Lore AGIRREZABAL
HAUR LITERATURA

Izarrak ikusteko eta ikasteko

Oinak lurrean baino hodeietan izan ohi ditugunontzat, kontakizun ezin aproposagoa argitaratu dute J.M. Olaizola Txilikuk eta Eider Eibarrek. Zeruan izarrek osatzen dituzten irudiak errazago antzemateko istorio umoretsu eta entretenigarria da “Gurdi handia”; azalpen astronomikoekin espazioan noraezean geratzen garenontzat iparrorratza, eta, ipuinak entzutea edo irakurtzea gustuko dugunontzat karamelu gozo-gozoa.

Mitologiatik edanez, tradizioa eta errealitatea uztartuz, egitura kateatua baliatuz eta testuan errimak txertatuz erritmo biziko kontakizuna sortu du idazle zarauztarrak. Umore eta irudimen handiz, sekula ez ahazteko moduan azalduko digu “Gurdi handia” osatzen duten izar multzoen sorrera.

Ahozko ipuin tradizionalen moduan hasten eta amaitzen da istorioa: Munduan beste asko bezala, behin batean baserri batean baziren bi idi, haietako bat zen zuria, eta bestea gorria. Gau batez, bi lapur azalduko dira baserrira eta idiak ostuko dituzte. Etxejabeak, lapurretaz ohartzean, lehendabizi neskamea bidaliko du haien atzetik idiak berreskuratzeko, ondoren morroia zakur eta guzti, eta, azkenean bera ere abiatuko da guztien atzetik kexaka: Hau da lana! Hau da galbana! Neuk egin behar dana! Neuk, hik egiten ez duana! Eta kate horretan denek batera ia izar-hauts bihurtzeraino egingo dute korri, urruti-urrutira.

Zazpiko izar multzo ezagunarentzat istorio bizi eta xelebrea sortu du Txilikuk, oso aproposa zerura begira “Gurdi handia” seinalatuz kontatzeko. Seguru, gainera, entzuleak ez duela instant batez ere arretarik galduko, izan ere, tentsiorik galtzen ez duen kontaera darabil idazleak: kateatua, errimez lagundua eta bizi-bizia.

Ilustrazioek ere primeran irudikatzen dute tentsio hori. Hain zuzen, Eider Eibarren arkatz erako trazuek osatzen dituzten irudi perfilatuek mugimendu eta dinamismo handia iradokitzen dute. Aukeratu dituen kolore beroek ere (horia, gorria, laranja…) tentsioa, haserrea eta kirioak dantzan ditugunean sentitzen dugun berotasun hori transmititzen dute. Bere estiloan hain ohikoak diren biribiltasunak oso egokiak dira ipuin honetarako, pertsonaiak ere halakoxeak imajinatuko baititugu: bi idi pare handi eta biribil, eta haien atzetik bi lapur haiek bezain gizen eta borobil. Ondo fijatuz gero, ohartuko gara pertsonaia bakoitzak bere argitxoa duela hasiera-hasieratik amaieraraino, izar bihurtzeraino. Metafora polita bakoitzak barruan dugun argia irudikatzeko. Hortik aurrerakoa, lurretik zerurakoa, norberaren pentsamoldearen arabera utziko dugu.

Gizakion kosmogoniarako joeraren parte da espazioan ikus ditzakegun izarrei buruzko narrazio mitikoak sortzea eta kontatzea. Mundua eta inguratzen gaituena ulertzeko eta azaltzeko beharrak bultzatzen omen gaitu horretara. Gaur egun, oraindik ere, azalpen zientifiko hutsei fantasia pixka bat eranstea, horrekin literatura egitea, gauza ederra da, gero! Gainera, hainbat eta hainbaten jakin-mina asetzeko eta elikatzeko modurik onena izango da ziurrenik.

Behinola, zeruan ikusten den izar saltsa desordenatuari zentzua emateko, izarrak elkartu zituen burutsuren batek. Gero, haiekin irudiak osatu eta animalien edo bere mitologiako pertsonaien izenak eman zizkien, konstelazioak osatuz. Bada, Hartz Handiaren konstelazioko izar multzorik nabarmen eta ezagunena da Gurdi Handia, Txilikuk ongi azaltzen duen bezala, zenbaitek burruntzalia edo kazoa ere deitzen diotena, lurretik ikusita itxura geometriko horiek izan baititzake zazpi izarrez osatutako asterismoak.

Ipar hemisferioan urte osoan ikus daitekeen izar multzoa da. Hortaz, zerua oskarbi dagoen gau batez gora begiratu eta kontatu, kontatu zazpi izarrak eta kontatu istorio polit hau; berehala ikusiko dituzue idi parea aurrean, haien parez pare bi lapurrak, eta atzetik beste guztiak.