Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Beti-Gazte, txapeldun

Beti-Gazte sokatira taldeak, 640 kilotan gizonezkoak eta 540 kilotan emakumezkoak, izan zirentxapeldunak Idiazabalen. Lesakarrak ilusioz beterik ari dira Munduko Txapelketarako prestakuntzan.

Idiazabalen jokatu zen 640 kilotan gizonezkoen eta 540 kilotan emakumezkoen azken jardunaldia eta Lesakako bi taldeak izan dira jaun eta jabe. Nafarroan aspaldiko urtetan nagusi izan dira. Orain Euskal Herri osora zabaldu da euren ospea. Horrela, Emakumezkoak lehenbiziko txapelaren jabe egin dira 540 kilotan, 14 puntu batuz. Bigarren Badaiotz gasteiztarrak (13 puntu). Ondoren, Gaztedi Laukizkoa (7,5 puntu), Txantrea (7 puntu) eta Ibarra (3,5 puntu).

Gizonezkoetan Beti-Gazte izan da txapelduna 640 kilotan tiraldi guztiak, bat izan ezik, irabazita. Ondoren Ibarra, Murueta, Zuraide A eta Zuraide B eta seigarrena Txantrea.

Irlandan Munduko Txapelketa otsailaren azken astean jokatuko da eta lesakarrak ilusioz beterik ari dira prestakuntzan. Hemen izan duten garaipena bultzada handia izango dute. Baina mundu mailan goi samarrean ibili nahi bada dena beharko dute, talde oso indartsuak agertzen baitira.

Hemengo txapelketak aurrera jarraitzen du eta otsailaren 1ean, Dulantzin dute zita gizonezkoek 600 kilotan eta emakumezkoek 500 kilotan.

Berrizen probak

Bizkaiko herri honetan idi probak ari dira jokatzen. 24an hasi ziren kintopeko uztarriak eta lehenbiziko egunean Iñaki Olidenen idi pareak egin zuen marka onena: 59 untze, laurden bat eta 5 metro. Bigarren Garagartza elkartea (58 untze), Bizkiak (55 untze) eta Olazarren idi pareak (52 untze edo plaza). Larunbatean sari nagusian Telleriak 47 untze, Unai Elorrietak 46 eta Zumeltxuondok 30 eta 4 metro. Atzo eguerdian Benguriak 54-2,40. Lobenek 48 hiru laurden eta 5,00 metro eta Bizkiak 48-2,65.

Nabarnizko giza probako emaitzak bihar emango ditugu, atzo berandu amaitu baitzen jardunaldia.