Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Elkarrizketa argigarriak

Elkarrizketa argigarriak edonon, edonoiz, sortzen dira, baina ez edozeinekin. Elkarrizketa argigarriak jende argiarekin gertatzen dira, alegia, esna dagoenarekin, begirada kritikoa duenarekin, nineukeria alde batera utzita enpatia-elkartasuna-kolektibitatea oinarri bizi denarekin. Horietako bat da bizitzak opari egin didan Fernando laguna, homosexual berantiar baina konbentzitua, genero-dibertsitate ikertzaile eta ekintzaile nekaezina, feminista, internazionalista eta pertsona dibertigarri, interesgarri eta maitagarri bezain ondratua, tranparik gabea. Harekin, has zaitezke hizketan txakurren estres-arazoei buruz, hortik igaro belaunaldi batzuen eta besteen depresio-iturrietara eta batzuek eta besteek haiei heltzeko moduetara, eta heldu gero, jauzi erabat naturalean, behin gauzen kontzientzia hartuta nahitaez hartu beharreko erabakietara, jokabideei zein ingurukoei dagokienez, behin gauzen kontzientzia hartuta ezinezkoa baita denak eta denekin berdin jarraitzea.

Harekin, amai zenezake edozein pasiera pentsatzen norberaren bilakaera, norberaren bilaketa, norberaren borrokak, norbere buruarekiko koherentzia… ez direla autolaguntza-eskuliburuetako kontzeptu potoloak besterik ez, baizik eta errealitate sendoak, eta eraldatzaileak; pentsatzen, egiaztatzen, norberaren eta nor bere sekula ez daudela besterengandik eta horiek guztiek geurekin batera osatzen duten gizartetik aparte. Amai zenezake pasiera ostean nekatuta, baina zoriontsu asko, pentsatzen umorea gai guztietan dagoela, are kontzeptu transzendentaletan ere, besteren gainetik bizitza maite duen jende ireki eta zintzoarekin, bizitzaz honezkero bizpahiru gauza dakienarekin, egonez gero.

Zoriontsu jartzen nau pentsatzeak zenbat jende ari den, une honetan, halako elkarrizketa biziak eta kritikoak izaten, bi, bost, hogeita bost lagunen artean, jorratzen ikuspegi pertsonal nahiz kolektibo kritikoa, borrokalari sanoa, bizi gaituzten garai eta jendarteaz, horren erdian beren buruaz, lagunen bizitzaz, maite dituztenen ongizateaz. Zoriontsu jartzen nau egiaztatzeak elkarrizketa horien guztien sarea denontzako justizia bera ere, horra kontzeptu potolo bezain ikusezina, eraldatzen hasia dela, hasi goren-gorenaren jurisprudentzia jakin batetik eta, jauzi erabat koherentean, beheranzko bidean. Gauzen kontzientzia hartutakoan… ezinezkoa baita denak berdin jarraitzea, hots, lehengo neurri beraren arabera epaitzea. Dagoeneko onartezina da.