Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Etorkizunaren atarian

Honezkero, argi dugu guztiok mundua gelditu egin dela, orain arte ezagutu izan dugun munduaren jarduera, zehazki. Izan ere, inor ez gaude geldirik! Argi izan dezagun bizitzen jarraitzen dugula, nahiz eta bakoitza egokitu zaion egoeraren arabera, lehen bezala. Bakoitzak, egoera honetatik guztitik, bere irakaspenak aterako ditu, denongan aldatuko da zerbait, gutxi-gehiago, eta bizitzari eta bizitza hori osatzen duten guztiei beste era batean begiratuko diegu, orain arte gailendutako indibidualismo eta norbere irabaziaren ikuspegitik erabat bestelakotik, zorte apur batekin. Hau ez baita stand by egoera, ez eta gure bizimoduen aldi baterako etetea, gero berdin-berdin segitzeko aurrera. Hau bizitza erreala da, behin erabat gelditu den munduan bertako bidegabekeriak, gabeziak, miseriak... baina baita indarra, elkartasuna, irudimena, sormena edota maitasuna ere sekula baino nabarmenago ulertzeko aukera ematen ari zaiguna.

Sekula ez dugu izan orain arte, eta mundu mailan gainera, gelditu eta geure buruarekin zein geure gertukoekin hainbeste denboraz egoteko aukera: inoiz baino gehiago ari gara elkarrekin komunikatzen, elkarrez kezkatzen, fisikoki gertuko ezezagunekin ere hitz egiten, elkar ezagutzen eta, batez ere, elkar zaintzen. Zaintzen geure burua, zaintzen maite ditugunak, eta ingurukoak. Ondo egiten ari gara nor bere etxean, eta ondo egiten ari gara etxean sartuta egon arren, eta beldurraren eraginez nork bere buruari baino ez begiratzeko arriskua beharbada lehen baino are handiagoa bazen ere, denok mundu berean bizi garela behin eta berriz gogoratzeko ahaleginean. Ez gara ari zaintzen soilik geure eta geureen etorkizuna, oro har etorkizuna bera baizik: zaintzen pandemia honen erdian gu baino okerrago daudenez ez ahaztea; zaintzen pandemia atzean uzteko aterabidea kudeatzen ari direnak, oraingo eta laster barruko politikak ezarriko dituztenak, zer-nolako erabakiak hartzen ari diren; zaintzen, finean, zientzia fikziozko esperimentua dirudien honen ondoren laster barru erdituko den aroa ez dadin izan aurrekoaren segida hutsa.

Hau ez baita ezagutu izan dugun munduaren aldi baterako ustekabeko gaixotasuna bakarrik, baizik eta mundu gaixo baten atentzio-deirik handiena, beharbada. Hau ez baita zientzia fikzioa, denon benetako etorkizunaren ataria baizik, ikuspegi ekonomikotik beltza, baina humanotik inoiz baino boteretsuagoa. Argi izan dezagun, eta baliatu!