Hitzen paradisuan
Saiakeraren “Sarbidean” Anjel Lertxundik azaltzen du zein den kultur sistemaren eraketan itzulpen literarioaren lekua eta baita zer gordetzen duen liburuak ere, literaturazaleei dagoela zuzenduta, bereziki, jatorriz beste hizkuntza batean idatzitako obrak euskaraz irakurtzeko prest daudenei. Hizkuntzaren eta literaturaren inguruko gogoeta mamitsuak zabaltzen dira liburuan, alabaina, idazlea ez dago bakarrik, bere ahotsa etengabe entzuteak lekarkeen monotonia saihesteko edo kutsu fikzionala testuari eskaintzeko asmoz, zenbait sarreratan Berbelitzen testigantza dugu –sarrerak diot, alfabetikoki antolatuta dagoen hizkuntzari egindako omenaldi honek hiztegi itxura duelako–. Berbelitz Lertxundik asmatutako pertsonaia itzultzailea da, idazlearen alter egoa, sorkuntza prozesua edo bitxikeriak irakurlearekin partekatzen dituena.
Badakit «humanista» hitzak esanahi ugari eta printzipio anitz hartzen dituela, baina, Lertxundiren azken lanak ezaugarritzen dituzten joera eta estiloa direla eta, erraz identifikatzen dira haietako asko. Idazleak ahoan darama pentsamendu grekolatinoa eta hortik edaten du, hizkuntzaren gorazarrea aldarrikatuz; izan ere, liburuko ia hari guztiek hizkuntzarekin zerikusia daukate. Lengoaiaren erabilera, literatura bere(i)zi egiten duten hitzen jolas miresgarria eta «hitza artistikoki lantzea», hots, literatura orekatzailea beti erdigunean. Ezjakintasunetik ausartuko nintzateke esatera sarritan hausnarketak hizkuntzaren filosofiara hurbiltzen direla, haiengatik jada merezi du Lertxundiren liburua irakurtzea, euskararekiko pasioa transmititzeaz gain, giza esperientzietan hizkuntzek daukaten tamaina eta, alderantziz, giza esperientziek nola eragiten dituzten hizkuntzak ere nabarmentzen da. Tenka horretan, itzultzaileek hitzen tonua eta musikaltasuna betikotzen dituzte hizkuntzatik hizkuntzara, literaturatik literaturara; argi eta garbi, metalengoaiaren gurpil zoroan eta zoragarrian sartzen gaitu Lertxundik, itzultzaileekin batera hitzen erakargarritasun hipnotikoan.
Badago beste kontu bat, Lertxundiren testua gidari nire jakin-mina piztu duena. Idazleak erreferentzia aberasgarri eta oparoak aipatzen ditu eta beste hizkuntzetatik euskaratuen izenburuak haren biblioteka pertsonalarekin nahasten dira. Horren harira, aspalditik kanonaren auzia darabilt buruan, eta saiakera lagungarria izan da kezkatzeko arrazoiak badaudela egiaztatzeko, sistema literarioan, Mendebaldeko tradizioa oinarri, sortutako kanona guztiz hegemonikoa baita, gizonek eraikitakoa gizonezko idazleen neurrira. Saiakerako aipuek, izenburuek eta izenek proba paregabea eskaintzen digute eta, jakingurak harrapatuta, EIZIEn (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) konprobatu dut Literatura Unibertsaleko katalogoan 177 idazletik 22 besterik ez direla emakumezkoak. Unibertsalak kanonikoa denari egiten dio erreferentzia eta datuek agerian uzten dute kanonak eta boterearen eremuak (ideologia menperatzaileak) bat egiten dutela, lotura honengatik besterik ez bada ere, kanona ezbaian jarri beharko litzateke. Testuinguru kulturalean literaturaren zeregina azpimarratzen du Lertxundik eta itzulpenak ezinbestekoak direla sistema literario osasuntsu eta garatu bat lortzeko; ondorioz, itzulpenek kanona berridazteko aukera ematen digutelakoan nago. Literatura arloan daukagun egoera irauli nahi badugu, itzulpengintzak bitartekari lana egin lezake tradizioak emakumezko idazleei ukatu dien lekua bereganatuz; horretarako, sistemako eragile guztiak elkarlanean aritu beharko lirateke, bitartean, liburuak dioen bezala, «esperoan segitzen dugu».