Pettiren eta Canoren kultur artefaktua, Guggenheimen
Noam Chomskyk «manipulazio estrategiak» zerrendatu zituen liburu batean. Hamar kantu sortu ditu Petti abeslariak, Harkaitz Canok manipulazio estrategia bakoitzaren inguruan sortutako testuak musikatuz. Batura horretatik eratorritako proiektua martxoaren 15ean Bilboko Guggenheim museoan jendaurrean plazaratuko dute. Loraldia jaialdian, beste behin, literaturak, pentsamenduak eta musikak bat egingo dute ikuskizun horretan.
Noam Chomsky pentsalariaren libururik apenas dago euskaraz. Petti musikariak kantu batzuk eskaini dizkio “Manipulazio estrategiak” disko berrian. Harkaitz Canok euskarazko berbetara ekarri ditu Chomskyk manipulazio informatibo eta mediatikoari buruzko analisietan ardaztutako hamar estrategiak. Eta kantu bilakatu dira Pettiren ahotsean. Loraldiak, zelan ez, genero kultural ezberdinak uztartzen dituen ikuskizuna izanik, aproposa ikusi du aurtengo jaialdirako.
«Bi urte eman ditugu lanean gai honen inguruan Harkaitz Canok eta biok», aitortu zuen Petti kantariak Bilboko aurkezpenean. Harkaitz Canoren proposamenak estilo ezberdinetara eraman ditu Berakoak. «Hiru kantu oso rockeroak sortu ditugu, zuzenean duten doinu zikina antzematen zaie, bertze sei hari laukote batekin grabatutakoak dira nolabait, akustikoagoak direla esango nuke, eta gitarrarekin bakarrik ere aritu naiz», azaldu zuen Pettik. «Ez da rock edo soul disko bat, badira bertze kantu lasaiagoak, eta kantu batek bi bertsio ditu, ni bakarrik eta Et Incarnatus orkestrarekin grabatutakoak». Kantu gogorrenak Berako Etxeko uzta taldeko bere kideekin grabatu zituen Atala estudioan, Iñigo Irazokiren kontrolpean. Beste guztiak Tolosako Bonberenean grabatu eta nahastu ditu, Karlos Osinaga Txap teknikariaren esanetara.
Hitzak edo geziak
Harkaitz Canorekin lehen ere asko lan egindakoa da Petti. Bilboko ekitaldi baterako batu ziren gainera, zer jaialdi den ondo oroitzen ez badu ere; «Lau bortz urte izango dira, Gutun zuria, Loraldia… horrelako bat izango zen». Harkaitz Canorekin agertu zen taula gainean, eta orduan musika eta literatura uztartu bazituzten, gerora itzulpenak, kantu berriak, denetarik landu dute idazleak eta musikariak. «Hitzak dira baina geziak ematen dute», esanez goraipatu nahi izan zuen Harkaitz Canoren jarduna. «Itzultzaile bezala adibidez, izugarria da, ez dizu kantu baten itzulpena egiten, neurrian ere doinuan sartzeko moduan igortzen dizu biharamunean», gogora ekarri zuen Cano Pettik. «Itzultzeko eta sortzeko makina», deitu zion. Eta Pettik doinua eta ahotsa jartzen dizkie kantu eta letrei.
Disko hau horren berezia izanik, saiatu dira ahots guztiak antzera jartzen nahasketetan, eta Pettiren ahotsak eman dio batasuna “Manipulazio estrategiak” lanari. Berako lagunez gain, Juantxo Zeberio pianista, Et Incarnatus hari laukotea, Balerdi Balerdi taldeko Toño Muroren gitarrak eta Gorka Benitez saxoan eta Maite Larbururen ahotsa izan ditu ondoan Pettik.
«Ez da disko bat bakarrik, kultura artefaktua dela esango nuke», zioen Pettik. Datorren martxoaren 15ean kaleratu eta entzungai izango den lanari buruz mintzatuz. Diskoa Zart* kooperatibarekin argitaratu dute. «Alain Urrutia artistak egin du azala eta Harkaitz Canok, Rafa Ruedak, Mikel Urdangarinek, Oier Aranzabalek sortu dute artista kooperatiba hau», argitu zuen.
Loraldian eskainiko duten emanaldian, Ana Galarragak medium lanak egingo ditu; Harkaitz Canoren hitzei ahotsa jarriko die, eta “Manipulazio estrategiak” lanaren sorkuntza prozesua gertutik jarraitu eta sustatzaile nagusia izan da. Pettiren azken lanetan eta zuzeneko emankizunetarako bitartekari lanak egiten ditu zientzialari zarauztarrak.