Final hutsak baino gehiago
Xistera Zirkuituko txapeldunak larunbatean erabaki ziren Markinan, egun osoko pilotaren jai jendetsuan.
Xistera proiektua zesta-puntari bultzada emateko egiten ari den lan mardularen adibide ona izan ziren larunbatean Markinan jokatu ziren Xistera Zirkuituko finalak. Izan ere, maila nagusietako txapelak erabakitzeaz gain, egun osoko pilota jai jendetsua antolatu zuten inguruko beste herri batzuekin batera.
Goizean umeekin jardunaldiak izan ziren, esaterako, Etxebarrian eta Berriatuan ere, eta denek batera Uni pilotalekuan bazkaldu ostean, finalak bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten gaztetxoek. Gainera, gogoratu behar da aurrena jokatu zen finala emakumezkoena izan zela, nesken artean zesta-punta ezagutarazi eta indartzea baita proiektuaren ardatzetako bat.
Emakumezkoen final horretan, Merino eta Lizardi izan ziren garaileak, Aldazabal eta Calvori 0-2 irabazita. Lehen jokoan, zortzinako berdinketara arte, gauzak estu joan ziren, baina hortik aurrera atzean Lizardik agindu egin zuen eta aurrean Merinok tantoak primeran amaitu, 10-15 nagusitu arte. Bigarren jokoan gauzak estuago joan ziren, baina urdinek errenta txiki bat hartu zuten, eta hori kudeatzen primeran jakin zuten 13-15 garaipena lortzeko.
Ondoren, gizonezkoen Bigarren Mailako finalaren txanda izan zen, eta hor Vidal-Atain II.a izan ziren txapeldunak Ibañez eta Olazagazti 0-2 menderatuz. Lehen jokoan berdinketa batzuk izan ziren hasieran, baina azken txanpan ihes egin zuten markagailuan 10-15 irabazteko.
Bigarren jokoan, aldiz, Vidal eta Atainek alde nabarmena hartu zuten jokoaren erdialdera (5-10). Neurketak erabakita zirudienean, ordea, urdinek pilota batzuk galdu zituzten eta gorriei jokoan sartzeko balio izan zien, nahiz eta amaieran gorriek ez zuten barkatu 11-15 irabazi eta txapela janzteko.
Antxon-Goixerri, maila nagusian
Eta azkenik eguneko plater nagusia iritsi zen, Lehen Mailako finala Antxon-Goixerri eta Gonzalez-Manci bikoteen artean. Lehen jokoan urdinak bikain hasi eta 1-5 aurreratu ziren, baina gorriak jokoan sartzen joan ahala emaitza asko estutu zen. Emozioa erabatekoa zen 13nako berdinketarekin, baina une erabakigarrian Antxonek eta Goixerrik bi tanto egin eta 15-13 irabazi zuten lehen puntua eskuratzeko.
Bigarren jokoan ere gauzak estu hasi ziren, baina seinako berdinketaren ostean gorriek tarte polita ireki zuten (11-6, 12-7 eta 13-9). Urdinek 14-13 gerturatzea lortu zuten, lehiari berriz ere emozioa emanez, baina azken tantoa gorriena izan zen.