Hobekuntzak konkistatzeko garaia
Mikropolitika ala makropolitika, instituzioak ala kaleak, diskurtsoa ala mobilizazioak… dikotomia sinplistak alde batera uztea gero eta beharrezkoagoa dugu: dena egin behar da, tentsioak kudeatuz, borroka alde guzietara eramanez, leku askotan eta hamaika eratan egiten baita mundua aldatzeko lana.
Madrilgo Kongresuan EH Bilduk agertutako indarra txalo zaparrada beroa merezi duten hizlari trebeena baino gehiago, milaka lagunek urte askotan egindako apustuen uzta da. Gure ordezkariek bizkor egin zuten beren lana, baina diputatu talde bat ez da deus jendarte indarrik gabe. Horregatik, Madrilen gobernu berri bat dagoelarik, han ditugun lagunengan konfiantza osoa izanik ere, erronka bertan dago, gure herriko kale, lantegi, etxe, eskola eta bestelako hamaika esparrutan.
Hori bai: erronka hau aurrera eramateko baldintza hobeak hautematen dira egun, besteak beste, Madrilen egindakoari esker, jende askok bestela ikusi gaituelako. Estigmatizazioak ez dira egun batetik bestera desagertzen, eta euskal subiranismoa satanizatzen jarraitzen dute. Zoru etikoaz edo indarkeriaren gaitzespenak eskatzen enegarren sermoiak errepikatzen dituztenean hori ari dira egiten, ez besterik. Baina gauzak aldatzen ari dira, eta iruzur batzuen garaia bukatzen ari da.
Ez dugu inolako arrazoirik PSOErekin fidatzeko. Podemosek ere bere hasierako posizioen bazterketa erakutsi du. Baina lehia ez dago hor, besteok Euskal Herria burujabe izateko lana garatu eta espainiar gobernu horren jarduera baldintzatzeko ahalmenean baizik. Horregatik, besteak beste, Bilbo eta Baionako kaleak beteko ditugu gaur. Ez inongo gobernuren zain jartzeko, egin beharreko aldaketen subjektu izateko baizik.
Preso eta iheslari politikoen egoera demokrazia auzia da: gatazkaren fase armatua behar bezala ixteko errepresioaren logika eta bere adierazpen guziak gainditu behar dira. Bada garaia, baina inork ez digu deus ere oparituko. Kalera, kalera…