Jon ORMAZABAL
PILOTA

Beste garai bateko erronka Danel Elezkanorentzat

Bikuña lagun, hirukote baten aurka –Peio Etxeberria, Dario eta Tolosa– arituko da Zaratamokoa hilaren 19an

Binakakotik kanpo utzi eta gero, Danel Elezkano enpresako partidetan ematen ari den maila izugarria buruhauste bihurtzen ari da Aspeko intendenteentzat. Onenen arteko lehietatik kanpo, Peio Etxeberriaren aurka programatu dute Zaratamokoa bere azken bost partidetan eta denak irabazi ditu, azken biak erraz samar gainera; Pedro Ruizekin 18-5 Peio Etxeberria eta Tolosaren aurka astelehenean Eibarren, eta Erostarberekin 18-6 Zenotzekoa eta Bikuñaren aurka abenduaren 27an Tolosan.

«Hori dakar plantilan lehen mailako pilotariak eta etorkizuneko izarrak bakarrik izatearen politikak. Ezin dituzu elkarren artean nahastu aldea itzela delako», aipatu zuen bere sare sozialetan Fernando Goñi pilotari ohiak Elezkanoren azken partida amaitu berritan, eta bere enpresa izan zenak arrazoia eman zion ordu gutxiren buruan, Elezkanorentzat beste garai batekoa dirudien partida bat prestatuz urtarrilaren 19rako Eibarko Astelenan. Bikuña lagun duela, Peio Etxeberria bera, Dario eta Tolosaren aurka arituko dira, Jaka-Zabaleta eta Altuna III.a-Galarzaren arteko txapelketako partidaren osagarri gisa.

Galdutako ohitura

Partidaren berri emateko oharrean, Aspek dio akordatu ere ez direla egiten noiz jokatu zen azkenekoz halako partida bat eta guk topatu dugun azkenengoa 2007ko abuztuaren 7koa da. Gasteizko Ogetan, Oinatz Bengoetxeak eta Patxi Ruizek 22-19 irabazi zieten Arretxe II.a-Apezetxea eta Zubietari. Berez, partida honetan Juan Martinez de Irujo zen jokatzekoa bikoteko aurrelari gisa, baina ezin izan zuen aritu lesio baten erruz.

2006an ere beste bikote eta hirukote baten arteko beste bi partidarekin ere egin dugu topo, bietan ere bikotea garaile irten zelarik; Olaizola II.a-Beloki 22-14 nagusitu ziren Arretxe II.a-Retegi Bi eta Errastiren aurrean uztailean Labriten, sanferminetako feriaren barruan, eta sanmateoetan Titin III.a-Otxandorenak 22-13 irabazi zieten Galarza V.a-Arbizu eta Naldari.

Gaur egun erabat ezohiko partidak diren arren, garai batean nahikoa arruntak ziren halako desafioak. Esaterako, sonatuak izan ziren orain urtebete zendu zen Miguel Gallastegik jokatutakoak, bikotean hirukotearen aurka, baita bakarka bikotearen aurkakoak ere; azken hauetako 54 jokatu omen zituen, 41 garaipen eta 13 porrot lortuta. Horren atzera joan gabe, 70eko hamarkadan ere, frontoira joateko txapelketaren beharrik ez zegoenean, sarri jokatzen ziren horrelako partidak.

Are gehiago, Alberto Juaristi, Atano XII.ak gogoan du behin Zarauzko Zineman nola jokatu zituen bi partida, tartean lesiorik izan gabe. Lehenengo Ladutxe eta Bernarekin hirukotea osatuz Alustiza eta Zezeagaren aurka eta berotu beharrik gabe, beste norgehiagoka bat jokatu zuen jarraian bi biren aurka.

Lau garaipenetik hiru Asperentzat

Saiatu ziren Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea batera jarriz, baina momentuz azken urte eta txapelketetan Aspeko pilotariak izaten ari diren bolada ona eteterik ez du lortu Baikok. Txapelketako lehen itzulia jokatuta, Eibarko enpresako profesionalek esne mamitan jarraitzen dute eta lehen lau postuetan hiru dira euren bikoteak; partida bakarra galdu duten Jaka-Zabaleta, bost partida jarraian irabazi dituzten Altuna III.a-Galarza eta Ezkurdia-Martija.

Euren enpresako aurkari guztien aurkako partidak irabazi dituzten Artola-Imaz dira lau onenen artean sartu diren bakarrak, nahiz eta joko sistemaren aldaketarekin, bi lehenak baino ez diren hurrengo faserako txartela lortuko dutenak. Baina esanguratsua da oso bi enpresetako bikoteak elkarren aurka aritu diren 16 partidetatik 12 Aspeko bikoteek irabazi dituztela. Jardunaldi bakoitzean garaipen bat baino ez dute lortu Baikokoek. J.O.