Gaokao politikoa Wuhanen
Gure hautaproba edo selektibitatearen parekoa da ‘‘gaokao’’ proba Txinan. Neska eta mutil gazteen etorkizuna erabakitzen duena. Helegiteko aukerarik gabe. Hemengoaren antzera, baina askoz gordinagoan. Tsingua unibertsitatera ez baita nornahi joaten.
Ez dakit zer pentsatuko luketen duela mendebete pasako erreformistek azterketa inperialek horrela dirautela ikusiko balute. Badakit, ordea, oraingo garaikideek zer pentsatzen duten gurasoen ahalbideak edo dirubideak direla eta gaokao horri iskin egiten diotenei buruz. AEBetako edo Europako unibertsitate ospetsuenei milioitxoak «oparituz», batzuetan.
Bada ematen du Txinako sistema politikoak bere buruari gaokao bat egitea erabaki duela. Bizpahiru edo lau potentziarentzat lekua besterik ez duen goi maila horretan aritzeko oso gai dela erakusteko edo. XXI. mendeko «txinatar ametsa» gauzatzeko, alegia.
Bestela, nekez ulertzen da Wuhango 2019-nCoV epidemiaren kudeaketa. Hasieratik ere arazoaren berezko larritasuna ukaezina bazen ere, San Sebastian (kasualitatea: izurriteen aurkako patroia gure artean) egunean Xik «lehentasunezkoa» zela eta «ahalbide guztiekin aurre egin behar zitzaiola» jakinarazi zuenetik, beste zerbait ikusten ari gara: Wuhan eta milioika biztanle dituzten beste hainbat hiri giltzatuta, herrialde osoko garraio nagusiak geldiarazita, munduko estatu handienaren baliabideak guztiz hartara ipinita... Arazoa ez da soziosanitarioa, soilik, antza.
Pasa den igandean (teorian, Txinako oporraldi nagusiaren erdi-erdian), krisia kudeatzeko lantalde gorena sortu eta jendaurrean agertu zenean (gardentasun hori ere ez da ohikoena), hasi nintzen argiago ikusten. Mahaiburuan, Li Keqiang, lehen ministroa, arduradun gorena. Normala. Baina haren ezkerretara, Wang Huning.
Zer dela eta, «teoriko huts» bat, estratega bat, sekula ardura burokratiko-administratiborik izan ez duen buru politikoa, horrelako langintzan? Eta batzordekideen artean, Liu He ekonomialaria, eta abar.