Herri kirol proba ugari jokatuko dira urtearen amaieran

Urteari amaiera emateko, jarduera ugari antolatu dira egunotan Euskal Herriko zenbait tokitan. Berangon, adibidez, asto probak izango dira bihar eta etzi, 21.00etan. Urrola, Trazola eta Laskituerrota izango dira bihar neurtuko direnak. Hilaren 28an, larunbatean, beste hiru: Torrontegi Eraikuntza, Unai eta Urrutikoetxea anaiak.
Bestalde, Kortezubin, igandean, idi probak izango dira 12.00etan; Pisu Libreko Bizkaiko Txapelketa jokatuko da. Jon Lacruz, Bikarregi eta Txapasen idiek hartuko dute parte eta sarrera librea izango da. Egun berean, Gatikan, idi apustua jokatuko da 19.00etan. Ainhoa Iketza Markinakoa eta Lebene Gatikakoa. 4.000 euro egongo dira jokoan.
Elgoibarren Uztarri Motzeko Gabon Saria jokatuko da larunbatean, 22.00etan. Uztarri bakarrekoa izaten da, hau da, abere bakarrekoa. Sigmako probalekuan izango da. Altzubarrenek, Isidro Erretegiak, Lopategik eta Patxi Illarretak hartuko dute parte. Idia 600 kilotan sartu behar da eta harria 1.100 kilokoa izango da.
Deban Urteberriko Probak izango dira. Ospe handia izan dute probok, eta oraindik ez urrun egun askotan izaten ziren. Orain hiru egunera mugatu dira. Lehenbizikoa, urtarrilaren 1ean, Urteberri egunean. 19.00etan Julian Subiñas, Bizkiak eta Soarte anaien uztarriak plazaratuko dira. Hilaren 4an, 19.00etan, Iñaki Oliden, Garagartza elkartea, Soarte anaiak eta Unai Elorrieta lehiatuko dira. Azkenik, urtarrilaren 7an, 21.00etan, Ipinarrieta, Izeta, Bizkakiak eta Garagartze Elkartea ariko dira lehian.
Gaur, Zestoako urteroko ospakizunei segida emanez, pentatloia izango da. Frontoian, pilota partiduak bukatzen direnean, bi bikoteren arteko neurketa izango da. Harri jasotzen, aizkoran, txinga eroaten, trontzan eta korrika ariko dira nor baino nor. Bikoteetako bat Luis Txapartegi eta Jagoba Otaegik osatuko dute, eta, bestea, Xabier Orbegozo Arria V.a eta Xabier Zalduak.

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

«Están naciendo niños cuyo abuelo está en la cárcel, esto no es normal»

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko
