SELEKTIBITATEA ATZERATUTA, PANTAILA AURREKO ZALANTZAK
Selektibitatea atzeratu egin da Hego Euskal Herrian Covid-19 birusak eragindako ezohiko egoera dela eta. Irakasle batzuek uste dute «gutxieneko» neurria zela; beste batzuek, ordea, ez zela beharrezkoa. Ikasleak dira erabakiaren eragina gehien pairatuko dutenak.
Lakuako nahiz Nafarroako gobernuek asteon iragarri dute unibertsitaterako sarbiderako probak atzeratu egingo direla. Isabel Celaa Hezkuntza ministro espainiarrak asteazkenean ebatzi zuen kurtso honetako selektibitateko azterketak ekainaren 22aren eta uztailaren 10aren artean egin behar direla nahitaez, Covid-19a ez hedatzeko hartutako konfinamendu neurrien eraginez.
Lakuako Gobernuak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) koordinazio lanetan aritu ostean, data zehatza eman zuen: unibertsitatean sartzeko batxilergoaren ebaluazio proba uztailaren 6an, 7an eta 8an egingo dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek, eta ezohiko azterketen probak, aldiz, hilaren 20an, 21ean eta 22an. Hortaz, azterketon emaitzak uztailaren 15ean argitaratuko dira, eta, ezohiko deialdikoak, 29an.
Nafarroan data zehatzik ezarri ez duten arren, iragarri zuten alarma egoera indargabetuz gero, selektibitatearen ohiko deialdia bi aste atzeratuko dutela, ekainaren azken egunetara, eta uztaileko bigarren hamabostaldian egingo dela ezohiko hautaproba.
Ipar Euskal Herriko lizeoetan, bestalde, oraino ez daukate ezein atzerapenen berririk. Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministro frantsesak berretsi du ostirealean ez duela udako oporrak atzeratzeko asmorik eta baxoa ekainean mantenduko duela.
Selektibitatearen proba atzeratzeak, noski, eragina izango du irakasle zein ikasleen jardunean. Ikasleen oporrak atzeratu egingo dira, eta, konfinamenduarengatik klaseak ordenagailu bidez jasotzen ari direnez, zenbaitek iritzi dute ez direla behar bezain prestatuta egongo proba egiteko, ez bederen klase presentzialak jasota bezain beste.
Ainhoa Mujika Bergarako Aranzadi Ikastolako irakaslea da eta batxilergoko ikasleei ingeleseko klaseak ematen dizkie, orain, etxetik. Azaldu du esperotako neurria zela selektibitatea atzeratzearena, baina «kontraesankorra» deritzo: «Esaten digute kurtsoak aurrera jarraituko duela eta modua topatu behar dugula gure jardunean nola edo hala aurrera egiteko. Baina, gero, selektibitatea atzeratzea erabaki dute».
Halaber, klaseak pantailatik pantailara emateak eragiten dion kezka agertu du Mujikak. Nahiz eta Aranzadi Ikastolan saiatu diren ikasleei baliabide guztiak helarazten, ordenagailuak utzita edota Internet konexioek etxe guztietan «funtzionatzen dutela ziurtatzen», irakasle eta ikasleen arteko «transmisioa ez da berdina» bere ustez. «Aurrez aurre ez egoteak arazoak ekar ditzake edukiak bereganatzeko orduan», dio; horregatik, baliteke gazteak ikastolara itzultzen direnean etxean jaso duten eduki hori «borobildu» behar izatea.
Manu Arregik, Aranzadi Ikastolako irakaslea bera ere, nabarmendu du Hezkuntza sailaren «lehenengo eginbeharra» Mujikak aipatutakoa zela, ikasle guztiei etxean ikasi ahal izateko lanabesak bermatzea. «Ikastetxeen egoera nolakoa den ikusi eta arazo logistikoak zituzten ikastetxeei laguntzen saiatu. Eta, horren arabera, erabakiak hartu», agertu du. Konexioa ziurtatzeko, Ikastolen Elkarteak Internet txartelak eskaini dizkie ikastetxeei, konexiorik ez duten ikasleei emateko. «Hezkuntzatik horrelako zerbait egitea ez legoke gaizki, baina ez dira horretaz arduratu», aipatu du Arregik.
Bestalde, nahiz eta ulertzen duen Hezkuntza sailaren papera egoera honetan ez dela erraza, uste du ez zela momentua selektibitaterako «data finko berri batzuk zehazteko»: «Hobe zen egun tarte posible batzuk ematea eta aurrerago finkatzea, definitiboki, data berriak. Amets gaizto honen amaiera ikusten hasten garenean, dakigunean klasetara noiz bueltatuko garen, izango litzateke, nire ustez, momentu aproposa data horiek jartzeko».
Arregik Fisika eta Matematikako ikasgaiak ematen ditu batxilergoko bigarren mailan, eta dio «berehala» egokitu direla egoera berrira, klaseak «normaltasunez» ari direla jarraitzen. «Eta aitortu beharra daukat ikasleen jarrera primerakoa izaten ari dela», gaineratu du. Horregatik, iritzi du Aranzadiko ikasleak selektibitatea ohiko datetan egiteko «gertu» egongo direla, prestatuta. «Beste kontu bat da jatorrizko data horretan hainbeste jende toki itxi batean elkartzeko moduan egongo garen», dio.
Bestelako ustea du Amado Lopez de Ipiñak, Gasteizko Koldo Mitxelena Institutuko batxilergoko ikasketa buruak. Lakuak, egutegi berria ezarri zuenean, kasurik okerrenean, ekainaren hasierarako klaseak berriro hartzeko aukera aurreikusi zuen. Bestalde, EAEren ardura izango da egungo probak egokitzea, ebaluazio-irizpideak berrikustea edo proba mota «malgutzea». Ildo berean, proba prestatzerako eta ebaluatzeko orduan «malgutasunez jokatzea» proposatu du Lopez de Ipiñak, azterketak «errazagoak» egitea, adibidez.
Selektibitatea iritsi bitartean, Koldo Mitxelena Institutuko ikasketa buruak dio ahal dutena egiten ari direla ikasleak prestatzeko. «Osasun arloan erantzun dute ahal duten moduan, eta gu, hezkuntza arlokoak, erantzuten ari gara ahal dugun moduan».
Zer den onena ikasleentzat
Ikasleak dira, baina, selektibitatearen atzeratzearen eragina gehien pairatuko dutenak. Abantaila batzuentzat, ikasteko denbora gehiago izango dutelako, baina ziurgabetasuna eta dudak gehienentzat. Bestelako kalteak ere baditu, gainera, neurri honek, klaseak modu telematikoan emateak ikasleen emaitzak baldintzatu ditzakeelako, eta udako oporrak murriztuko direlako. «Gogorra da, berez, batxilergoko bigarren maila. Ikasturtea hilabete batez luzatzea gogorra izango da ikasleentzat», agertu du Manu Arregik.
Oier Garitanok, Arregiren ikaslea Bergarako Aranzadi Ikastolan, uztailaren 6an, 7an eta 8an egingo du hautaproba, eta Hezkuntza Sailak ezarritakoa baino neurri zorrotzagoa hartuko luke berak: «Ez zait neurri txarra iruditzen selektibitatea atzeratzea, baina bai hilabete atzeratzea. Zergatik luzatu behar dugu kurtsoa horrelako egoera batean? Nire ustez, neurririk onena aurten selektibitaterik ez egotea izango litzateke, izan ere, lehen ezinezkoa zirudiena orain egiten ari dira: konfinamendua, ekitaldi handiak bertan behera geratzea... eta, hala ere, selektibitatearekin aurrera egin behar dugu?»
Zizur Nagusiko Zizur BHI institutuko ikaslea da Irantzu Ovelar. Batxilergoko bigarren maila egiten ari da egun, selektibitaterako prestatzen. Osasun zientziekin zerikusia duen graduren bat egin asmo du, eta horretarako nota altua behar duela dio. Jakina denez, selektibitateko notaren batezbestekoak batxilergokoa igo edo jaitsi dezake eta, beraz, proba atzeratzeak eta konfinamendu garaian klaseak telematikoki emateak bere kalifikazioan eragingo duen beldur da Ovelar. Esplikatu duenez, ikasleen artean «iritzi desberdinak daude» selektibitatea atzeratzearen inguruan, baina sentsazio orokorra da ez direla «hain prestatuta» iritsiko azterketara. «Eta batzuetan ez dakigu zer den onena guretzat», gehitu du.
Pantailaren aurrean jarraitzen ditu klaseak Irantzu Ovelarrek ere eta, egoera honetan, ikasgai bakoitza desberdina dela dio. «Ikasgaiaren eta irakaslearen arabera aldatzen da; batzuekin bideo bidez egiten dugu eta klasea genuen ordu berdinetan geratzen gara, eta beste irakasle batzuk grabatutako klaseak bidaltzen dizkigute eta guk ahal dugunean edo nahi dugunean ikusten ditugu. Badira irakasleak lanak soilik bidaltzen dizkigutela, eta pixka bat desastrea da. Guk bidaltzen dugu egiten duguna, baina batzuk esaten dute ez dutela denborarik zuzentzeko. Zalantzak argitzeko ere oso zaila da», dio.
Bestalde, hezkuntzaz besteko eragina ere izango du probaren atzerapenak. Ovelar eta bere klasekideek zalantzan daukate kurtso amaierako bidaia; Saloura joatekoak ziren. «Eskatzen dugu jendeak gugan pentsatzea, gazteak garela eta hau guztia pasa eta gero udaz gozatu nahi dugula. Etorkizunari begira, dena ondo ateratzea nahi dugu».