GARA
ERROMa

«Aita Mari»-k noraezean zeuden 47 etorkin aurkitu ditu, baina Italiak eta Maltak portuak itxita dituzte

Italiako eta Maltako portuak koronabirusa dela-eta itxita daudela, egoera kaotikoa da egunotan Mediterraneoan, non azken egunetan dozenaka etorkin atzeman dituzten, eta txalupa bat irauli zen susmoa dago. Atzo goizaldeko bostetan 77 etorkin iritsi ziren Portopalo di Capo Passero-ko kostaldera, Sirakusan, Sizilian. Arrantzale batzuk ohartu ziren iritsieraz. Alkateak azaldu zuenez, guztiei tenperatu hartu zieten eta koronabirusaren probak egingo dizkiete, baina herrian berrogeialdia pasatzeko lekurik ez dagoela adierazi zuen.

Egoera berean daude igandean Pozzallora heldu ziren ehun etorkinak. Bertako harrera gunea berrogeialdian dago hamabost urteko gazte batek positibo eman zuelako Covid-19an. Siziliako 32 alkatek gutun bat igorri diote Gobernu italiarrari, iristen ari diren etorkinak berrogeialdian jartzeko azpiegitura nahikorik ez dutela eta.

Bestalde, “Aita Mari” ontziak txalupa bat noraezean zegoen abisua jaso zuen atzo goizean Sirakusako portutik ateratzean. Hori zela eta, ibilbidea aldatzea erabaki zuen eta 47 etorkin aurkitu zituen txalupa batean. Horietatik sei konorterik gabe zeuden. Haurdun dagoen emakume batek laguntza eskaera egin zuen. Zazpi urteko semea egoera txarrean dagoela ohartarazi zuen. Maltak baimena eman die etorkinen artean salbamendu-jakak, ura eta jakiak banatzeko, baina ez du lehorrera eramateko baimenik eman.

«Premiazko laguntza medikoa» behar dutela nabarmendu zuen “Aita Mari”-k. Zazpi marinelekin soilik nabigatzen ari da.