Oihane LARRETXEA
54. DURANGOKO AZOKA

JOAN-ETORRIA EGITEN DUEN BUMERANA

BESTE ALDEAN DAGOEN «HORRI» DEI EGITEN DIO LIBURUAK ZEIN DISKOAK. ETA «BESTE ALDEAN» DAGOEN HORREK BERAU ENTZUNEZ, IRAKURRIZ ERANTZUTEN DU. ETA HARREMAN IKUSEZIN HORI HARAGITZEN DA EGILEAK ETA JARRAITZAILEAK TOPO EGITEN DUTENEAN.

Egile kutuna non eta zein ordutan zegoen ondo ikasia zeramaten zaleek, liburu zein disko bat erostea beti baita gauza ederra, baina are ederragoa barruan mezu pertsonala badarama. Eta nahiz eta hasieran kosta egiten den barreratxo hori apurtzea, egilearengana hurbildu eta hitz batzuk esateko ausardia ateratzen denean une ederrak sortzen dira. Une horien bila, postuz postu ibili zen GARA atzo goizean Landakon, eta lan eta lan topatu zituen Harkaitz Cano idazlea eta Iñaki Holgado ilustratzailea, Karmele Jaio, Izaro eta Mikel Urdangarin musikariak eta Kirmen Uribe New Yorketik azokarako iritsi berritan, besteak beste.

Aintzane gernikarra da, baina Oñatin bizi da. Goiz-pasa gerturatu zen seme-alabekin, hauei kulturaren kontsumoa transmititzera bai, baina Jaio idazlea «bisitatzera» ere bai. «Lagun batek utzi zidan orain gutxi Karmele Jaioren ‘Ez naiz ni’ eta, egia esan, izugarri disfrutatu dut irakurraldiarekin. Horregatik etorri naiz zuzenean berarengana, bere azken eleberriaren bila», kontatu zigun zale honek.

Alboan zuen idazle gasteiztarra, “Aitaren etxea” (Elkar) liburuaren aleak bata bestearen atzetik sinatzen. Marimar, Juani, Ander, Aintzane bera eta Erminia izan ziren, besteak beste, hurbildu zitzaizkionak. Pozez hartu zituen. «Irakurlearekin harreman zuzena izatea berezia da, oso aukera gutxi izaten ditugu-eta beraien ahotik iritziak eta inpresioak entzuteko. Gainera, idazketa bera oso lan bakartia da. Momentu hauek –erantsi zuen– oso aberasgarriak dira, kasik irakurlearentzat baino gehiago, guretzat». Bere esanetan, idazleak «norbaitek irakurtzeko» idazten du, beste aldean dagoen «horrentzat», zerbait esnatu eta «sentiarazteko». Ez du izenik, ez aurpegi zehatzik, baina hor dago, hurrengo lanaren esperoan. «Zikloa beraiekin amaitzen da», esan zuen. Eta sortzen dutena bumeran baten moduan bueltatzen zaie atzokoa bezalako hitzorduetan.

Ideia horrekin bat zetorren Kirmen Uribe. Azken hamazazpi urteetan «isilean» idatzi dituen poemekin itzuli da. Bere ustez, poesiaren kasuan, irakurleak, irakurri ez ezik, idatzi egiten du. «Nik lerro batzuk baino ez ditut idazten, eta irakurlea da ondoren, horiek irakurtzean, lerro artean bilatu behar duena, unibertsoa osatu behar duena. Liburuak ez du inongo zentzurik irakurlerik gabe». Horiek gabe, beraz, ez dago amaitutako poemarik.

Kaleratu berri duen «17 segundo» (Susa) lanaz «ausarta eta gardena» dela esan zioten atzo zaleek. «Bereziki estimatzen ditut hitz hauek, zeren liburu honetan nire bizitza dago, gauza onak eta txarrak. Hustu egin naiz». Pozgarria dela bera bueltan ikustea; hori ere maiz errepikatu zioten. «Ditugun aukera txiki hauek aprobetxatzen ditut, gauza handirik esateko ez bada, gutxienez bere lana miresten dudala adierazteko», esan zuen irakurle batek.

Eta sinadura eta sinadura artean, ondarroarrak iragarri zuen bere hurrengo lana nobela izango dela, baina ezin, momentuz, gehiago esan…

Katea ez da eten

Izaro zaleekin jolasean dabilela dirudi. Musikariak datorren urtarrilaren 31n kaleratuko du azken lana eta oraingoz bi single aurreratu ditu. “Invierno a la vista” eta “Paris”. Ilarak hor ere atzo berarekin tartetxo bat egiteko. «Pazientziarik ez duen zaleak jai dauka zurekin…». «Gauzak apurka ematen direnean hobeto barneratzen direla iruditzen zait», azaldu zuen. Presarik ez du Izarok, nahiz azken urte gutxian lan mordoa egin. Horregatik disko berriaren ostean «atseden luzea» hartuko duela iragarri zion GARAri. «Zukutu ditut limoi guztiak eta denbora hartu nahi dut, gero ideia eta asmo berriekin bueltatzeko». Gertatzen ari zaionaz patxadaz gozatu nahi du, baina bitartean ez da agertokietatik urrun ibiliko. «Kursaalen elkar ikusiko al dugu?», galdegin zion zale batek. Agudo ibili beharko du, Izarok berak jakinarazi zionez, sarrerak ia agortuta baitaude.

Metro gutxira zebilen Mikel Urdangarin, perlatik asko duen “Hotza da NY is cold” biniloarekin. 1.000 ale baino ez dira editatu eta internet bidez eta azokan bertan bakarrik egongo da eskuragarri. Hantxe topatu genuen Iruñetik espresuki horretara gerturatu zen bikotea.

Halako istorioek hunkitzen dute sortzailea. «Kantuak egiten ditugu eta hegan doaz gero, beren bidea egiten dute jendearengana ailegatzeko. Bueltan etortzen direnean ikusten dugu katea ez dela eten», esan zuen.

Perlatik gertu ere Cano eta Hidalgoren sinadurak, idazlearen hitzei batu baitzitzaizkien ilustratzailearen marrazkiak. Unean eginak eta originalak, bakarrak. «Frantzian hemen baino gehiago egiten dut lan, eta han ohitura baino tradizioa da ia. Irakurleak marrazki bat espero du eta horrek are gehiago pertsonalizatzen dio irakurleari esku artean duen alea», kontatu zuen.

Javi gaztea zorioneko zegoen atzo. Zuzen-zuzenean joan zen Cano-Hidalgo tandemaren erakusmahaira. «Euskaraz ez dut oso ondo hitz egiten eta komikiak, nire zaletasuna, baliatzen ditut hizkuntza hobetzeko. Asko lagundu didate eta gaur ez nuen aukera galdu nahi», azaldu zuen.

Korrika alde egin zuen, lanera garaiz ailegatzeko. Besapean, ale pertsonalizatua.