Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Muturreko zailtasunean jardun berriak egin dituzte

Laura Rogorak, besteak beste, 8b+ bistan egin du. Stefano Ghisolfik eta Jonathan Gualdacazarrek 9b bana sinatu dute.

Aurreko kronika batean aipatzen genuen Kataluniako hainbat eskalada eskola, neguan, munduko muturreko zailtasunaren epizentro bihurtzen direla. Eta horrela dela ziurtatzeko zenbait adibide eman genituen. Neguan jarraitzen dugu, eta espezialista sasoikoenetariko batzuek berri gehiago ekarri dizkigute. Hurrengo lerrootan hiru protagonista aipatuko ditugu: Laura Rogora, Stefano Ghisolfi eta Jonathan Guadalcazar.

Lerroburu gisa aurreratuko dugu Rogorak 8b+ bistan eta 9a landuta sinatu dituela. Ghisolfik eta Guadalcazarrek, berriz, 9b bana kateatu dute.

Rogorari buruz esan behar dugu, kide askok ez bezala, nolabaiteko oporrak hartu dituela. Aurreko orrialdeetan irakur daitekeenez, gazte italiar honek patrikan du hurrengo Olinpiar Jokoetarako txartela. Egun gutxi batzuk egin ditu Katalunian. Eguberrietarako iritsi zen, eta aurretik hamar egun soilik zituen. Beraz, onartu behar zaio oso eraginkorra izan dela, jaso duen uztari dagokionez bederen.

Hasteko eta behin, joan den abenduaren 30ean, bere bigarren eskalada egunean, gai izan zen Margalefen “Pal norte” bidea (8c+/9a) egiteko. Biharamunean, berriz, urtea ondo amaitzeko “L´espaidominis” (8c) poltsikoratu zuen.

Baina Rogoraren asmoak ezagututa, argi zegoen bi bide horiek ez zirela italiarraren xede nagusiak. Iragan 4an, azpimarratzeko jarduna egin zuen. Montsantera joan zen, eta hango hormetan “L-mens” marra bistan igo zuen. 8b+ zailtasuna du; hots, estilo horretan orain arte emakumezkoek egin duten gogorrena. Gainera, eguna “Devoramingas”-ekin (8a) amaitu zuen. Bistan hori ere.

Gogora dezagun Josune Bereziartu izan zela 8b+ bistan egin zuen munduko lehen emakumea. 2006. urtea zen, eta Montsanten “Hidrofobia” kateatu zuen. Ordutik hona soilik beste zortzi emakumezko heldu dira maila horretara. Estilo horretan hiru 8c aldarrikatu ziren, baina denboraren poderioz 8b+ graduan geratu dira.

Bi egun beranduago Rogoraren azken berria iritsi zitzaigun. Margalefera itzuli zen, eta italiarraren bidaiaren azken egunean “La bongada” gauzatu zuen. Marra horrek 9a zailtasuna du eta oso errepikapen gutxi ditu.

Berez, lehen igoera Ramon Julianek egin zuen, eta 8c gisa proposatu zuen. Baina lehen errepikatzaileak, Alex Megosek, 9a gisa utzi zuen. Hurrengo igoerak Dani Fuertes eta Dani Andradak egin zituzten, eta bi eskalatzaileok alemanaren iritzi berekoak dira. “La bongada”-ren azken igoera Rogorarena izan da. Azken horrekin, gazte honek 9a mailako lau marra ditu.

Bi 9b

Bigarren protagonista ere italiarra da: Ghisolfi. Eta Kataluniatik bidali digu bere azken albistea. Santa Linyan “Stoking the fire” bidea (9a) igo du. Gogora dezagun, Rogorak ez bezala, Olinpiar jokoetan egoteko ziurtasun osorik ez duela. Moskun jokatuko den Europako Txapelketan du azken aukera.

Bitartean, aipatu dugun marraren laugarren errepikapena lortu du. Iragan urtearen amaieran izan zen. Eta italiarrak berak onartu duenez, baldintza kaskarrekin gogor borrokatu behar izan zuen: «Bide horrek hezetasun handia izan du. Baina ez dago aitzakiarik, soilik ahultasuna. Iritsi bezain pronto, ‘Stoking the fire’ probatzen hasi nintzen. Lehen lau egunetan eguraldia bikaina izan zen oso. Baldintzak ere bai. Sekzio batzuk probatu nituen, eta nahiko eroso nengoen. Lau egun horien ostean, ohartu nintzen marra hori azkar kateatzeko aukera handiak nituela. Baina bat-batean euriak bisita egin zigun. Nahiz eta koba bat izan, ura paretan sartu eta oso bustia geratu zen. Atertu zuenean, heldulekuak oso heze zeuden. Nik neuk lehortu eta aluminiozko paperarekin babestu nituen».

“Stoking the fire”-ren lehen igoera Chris Sharmak lortu zuen. 2006. urtea zen, eta estatubatuarrak onartu zuen sekuentzia zailak eta nahasiak dituela. Adam Ondra izan zen lehen errepikatzailea, eta txekiarrak ere baieztatu zuen oso gogorra zela. Agian, horregatik guztiagatik izan ditu soilik bost igoera. Azkenak, Jakob Schubertena, Sachi Ammarena eta Ghisolfirena. 27 urteko eskalatzaileak denera 9b edo gogorragoak diren zazpi marra ditu. Horietan guztietan izarra “Perfecto mundo” (9b+, Margalef) da.

Bestalde, italiar honek aurreratu du beste helburu gogorrago batean buru-belarri dabilela: «Kateatu berri dudan bidearen aldaera batean lanean ari naiz. Amaiera aldean dago, eta sekzio hori 9a izan daiteke. Probatzen ari nintzela mugimendu horiek ez nituen ulertu. Horregatik guztiagatik uste dut megaproiektu bat dela».

Hirugarren eta azken protagonistari, Gualdalcazerri, tartea egin behar diogu Ghisolfik bezala 9b mailako beste bide bat kateatu duelako. Baina italiarrarekin alderatuta, eskalatzaile honek ez du lehien munduan parte hartzen. Horretaz gain, ez da eskalatzaile mediatikoa.

Crevillenten (Alacant) “Ataxia hiperextensión” sinatu berri du. 26 urteko eskalatzaile honek adierazi du urratsez urrats eginiko proiektua izan dela. Lehenik eta behin, Los Techos sektorean dagoen “Ataxia” (9a) iaz askatu zuen. Ondoren, iazko urrian, “Ataxia extensión” (9a+). Eta zirkulua ixteko, abenduaren azken egunean, “Ataxia hiperextensión”-i puntu gorria jarri zion. Beraz, lehen igoera denez, Alacantekoak bideari jarritako maila proposamen gisa hartu behar da: «Sabai osoa zeharkatzen du, eta modu batera edo bestera zortzi bide lotzen ditu. Nahasmena sor lezake, baina horma honek ez du beste aukerarik ematen. Batzuek eta besteek galdetu didate ea zer zailtasuna duen, eta onartu behar dut maila bat jartzea kosta egin zaidala. Zalantzarik gabe, ‘Ataxia extensión’ baino gogorragoa da. Baina ez dakidana da plus oso bat duenik. 9a+/9b izan daiteke baina, nire ustez, pixka bat zailagoa da. Nik, bederen, 9b gisa proposatzen dut. ‘Ataxia hiperextensión’ da egin dudan bide gogorrena».