Ane URKIRI ANSOLA
MUTRIKU
Elkarrizketa
ANDONI BASTERRETXEA
DELIRIUM TREMENS TALDEKO ABESLARIA

«Guk ez geneukan aberastasuna eta indarra eman zion Iñigok taldeari»

Iñigo Muguruzaren omenezko kontzertua jasoko du Bilboko Kafe Antzokiak bihar, musikariak 55 urte beteko zituen egunean. Kartel sendoa osatzen duten taldeak batuko dira eta horien artean aurkitzen da Delirium Tremens. 28 urte beranduago taula gainera igoko dira, elkarrekin, Andoni Basterretxea, Juan Jose Iurrita «Txufu» eta Patxi Irisarri; Iñigoren omenez, «Ikusi» diskoko kantuak abestera. Mutrikuko Rock Kolektiboaren lokalean, entsegu baten bukaeran, aurkitu ditugu hirurak, soinu indartsua mantentzen dute. Taldeko abeslaria luze eta patxadaz mintzatu da GARArekin.

Mutrikuko Kiñu taberna paretik igaro dira Delirium Tremenseko taldekideak. Orain gazteen txoko bilakatu da. «Hemen jo genuen gure lehen kontzertua», dio Txufuk, entsegua bukatu ostean. Milaka oroitzapen –batzuk beste batzuk baino argiago, tartean eztabaidak sortuz– azaleratu dituzte. Une haietan sare sozialik ez egotea ere eskertzen dute. 20 eta 26 urte bitarte zituztela iraun zuen Delirium Tremensek: «Pertsonalki asko suposatzen du, ezin duzu gainetik kendu. Bizitza gehien bizitzen duzun adinean gertatu zitzaigun. Atzera begiratu eta urte oso onak izan zirela pentsatzen dut», aitortu du Basterretxeak.

Urtero batzen dira taldearen partaide guztiak bazkari bat egiteko. «Bide batez, aurten berandu gabiltza eta Iñigo faltako da aspaldiko partez», dio Basterretxeak. Duela hilabete pasatxo elkartu ziren entseatzeko, Iñigo Muguruzaren omenezko kontzertua ganoraz prestatzeko. «Giro onean» eta «disfrutatzen» ari dira. Motibatu ere egin dira, «pixka bat baino gehiago». Ohartu dira igande goizak eta rock entseguak ezin direla uztartu. «Ondo pasatzeko eguna izango da abenduaren 17a». Gintonic bat eskuan eta entsegu baten ondoren, pausatuz mintzo da abeslari mutrikuarra.

28 urte Delirium Tremens talde gisa agertokira igo gabe.

Nahiko ondo jotzen badugu, jendearen tripak mugituko ditugu. Normala da. Espero dugu jendeari hori eskaintzea. Ea tripak ederki mugitzen dizkiegun eta guk ere ondo pasatzen dugun. Aspaldiko partez itzuli eta behin bakarrik jo behar horrek presioa eragiten du; tentsioa daukazu ondo jo behar duzulako, bai edo bai. Denbora luzez prestatzen aritu izan bagina, konfiantza gehiagorekin joango ginateke. Momentuz, oso lasai nago. Ea taula gainean ez duen ezerk huts egiten!

Zenbat abesti jo behar dituzue?

Lau kantu jotzeko asmoa daukagu. Hiru erabakita ditugu, baina hobe ez esatea. Sorpresa.

Mutrikuko Rock Kolektiboaren (MRK) lokalean zaudete entseatzen. Zergatik bertan?

Logika hutsagatik. Herriko musika taldeei aukera bat eskaintzeko dago MRK, behar duenak bere lanak prestatzeko. Kasu honetan, gu gaude. Aspaldiko partez batu gara eta lokal bat behar dugu entseatzeko. Oso ondo daude entsegu-gelak, herrian bertan dago, herriko gainontzeko taldeekin konpondu gara ordutegietan, eta kitto. Hemendik, eskerrak MRK-ko lagun guztiei!

Sarrera guztiak agortu ziren minutu batzuen buruan. 400-500 pertsona artean jasoko ditu Kafe Antzokiak. Jendeak erantzun du.

Bagenekien. Iñigok talde askotan jo zuen, jende piloa ezagutzen zuen. Kartela polita da. Zoritxarrez, Kafe Antzokiak leku txikia du kontzertuetarako eta ikusita zegoen sarrerak segituan agortuko zirela. Denok gelditu gara penaz. Guri ere, talde moduan, gustatuko litzaiguke jende gehiago etortzea lagunak ikustera. Bakoitzak gonbidapen gutxi ditugu banatzeko. Gu ere ibili ginen ordenagailu parean sarrerak erosi nahian eta ez genuen ezer lortu.

Iñigo Muguruza talde askotan aritu zen. Delirium Tremens-en kasuan, zer eman zion?

Guk ez geneukan aberastasuna eta indarra eman zion. Gu beti izan ginen hiru: gitarra, baxua eta bateria. Jakitun ginen teknikoki nahiko mugatuta geundela. Nik neure modura egiten nituen kantuak. Iñigo bezalako musikari batek beste distira bat, beste kolore bat, ematen zien abestiei.

Nola batu zen Iñigo Muguruza taldera?

Kortaturekin jotzen zuen Iñigok eta bazuten abesti bat, “AEK-ko beteranoak”. Lehenengo aldiz aditu nuenean, segituan ohartu nintzen gitarrista ez zela Fermin. Ondoren, beraiekin nahiko aldiz jo genuen. Beraien agur kontzertuan gu izan ginen talde gonbidatua. Iñigori jotzen ikusterakoan, flipatu egiten nuen. Asko gustatzen zitzaidan. Txufuk eta nik argi genuen, “Ikusi” diskoa grabatu ondoren, beste norbait hartuko genuela. Mutrikun ere badaude gitarrista onak, baina gero kontua da nola moldatzen diren taldera. Sasoi horretan, “Ikusi” diskoa bukatzen geundela, Eibarko Hilbehera tabernan kointziditu genuen. Eta hor, une batetik bestera, oso sinple, galdetu genion ea gurera batu nahi zuen.

Lehenengoz gure entsegura etorri zenean, kantu guztiak zekizkien. Guk baino hobeto.

Ondoren, zuk berarekin kolaboratu duzu Joxe Ripiau taldean. Konexio bat sortu zen.

Bai. Delirium bukatu zenetik, urtero batu izan gara bazkari bat egiteko. Ez dugu ohiturarik galdu. Sagarroirekin Kubara joan nintzen eta Joxe Ripiaurako bi edo hiru diskotan parte hartzeko eskatu zidan. Nire ahotsaren tinbrea gustatzen zitzaion eta deitu egiten zidan.

Estilo oso desberdina da.

Bai, estiloz bai. Baina, esaterako, gu kontzertuetara Ruben Blades entzuten joaten ginen. Saltsa entzuten, imajinatu.

Iñigo Muguruza oso berritzailea izan da.

Berak gogoa zuen beste gauza batzuk egiteko, beste formatuekin probak egiteko. Joxe Ripiau sortu zuen, ripiao formatuan, güira, akordeoi eta baxuarekin. Oso polita zen. Gustuko nuen. Eta oraindik Mutrikun asko entzuten da Bare Bare, Zubiaram eta Zubixa tabernetan.

Baita Delirium Tremens ere.

Baita ere.

Orduko kantuak oraindik ere gustuko ditu jendeak.

Erantzun erraza dauka: materiala ganorazkoa da, kantak onak dira edo atenporalak dira.

«Batzuekin egon baino nahio, komuneko zulotik jausi eta kañuak ikuskatzen hasi». Nola sortzen da hau?

Dena beltz ikusten duzun une horietan, zaude leku batean baina ez zaude gustura inorekin, ez daukazu momentu ona. Jende askori gertatzen zaio. Batzuetan bakarrik zaude, baina hobeto zaude nahi ez duzun jendearekin edo nahi ez duzun lekuan egon baino. Eta jakin egin behar da bakarrik egoten, fase hori pasatzen. Lagunekin kalera irten baino, beste zirrikitu batzuk ireki eta ea hor zer gauza desberdin dauden ikusi.

Hala ere, ez duzu aipatuko nik nahi dudana. “Ezer ez da gertatzen” abestiaren kantua klima aldaketari buruzkoa da. Eta hori baino gaurkotasun gehiago duen kanturik ez dago.

Hau da, orain dela 30 urte klima aldaketari buruz hausnartzen zeunden.

Bai, ikusten zen. Badirudi pasa den astean idatzitakoa dela kantua. Hau ez dugu joko asteartean, hau Iñigorekin jotzen genuen eta “Ikusi” diskokoak joko ditugu oraingoan.

Zergatik?

Agertokian hiru egongo gara eta ez dugu faltan bota nahi Iñigok egiten zituen gauzak. Iñigo “Hiru aeroplano” diskoan batu zen eta kantu horiek ezin dira jo Iñigo gabe edo beste gitarristarik gabe; eta nik ez dut nahi beste inor alboan.

Taldea desagertu zenean, argi utzi zenuen. Ez zenuen nahi Txufu ez zen beste bateria jotzailerik. Erabaki ona izan zen?

Bai. Esaten zidaten beste norbait hartzeko baina hori betiko istorioa da. Agertoki gainean hiru pertsona ginen, baina jende gehiago mugitzen zen. Anjel, Txals –oso garrantzitsua (gidaria)– eta oso giro ona geneukan. Egun guztia pasatzen duzu jende berdinarekin. Bat-batean, egun batetik bestera, gidari eta bateria gabe geratzea, ez zen erraza niretzat. Bazkari batean esan zidaten, kolpean. Furgoneta gidaririk gabe geratzea tira, bai, mintzen zaitu, baina agertoki gainean atzera begiratu eta Txufu ez egotea ba... Hori ez litzateke Delirium izango.

Ibilbide motza izan zen.

Atzera begiratuta, ibilbidea oso motza izan zen. Sei urte gutxi da talde batentzat. Gainera, une polit batean geunden. Era berean, hori da onena. Guk amaitu genuen bezala amaitzea luxu bat da. Ez genuen utzi haserretuta. Azkenengo kontzertuan, beti bezala, kamerinoan batu, topa egin, onenak ginela esan eta bakoitzak berera jarraitu zuen. Eta urtero gogotsu batu izan gara bazkariren bat egiteko.

Sekula atera da berriz batzeko proposamenik?

Ez, sekula ez. Duela hamar bat urte ia-ia itzuli ginen, baina gauza altruista batengatik. Patxiren lagun elbarri baten omenez. Bakoitzaren lanak tarteko, ez ginela iristen ikusi genuen. Baina, bestela, sekula ez. Hasierako urteetan asko deitzen ziguten eta dirua ez zen arazoa.

Orain barrutik atera zaizue.

Bai. Egia da 28 urte hauetan beti eduki izan dudala Delirium Tremens gisa berriro jotzeko grina. Faltan bota dut. Mila aldiz eskatu izan digute batzeko eta pare bat aldiz diru kantitate ederrarekin. Baina argi genuen ezinezkoa zela. Ez ditugu 24 urte. Zaila da. Kasu hau ezberdina da. Bi hilabete entseatu eta Iñigoren omenaldian joko dugu. Hasieratik erabaki genuen baiezkoa.

Azken urteetan musikarien itzulerak ikusi ditugu, La Polla Records kasu. Zuena revival motz bat izango da.

Hasiera batean ez nuen argi nola izango zen. Nik buruan nuen “Laino ilunak” abestiaren bertsio bat ukelelearekin jotzea, Mikel Laboaren kantu bat ere gogoan nuen eta baita, “La vida de Brian” filmeko azken kantua, Monty Pyton-ena. Honekin bukatzen genituen gure kontzertuak eta badakit Iñigori asko gustatzen zitzaiola. Txufu eta Patxirekin adostutakoan, orduan hasi zen zer eta nola jo erabakitzeko prozesua. Horren arabera, izen bat edo beste bat jarri behar duzulako kartelean. Bertsio batzuk joz gero, ba “D.T.”, “Andoni Delirium eta konpainia” edo halako zerbait. Ausardiaz, erabaki genuen Delirium Tremens jartzea. Eta ederki gaude pasatzen. Iñigoren omenez, zeren eta lehen beti haserretzen ginen Txufu eta ni.

Iñigo lehenengo aldiz Mutrikura entseatzera etorri zenean harrituta geratu zen. Lehenengo bi entseguetan begiratzen zigun guri, ondoren Patxiri honek esaten zion normala zela (barrezka). Beti geneukan zerbait entseguetan. Gero kalean lagunak ginen, ahaztu egiten ginen.

Orain, jomuga bezala jarri genuen ez ginela haserretuko. Oraindik ez gara haserretu.

Askotariko lanak egin behar izan zenituzten tresnak lortzeko. Arrantzale izan zinen urte batzuetan. Hortik etorri dira inspirazio iturri handienak?

Zerikusi handia du. Hiru urte egon nintzen, 16 eta 19 urte bitartean, asko markatzen zaituen garaian. Nerabezaro bete-betean. Niretzat ez zen gogorra hegaluzearen kanpaina, bizimodu ona zela esaten nuen. Kanabera bota eta ez bazenuen harrapatzen, gora. Antxoa sasoia gogorragoa zen: sarea bota eta arrainik ez bazegoen ere, hori guztia jaso egin behar zenuen. Hegaluzearen kanpainako gauzarik eskasena da uda guztia igarotzen duzula kanpoan. Kaitik ateratzen ginen, moila zahar eta moila berri artetik, eta han ikusten zenituen “Danbor” puntan lagunak, bainujantzian, agurtzen. Eta zu itsasora. Horregatik, itsasoko inspirazioa argi ikusten da kantu batzuetan.

Esanda daukazu lau akorde jo eta kantuak egiten bakarrik dakizula.

Kantu bat egiteko ikusita dago bi akorderekin nahikoa dela. Kantu bat egiteko ez zara izan behar instrumentuaren bertutetsu bat. Sekula ez naiz sentitu musikari.

Zer izan zara?

Artista. Askotan eduki ditut eztabaidak honen kontura. Nik nola esango dut musikari bat naizela ez badakit pentagrama bat irakurtzen edo idazten? Taldeko musikari bakarra Iñigo izan zen. Ni artista naiz. Zer da artista bat? Zerbait sortzen duena. Izan daiteke paisaia batetik koadro bat egiten duena ere. Beharbada ez du jakingo erretratu bat egiten; ez da pintorea, alegia. Orkestretan jotzen duten musikari gehienak ez dira artistak. Oso musikari onak dira, baina ez dute ezer sortzailetik.

Begirada behera zuzentzen duzu agertokian. Gustatzen zaizu taula gainera igotzea?

Noski. Nire jarrera da hori. Ni neu, barnean, oso ondo nago pasatzen. Bestela ez nuen hori egingo. Agertokian ongi ez pasatzea pena bat da eta arazo bat da. Zer nahi dute, famatu izan edo aberastu?

Zuk zer nahi zenuen?

Aberastu. Delirium Tremens amaitu eta nik gitarra bat, anplifikadore bat eta kontu korrontean zorrak nituen. Ez nuen besterik. Ederki pasatu nituen sei urte horiek; baina ondoren, ezer ez. Ezer ez, baina garai ederra pasatu ostean.

Arrakasta izan duzuela sentitu duzue?

Bai. Azken bi urteetan lokal handiak betetzen genituen. Gure izena beste talde handien letra tamainarekin jartzen zuten karteletan. Eta horrek zerbait esan nahi du. Ondo jotzen genuen. Gure kantuak bagenekizkien eta, gure mugekin, egiten genuena ondo egiten genuen. Soinu indartsua egiten genuen eta hori zen gure helburua. Lortu genuen. Hor dago Bilboko zuzeneko kontzertuko diskoa. Inolako nahasterik egin gabe grabatua da. Aspaldiko partez entzun dut egunotan eta sumatzen da nahiko dezente jotzen genuela.