Arantxa Manterola
Kazetaria
JOPUNTUA

Itzalak

Irakurtzeko edota hausnartzeko gogokoen zuen etxeko lekuan zegoen jesarrita; alegia, komuneko ontzian. Zortzi hilabete lehenago minbizi madarikatu batek bere emaztea eraman zuenetik, bakarrik zegoen etxean. Seme-alabek dagoeneko beren bizitza egiten zuten familia-etxetik kanpo. Horrenbestez, lasai zegoen, inork ez baitzion ate-joka bainugela libre uzteko erreklamatuko.

Eserita, bizkarra erdi makurtuta eta besoak izterren gainean gurutzatuta, bere burutazioetan murgilduta zegoen. Bat-batean, dutxaren eta armairu luzexkoaren arteko zokondoan halako itzal bat ikusi zuen. ‘Zer da hori?’ galdetu zion bere buruari. Jakingurak bultzatuta, fite garbitu, galtzak jantzi eta hatzekin baldosa ukitu zuen. Zikinkeria zen! Bainugelako izkinak begiratu zituen eta denetan itzal bera. Harrituta zegoen. Izan ere, maiz garbitzen zuen zola, fregona eta guzti!

Zokoak begiratzen hasi zen eta ohartu zen ispilu gaineko fokuek laino grisa zutela gainean, erradiadoreak hodi zeharren gainean zeukana bezalakoa. Miaketa etxeko beste geletara zabaldu zuen eta jabetu zen egongelako errezel zuriak grisak bilakatu zirela, leihoetako kristalak “Londres” modelokoak bihurtu zirela, sarrerako ispilu handiak lanbrotuta zirudiela, logelako lanparak armiarma-sareak zituela, sukaldeko armairuen azpialdeak likatsu zeudela, eta fregadera azpikoan lizun orban ugari sortu zirela, eta... zur eta lur geratu zen.

Berriro itzuli zen komunera, bere gogoeta-leku kuttunera. Tapa gainean eseri eta horrelakoak zergatik sekula santan ez zituen ikusi hausnartzen hasi zen. Argi zegoen: ez ez zirelako sortzen, jakina; sortu ahala norbaitek garbitzen zituelako baizik. Eta orain «norbait» hori falta zen. Eta ohartu zen elkarrekin bizi izan ziren 34 urteetan ez zituela ikusi bere emazteak egindako hamaika lan ikusezinak. Ikusi ez bazituen, ezta aitortu ere. Bere emaztea «laguntzen» zuen gizon moderno horietakoa izaki, hain asebeteta sentitzen zena gorritu egin zen, bere buruaz lotsatuta. Eta hamaika lan ikusezin egiten dituzten itzalik gabeko milaka emakume etorri zitzaizkion burura. Eta ez zen martxoaren 8a.