Andoni ARABAOLAZA
BOULDERRA

Muturreko zailtasunean japoniarrak liderrak dira

Azken asteotako protagonistak honakoak dira: Dai Koyamada, Akira Waku, Ryuichi Murai eta Tomoa Narasaki. Lehen hiru espezialistak 8c+ mailako korapilo bana askatzeko gai izan dira, eta Narasakik 8b+ flash eran eskalatu du.

Kirol eskaladan ez bezala, boulderrean zailtasunaren bilakaerak erritmo oso ezberdinak eraman ditu. Askoz ere mantsoagoa dirudi gradu batetik bestera dagoen jauziak. Egun, maila gorena 9a da, eta munduan soilik bi proposamen daude. Bederatzigarren esfera zabaldu zuen atea Nulla Hukkataival izan zen. Duela hiru urte, finlandiarrak “Burden of dreams” blokearen korapilo guztiak askatu zituen, eta harentzat 9a proposatu zuen. Harrezkero, lehen lerroko espezialista batzuk saiatu dira, baina blokearen lehen errepikapena ez da iritsi.

Maila bereko beste proposamen bat Charles Albertek Fontainebleaun egin zuen. “No kopte only” izena jarri zion, baina frantziarraren sorkuntza-lan horri “astindu” txiki bat eman zioten. Lehen errepikapena heldu eta 8c+/9a gisa utzi zuten.

Boulderraren muturreko zailtasunarekin ari garenez, gehitu behar dugu egun 8c+ dela sendotuta dagoen maila gorena. Eta, hain justu, azken bolada honetan zailtasun horren zerrenda gehiago luzatu da.

Nahiz eta batzuentzat bitxia izan daitekeen, gradu hori eskalatu duten ia guztiak japoniarrak dira. Tartean, Dave Graham estatubatuarra sartu da “Hypotized minds” egin eta gero.

Eta japoniarrak aipatu ditugunez, hiru izen edo hiru protagonista aurkeztu behar ditugu: Dai Koyamada, Akira Waku eta Ryuichi Murai. Mendebaldekoentzat izen horiek arrotzak izan daitezke, baina horien ibilbidea ikusita lasai asko baiezta daiteke lehen lerroan daudela.

Koyamadari buruz ezer gutxi gehitu daiteke. Japoniako mito bat da. Are gehiago esan dezakegu: boulderrean historia egin du. Bada, 43 urteko espezialista hau ez da geldirik egoten. Zailtasunean jo eta su jardun bada ere, makina bat proposamen berri zabaltzen ditu.

Joan den astean, adibidez, “Sanctum” izeneko blokearen lehen igoera sinatu zuen. Shirakawan dagoen proposamen berri hori sabai bat da, eta haren inguruko xehetasun asko eman ez badira ere, Koyamadak aurreratu du “Sanctum” askatzeko hamabi saio behar izan dituela.

Aipatzekoa da ere bloke hori probatzen ari zela, eroriko baten ondorioz ukondoan min hartu zuela. Hala ere, eskalatzaile beterano horren asmoa ez zen bertan behera geratu, eta beste hainbat ekinaldiren ostean prozesu hori amaitzea erdietsi zuen.

“Sanctum”-en ezaugarriei dagokienez, Koyamadak esan du 8b+ mailako hamar mugimendu dituela, eta 7c graduko irteera gogorra. Oro har, japoniarrak dio mugimendu tekniko zein nahasiak dituela.

Bere ustetan, 8c+ da; hots, herrialde horretan maila bereko hirugarren proposamena izango litzateke. Gogora dezagun, Koyamadaren bigarren 8c+ dela; duela pare bat urte “Nayuta” eskalatu zuen.

“Sanctum” Japoniako hirugarren 8c+ izan bada, “United” bigarrena da. Hasieran, “Decided DSD” deitu zioten, baina izena aldatu diote. Koyamadaren jardun hori baino egun batzuk lehenago, Ryuichi Muraik aipatu dugun bloke horren lehena egin zuen. Mt. Mizukagiko xede hori biribiltzea lortu du, eta zailtasun horretan lehen aldiz muturra sartu du: «Pozarren nago eginiko lanarekin; izan ere, den-dena primeran atera da. Azken saioan, gainera, tenperatura perfektua zen, eta uste dut eskalada bikaina egin nuela. Irteera ez zegoen batere egonkor, baina handik irtetea lortu nuen. Nire ibilbidean beste urrats bat egin dut; orain, maila bat gorago nago».

Bloke horri dagokionez, aurreratu behar dugu “Decided” (8b+) blokeari beste bost mugimendu gehitu dizkiola. Berez, boulder hori zutik hasita iragan apirilean poltsikoratu zuen. Orain, berriz, bost mugimendu horiek (eserita hasita) gehitu eta uste du 8c+ dela.

Murai Koyamada baino gazteagoa da, baina bere curriculumari begiratzen badiogu konturatuko gara oparoa dela oso. Kosta egin zaio 8c+ mailan sartzea, batez ere aldez aurretik egin zituen 8c graduko hamar blokeak kontuan hartzen baditugu. Bai, sendo zebilen maila horretan, eta azken “opariarekin”, “United”-ekin, plus bat gehitu dio bere ibilbideari.

Gogoratu behar da 8c graduko bere bilduma duela lau urte hasi zuela. Alabaina, jardun horietan iaz etena egin zuen. Arroka utzi eta lehiaketen aldeko apustua egin zuen. Heldu den urteko Olinpiar Jokoak zituen buruan, eta txartel bat eskuratzeko Boulderreko Munduko Kopan hartu zuen parte. Emaitza txukunak erdietsi zituen, baina amets horrek ihes egin zion. Arrokara berriro itzuli zen, eta duela hilabete batzuk “The Game” (Boulder Canyon) egin eta gero, “United” iritsi da.

Hirugarren bat

Hirugarren prostagonista japoniarra, Waku, oso sasoiko dagoen beste beterano bat da. 48 urte ditu, eta “Hydrangea”-ren bigarren igoera sinatu berri du. Era horretan, bloke horren zailtasuna sendotuta geratu da. Berez, 8c zen, baina giltza zen helduleku bat hautsi eta gogorrago geratu zen. 8c+ proposamena egin zuena Shnichiro Nomura izan zen.

Blokearen helduleku hori puskatu baino lehen munduko gogorrenetarikoa zen. Koyamadaren sinadura darama. Lehen igoera egin eta 8c/+ gisa aurkeztu zuen. 2005. urtea zen, eta zortzi urte beranduago, Woodsen eskutik, lehen errepikapena iritsi zen. Estatubatuarrak 8c mailan utzi zuen, eta ondorengo errepikatzaileak (Motochika Nagao, Sachi Amma eta Murai) iritzi berekoak dira.

2016. urtean, berriz, Nomurak “Hidrangea” berriaren lehen igoera eskuratu zuen. Eta bigarrena Wakurena izan da.

Amaitzeko, beste espezialista japoniar bat ekarri behar dugu lerrootara. Ez du 8c+ mailako bloke bat egin; bai, ordea, 8b+ flash eran. Tomoa Narasaki da, eta estilo horretan eskalatu duen blokeak “Decided” du izena. Bai, arestian aipatu dugun Mt. Mizugakiko korapilo hori.

Lerrootako bere kideek ez bezala, arrokan ez du eskarmentu handirik. Bere izenak lehiaketekin harreman estua du. Lasai asko esan dezakegu egun dagoen lehiakide sasoikoena dela. Japonian antolatu dituzten Olinpiar Jokoetarako lehen txartela eskuratu duen eskalatzailea dugu. Eta hori duela hilabete batzuk jokatutako Munduko Txapelketan lortu zuen; overallean, hain zuzen ere. Urrezko domina lortu zuen, baina ez da etxera eraman duen goi mailako titulu bakarra. Inolako zalantzarik gabe, hitzordu olinpiko horretan garaipena eskuratzeko faborito nagusietariko bat da.

Narasakik argi utzi du lehietan duen indarra ondo baino hobeto bideratu duela arrokara. “Decided” flash eran eskalatu du, eta hori ez dago edonoren esku. Estilo horretan zailtasun hori egin duen seigarren eskalatzailea da.

Woods izan zen “talde” horretan sartu zen lehena. Duela zortzi urte, “Entingle” igo zuen. Atea zabalik zegoen. Ondoren, beste honako lau eskalatzaile batu ziren: Ondra (“Jade”), James Webb (“The globalist”), Ned Feehally (“Trust issues”) eta Jakob Schubert (“Catalan witness the fitness”).