Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Aporofobia

Pobrea errefusatzea, hari beldurra izatea edo hura gorrotatzea da aporofobia. Bereziki adierazgarria da etxegabeek pairatzen duten mespretxua bizi duten muturreko zaurgarritasuna dela eta; atzean egon daitezke, esaterako, migrantea izatea, generoa eta, noski, pobrezia bera. Horren aurrean hartutako erantzun ekonomiko eta sozialek, dudarik gabe, eragin handia dute egoera hobetzeko, edo, batzuetan tamalez, okertzeko. Dena dela, ez dira aztertu beharreko politika bakarrak; hasiera batean argia ez bada ere, krimen arlokoak ere erabakigarriak dira. Izan ere, ez dugu zailtasun handirik izango aporofobia zantzuak aurkitzeko zigor arloko justizia sisteman, bai delitua egiten duenaren ikuspuntutik, bai biktimaren lekua hartuta. Oinarrian, berdintasuna zalantzan dago.

Segurtasuna krimen arloko politikaren oinarria bihurtu da, eta horrek esan nahi du herritarren pertzepzio subjektiboari garrantzi handia aitortzen zaiola datu objektiboen gainetik. Axola duena ez da delitu tasa jaitsi ote den, baizik eta herritarrak seguru sentitzen diren. Helburu horrekin, pobreak etengabe behatuak eta banatuak dira, arriskutsuak direlakoan. Eskubideen eta segurtasunaren arteko eztabaida zaharrean, bigarrena lehenesten da. Eraginkortasuna bilatzen da, arrazionaltasun juridikoaren eta giza eskubideen gainetik. 

Oinarrian, baztertutako taldeek integratzeko ezintasuna dutela onartzea dago, horregatik, helburu nagusia arriskuak txikiagotzea da, ahalik eta inbertsio txikiena eginez. Filosofia horrek prozesu osoa baldintzatuko du: Poliziaren jarduera (esaterako, sarekada masiboak profil zehatzak baldintzatuta), epaia, baita espetxe betearazpena ere. Gizarteari erakutsi nahi zaio delitugintza pertsona zehatz batzuek soilik egiten dutela, horien artean pobreak nabarmentzen direla. Ondorioz, esan dezakegu neurri horiek oinarrizko berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak ukatu egiten dituztela. Horregatik, argi dago neurri horiekin estigmatizazioa eta haustura soziala areagotzen dituztela.