Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Everesterako lehen fasea biribildu du Alex Txikonek

Bizkaitarrak gidatutako taldeak, Jonatan Garcia ere tartean zela, Ama Dablam (6.858 metro) igo du.

Lasai asko esan daiteke, Alex Txikonek Ama Dablam mendirako zuen asmoa bete egin duela. Kirol ikuspuntutik, lemoarrak ez du azpimarratu atzo seimilako hori igo izana. Aldiz, mendi horretan eginiko lanari eman dio benetako garrantzia; jakina, girora egokitzeko balio izan diolako. Fase hori, beraz, bikain biribildu du. Izan ere, hurrengo asteotan Everesten jo eta su jardun beharko du. Lemoarraren helburu nagusia ez da Ama Dablam izan, baizik eta munduko mendi garaiena lehen aldiz neguan eta oxigeno artifizialik gabe igotzea. Behin kanpaleku nagusian, Txikonek berak orain arte esandako guztia baieztatu du: «Ama Dablam mendian egin dugun gailurra prestaketa ona izan da Everestera begira».

“Amaren lepokoa” (nepaleraz) lehen urratsa izan da. Txikonen taldeak atzo zapaldu zuen gailurra. Alpinistarekin batera, beste lau hauek: Jonatan Garcia bizkaitarrak eta Cheppal, Pasang eta Kalden nepaldarrek. Igoerari buruz, aurreratu dezakegu eraginkorrak izan direla. Hilaren 20rako martxan ziren, eta bost egunen buruan heldu ziren seimilakoaren puntu gorenera.

Oro har, haizete gogorrak eta hotz handia jasan behar izan dituzte. Eta hori guztia hasiera-hasieratik. 21ean lehen kanpalekuan zeuden: «Harrigarria bada ere, kanpaleku horretara 100 kilometro orduko haizeteekin iritsi ginen. Erauntsi horiek hiru denda eta hainbat tresneria berarekin eraman zituzten».

Gogoratu behar dugu Txikonen taldeak hego-mendebaldeko ertza aukeratu zuela; hots, seimilakoaren ohiko bidea. Eskuarki, ertz hori sokekin erabat ekipatuta dago, baina, antza denez, neguak soka finko batzuk desagerrarazi ditu. Horren ondorioz, lemoarrak eta enparauek ertz horretan hainbat soka finkatu behar izan dituzte. Adibidez, lehen eta bigarren kanpalekuen artean.

Ostiralean hirugarren kanpalekuan (6.300 m) zeuden: «Soka batzuk finkatzeaz aparte, egun gogorra izan zen. Haizeteak ez ziren baretu». Atzo, berriz, tontor eguna izan zuten. Nepalgo lau eta erdiak zirenean azken 500 metroei ekin zieten. Sei ordu beranduago (Euskal Herrian goizeko 4.30 zirenean) gailurra zapaldu zuten.

Soka horiek ematen duten segurtasunarekin, lau alpinistok jaitsiera oso azkarra egin zuten. Bost orduan kanpaleku nagusian ziren. Ama Dablamen izan duten eskarmentuaren inguruan honakoa adierazi du Txikonek: «Igoeran zein jaitsieran egin ditugun bost egun horiek oso gogorrak izan dira. Mendia baldintza egokietan zegoen, baina ertzaren sekzio batzuk nahiko tekniko zeuden. Horretaz gain, gailur egunean haizearen indarra 40 kilometro ordukoa izan zen. Sentsazio termikoa, berriz, -35°koa».

Orain, Everest

Txikonen taldeak esku artean duen egitasmo gorenerako lehen urratsa egin du. Everesteko bigarren saiakeran aklimatazio fase hori Pumorin gauzatu zuen; orain, berriz, Ama Dablamen. Kota polita erdietsi du, baina lemoarrak jakin badaki oraindik lan eskerga duela munduko mendi garaienean baldintza egokietan jardun ahal izateko. Gogoratu behar dugu Everesten egingo duen hirugarren saiakeran seimilakoaren gailurrean izan direnek hartuko dutela parte. Horietako bat Jonatan Garcia barakaldarra dugu.

Irakurleren batek edo bestek esango du Txikon nahiko berandu joango dela Everestera. Hein batean, arrazoia du, baina lemoarrak egin dituen bi saiakerek erakutsi diote hobe duela otsailetik aurrera ekitea.

Kirol ikuspuntutik begiratuta, alpinista bizkaitarrak ez dio garrantzi berezirik eman Ama Dablameko igoerari. Berez, bi bizkaitar hauek, Garcia eta Txikon, gailur hori neguan zapaltzen lehen euskal mendizaleak izan dira. Baina aurretik mundu zabaleko ia 50 alpinistak sasoi berean igo dute mendi hori. Bitxia bada ere, seimilako hori lehen aldiz neguan eskalatu zen. 1961. urteko martxoaren 13a zen. Protagonistak: Mike Gill eta Wally Romanes zeelandaberritarrak, Barry Bishop estatubatuarra eta Mike Ward ingelesa.