Arantxa Manterola
Kazetaria
JOPUNTUA

Alarma… erne!

Bai, alarma egoeran gaude ditxosozko “xomorroarengatik” baina ni beste alarmaz ari naiz oraingoan. Egunero osasungintzako langileei animoak igortzeko eta beste elkartasun adierazpen edo eskaerak kaleratzeko balkoi-leiho-manifen euskarria erabiltzen dugun honetan, atzo eguerdian gure herrian –eta espero dut gutxienez ingurukoetan ere baietz– alarma jo genuen. Herritar gehienon kezka eta eskaerei muzin eginda, laster martxan jarriko duten Zubietako errauste plantarengatik alarma hedatzea nahi genuen.

Konfinamenduak iraun artean behintzat, eguerdiro sirena hotsak leihoetatik errepikatzeko deialdia egina dago. Atzo, lehena izaki, bezperan abisatu ziguten ETBko kamerak etorriko zirela grabatzera (20 segundo xixtrineko emanaldirako…). Eta a zer kasualitatea… ! atzo erraustegia kieto parau! Ezta ketxo bat ere bere kebideetatik. Asteak daramatzagu proiektuko maketa eta planoetan –seguru asko duten sinbolismo ezkorragatik– ezkutatzen zizkiguten tximinia erraldoietatik ke zuri eta mardula ateratzen ikusten, etorkizunean (edo dagoeneko jada probetan, batek daki) zer jaurtiko duten bertatik beldur bizian. Eta hara non, atzo dena bare-bare. Hipokrita halakoak!!

Egungo egoeran, erraustegiko keak ez ezik, beste hainbat gauzek ere beldurtzen naute. Badut aski adin jakiteko gizakiok hoberenerako eta okerrenerako ahalmena dugula. Eta bietatik ikusten ari naiz, egia da. Alta, oraintxe bertan, bitxo madarikatu horrek egingo dituen triskantzez harago, etorkizun hurbilean zer-nolako triskantzak ez ote ditugun pairatuko beldur naiz. Enpresa pribatuei (Google eta gisakoak) agintari politikoek gure mugikortasuna zelatatzeko eman dieten ahalmenarekin (zuek sinesten duzue anonimoa izango dela?) kaka eginda nago. Ez etxetik ateratzen naizelako eta harrapatuko nautelako, gure bizitzak lehenaz gain kontrolatzeko izango duten boterearengatik baizik.

Burura etortzen zaizkit Georges Orwellen “1984” edo duela 30 urte irakurri nuen Margaret Atwooden “Handmaid’s Tale” (Neskamearen ipuina)… Ideia ilunegiak? Igual bai, baina badaezpada ere, erne!