Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Joaten ari dira

Azken egunotako euriak despistatu gaitu, akaso. Leihoetatik begira geunden arren, oharkabean gertatu da. Lehen eguzki izpiak sartu zirenerako beranduegi zen eta boteprontoan izan balitz bezala jabetu gara jazotakoaz. Udaberria hemen zegoen eta ez dugu sikiera bere etorreraren usainik harrapatzeko aukerarik izan.

Begietako azkura izan ohi da lehen sintometako bat batzuontzat. Edo geldiezina dirudien doministiku kate gogaikarria. Aurten, baina, negarrez harrapatu gaitu eta malkoz beteriko begirada tristeei darien azkurari arreta jartzea da gutxienekoa. Aurten ez gara alergiak ekarri ohi digun egarri sentsazioaz jabetu, eztarriko korapiloak ezin askatu gabiltzalako.

Udaberria isilik etorri zaigu aurten eta ez gaitu ongietorria emateko prest harrapatu. Zerbait ederraren hasteaz, bizitzaren hasteaz ez gara ohartu eta konturatu orduko eskuetatik ihes egin digu lehen une magiko horien xarmak. Eta bien bitartean, urtaro bakoitzaren etorreraren gaineko jakinduria dena zuten horiek joaten ari zaizkigu, isilik, bakarrik. Aroak, garaiak, denboraren jakinduria dena duten horiek eskapatzen ari zaizkigu, irudika daitekeen modurik krudelenean. Ezin zaie bizitzei hori egin. Bizitzak joaten ari diren kontzientzia har dezagun, bizitzak direla ohartu gaitezen, sikiera duintasunez joan daitezen.