoei mugak jartzen asmatu behar dela esan zuen Arozenak: «Translanguaging pedagogikoa erabili behar dugu soilik horren beharra dagoenean, ez helburu pedagogikorik gabe eta edukiarekin zerikusirik ez duen zerbaitetaz hitz egiteko. Hori mugatu behar da, ezin da edozein hizkuntza erabili edozein momentutan; beharra dagoela identifikatu behar da, xede-hizkuntza hobetzeko».