Haritz LARRAÑAGA
Surfa

Mapamundiari begira: Nola aurkitu urautsi berriak?

Surflarien ohiko ametsa da urautsi berri bat deskubritu eta beste inork inoiz surf egin ez duen leku batean bakarrik edo lagun gutxi batzuekin surf egitea. Mapamundia parean izanda, zein faktore hartu behar da kontuan eremu batean olatu onak izan daitezkeen jakiteko?

Eremu oso zehatz batean olatuak izan daitezkeen edo ez jakiteko, lehenik eta behin, begirada altxatu behar da. Satelite batetik lurra ikusten egongo bagina bezala, lehen begirada urrunetik abiatzen da. Munduko kontinente desberdinetan itsaski gehiago edo gutxiago jaso ditzaketen kostaldeak identifikatu behar dira, eta jarraian, ikuspegia gerturatzen joan gaitezke, pixkanaka eremu gero eta zehatzagoetan kontzentratuz.

Behin eremu zehatz bat hautatu ostean, kontuan hartu beharreko osagaiak oso bestelakoak izango dira. Hala nola, kostaldearen orientazioa, hondoen izaera (hondarra, haitza...), haizeteengandik babestua dagoen, eta abar. Hau da, lehenik olatuak izateko aukerak aztertu behar dira (kantitatea), eta gero, itsaski bat izanez gero sortutako olatuak nolakoak (kalitatea) izan daitezkeen aurreikusi behar da.

Artikulu honetan leku berriak topatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak eta jarraitu beharreko urratsak azalduko ditugu, baina komeni da, aurrez, zer nolako olatuak aurkitu nahi ditugun jakitea. Adibidez, olatu handiak nahi dituenak itsaskiak jasotzeko aukera gehien dituzten eremuetan jarri beharko du fokua, eta olatu txikiagoak nahi dituenak, ostera, itsaski ertainak jasotzen dituzten kostaldeetara begira dezake.

Egia da itsaski handiak jasotzen dituzten kostaldeetan ere olatu txikiak dituzten lekuak badirela, baita itsaski handienak jasotzen dituzten eremuetan ere batzuetan ez dela olaturik izaten, baina artikulu honetan maila orokorrean hitz egingo dugu, salbuespenek ideia orokorra lausotu ez dezaten. Argi dagoena zera da, itsaskiak jasotzeko zailtasunak dituen eremu batean surf egiteko aukerak urriagoak izango direla.

Orientazioa eta latitudea

Kostalde batek itsaskiak jasotzeko zer nolako gaitasuna duen neurtzeko bi faktore nagusi izan behar dira kontuan. Bata, kostaldearen orientazioa, eta bestea, latitudea. Bi faktore hauekin eremu batean olatuak topatzeko probabilitateak zenbaterainokoak diren jakin dezakegu.

Eremu batean itsaskiak sartzen direnean “olatu onak” izateko aukerak neurtu nahi baditugu, bestelako osagai batzuk hartu beharko dira kontuan, ingurune zehatz baten izaerari dagozkionak, baina lehenik eremu batean olatuak sortuko dituzten itsaskiak izateko probabilitatea zenbatekoa den aztertu beharko da.

Jarraian azaltzen da zergatia, baina aurrerapen moduan hau esan daiteke, itsaski handiak izateko aukera gehien dituzten kostaldeak kontinenteen mendebaldean eta 45 graduko latitudean kokatzen direla.

Kontinenteen mendebaldean

Munduan kontinenterik ez balego, itsasoa bakarra litzateke eta, ondorioz, korrontea ere bakarra izango litzateke. Korronte horrek ekialdetik mendebalderanzko norabidea izango luke, Lurrak, eguzki sistemako gainerako planetek bezala (Venusek izan ezik), justu kontrako norabidean egiten baitu itzulia. Kontinenteek trabatzen duten korronte horrek, ordea, noranzko berean jarraitzeko joera du, hau da, ekialdetik mendebaldera.

Lurraren mugimendu horrek sortzen du haize mugimendu nagusia. Ez da aldagai bakarra, baina haizeteen katebegian aldagai oso garrantzitsua da. Horregatik, haizete nagusiak mendebaldekoak izaten dira. Kontuan hartu behar da gero olatu bihurtu diren uhin lerroak haizeak sortzen dituela itsaso zabalean; beraz, garrantzitsua da uhin horiek zein norabide hartzen duten jakitea. Beste kontu bat da kostaldean dugun haizea. Kostaldeko haizeak olatuen forman soilik eragingo du, inolaz ere olatuen altueran.

Lurraren errotazio-higidurak sortzen dituen itsas korronte eta haizeteek, gainera, itsaskiak sortzen dituzten ekaitzen sortzaileak ere badira. Horregatik oso kontuan hartzeko aldagaiak dira.

Aldagai horien guztien ondorio nagusia da edozein kontinentetan itsaskiak askoz ere maizago sartzen direla eta handiagoak direla mendebaldean. Beraz, surf egiteko lekuen bila bagabiltza, askoz ere errazago topatuko ditugu olatuak mendebaldeko kostaldeetan, ekialdekoetan baino.

Horrek ez du esan nahi ekialdean olaturik ez dagoenik. Brasil, Australia ekialde edo Filipinetan, adibidez, olatuak badira, baina itsaskien sarrera mugatuagoa da, eta olatu handiak oso gutxitan izaten dira.

45 graduko latitudean

Puntu bat ekuatoretik hegoalderago edo iparralderago dagoen esaten digu latitudeak. Horrela, ekuatorea 0 gradura aurkitzen da eta Ipar Poloa eta Hego Poloa, ostera, 90 gradura daude. Hortaz, bi muturren erdian dauden eremuak 45 gradura daude, eta kostalde horiek dira itsaski indartsuenak jasotzeko gaitasun handiena duten eremuak.

Zergatia azaltzeko aldagai asko hartu behar dira kontuan, eta ez da beti horrela izaten baina, oro har, haizete indartsu eta ekaitzek indar gehien hartzen duten eremua 45 graduko latitudean kokatzen da; izan ere, ekaitzak ekuatorean hasten dira sortzen, gero pixkanaka indar hartzen dute, eta 45 graduko latitudean iristen dira puntu gorenera. Jarraian, berriz ere pixkanaka indarra galtzen joaten dira poloetara iritsi arte.

Irakurlea 45 graduko latitudearekin itsutu ez dadin, 45 gradutik abiatu eta eremua zabaltzen joan daitekeela gogoratu behar da. Adibidez, 30 eta 60 graduko latitudeen artean diren eremuetan ere itsaskiak oso ohikoak dira. Kontua da hortik urrunduz goazen neurrian aukerak ere murriztu egiten direla.

Lupa enfokatuz

Aurrez aipatutako bi baldintzak betetzen dituzten herrialdeak honakoak dira: Hego hemisferioan 45 graduko latitudean aurkitzen dira Txile, Hegoafrika eta Australia mendebaldea. Ipar hemisferioan, berriz, Maroko eta Europako kostaldea (Irlanda, Ingalaterra, Frantzia, Euskal Herria, Espainia eta Portugal), zein AEBetako mendebaldea (Kalifornia eta Oregon) dira 45 graduko latitudean daudenak. Tartean hainbat eta hainbat uharte aurkitzen dira, noski.

Eremua 30 eta 60 graduko latitudean dauden mendebaldeko kostaldeetara zabalduko bagenu, zerrenda asko luzatuko litzateke, eta aukerak ere bai, baina hemen urautsi posibleak topatzeko kontuan hartu beharreko aldagaiak soilik aurkeztu ditugu.

Aipatutako baldintzak betetzen dituzten herrialdeen artean, gainera (mendebaldean eta 45 graduko latitudean), badira aukera gehiago dituzten kostaldeak; hau da, itsaskia sortzen denetik lur hartzen duenera arte ibilbide luzeagoak egiteko aukera duten itsaskiek olatu handiak sortzeko aukera dute. Brasil hegoaldea, adibidez, latitude egokian dago, baina kontinentearen ekialdean dago, horregatik ez da itsaski handiak maiztasunez jasotzeko aukera anitz dituen kostaldea.

Hala ere, parean itsas eremu zabala du, eta horri esker, Ozeano Atlantikoa gurutza dezaketen itsaskiek Brasilen lur har dezakete, batzuetan olatu handiak sortuz. Edonola ere, kontinenteen ekialdean diren kostaldeetan olatu handiak izateko aukera urria da.

Urautsi zehatzak

Sarreran esan dugun moduan, urautsi on bat izateko aukerak dituen eremu mugatu bat hautatzeko bestelako faktoreak hartu behar dira kontuan. Hau da, itsaskiak jasotzeko kostalde batek duen gaitasunaz harago, olatu onak izateko aukerak eskaintzen dituzten faktoreak begiratu beharko dira; hala nola, ibilbide luzeko olatuak sor ditzaketen hondo motak dituzten (bokaleak, lurmuturrak, eta abar), itsaskiak jasotzeko orientazio egokia duten, haizeteez babestuak dauden, hondo finkoa edo mugikorra (haitzak edo hondarra) duten, eta abar.

Itsaskiak jasotzeko orientazio on bat duen eremu batean, gainera, olatuei forma ona emateko hondoak topatzen baditugu, olatuak egoki orrazteko haizea falta da soilik, eta urautsi batentzat haize egokia zein den jakitea oso erraza da. Onena haizerik ez izatea, edo haizea lurretik itsasoranzko norabidean izatea. Horregatik da gurean hain preziatua hego haizea surflarien artean.

Google Earth bidez, munduko edozein txoko ikusteko aukera dugu, eta, batzuetan, sateliteak ateratako argazkian olatuek utzitako marka zuria ere ikus daiteke. Marka hori oso baliagarria izan daiteke olatuek zein norabide hartzen duten jakiteko, baina inoiz ez da guztiz datu fidagarria. Benetan leku batean olatu onak dauden jakiteko modu bakarra dago; itsaski bat sartzen denean bertan egotea.

Honi buruzko guztia: Surfa