Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

DES

Koronabirusaren aurreko aroan, mundu zabalean gutako asko eta asko bageunden jada DES- aplikatzen, sinesten genuelako (eta dugulako) DEShazkundean, DESikaskuntzan, munduaren onerako nork bere bizimodua eta oro har gauzak bestela egin ahal izateko DESegitearen beharrean, munduko milioika desterratuen, desplazatuen eta deshumanizaziora eramandakoen desesperazioa desagerrarazteko DESafio kolektiboan. Orain, gutako asko eta asko ez ezik, beste guztiak ere badaude DES-en beste eremu zalantzagarriago batean: DESeskalada eta DESazelerazioarenean. Hortxe gaude guztiok une honetan, norbere egoera hobe ala okerragoa gorabehera jendarte gisa sekula baino saretuago eta bat eginago.

Bizimodua eta gauzak denontzat aldatu dira dagoeneko; beste modu batean hasi beharko dugu gauzak egiten: kalera irten, ondo pasatu, lan egin, komunikatu, zaindu, maitatu, eta abar. Berdin izango dio, horretarako, diru gehiago edo gutxiago duzun, Leitzakoa edo Senegalgoa zaren, gizona edo emakumea. Berdin izango dio, eta ez dio izango, ondorioak ez baitituzu berdin pairatuko, baldin eta deseskaladak eta desazelerazioak iraungo duten denbora luze-luzean agintariek ez badute kapitalismoa betiko baztertzen, egoera honetara eraman gaituen eta ezertarako balio izaten ari ez zaigun pertsonak baztertzeko eta suntsitzeko makineria hori.

Zeren honek guztiak ez badie argi eta garbi ikusarazi, eta onarrarazi, sistema horren porrota, erabat zanpatua zituela gizateriaren ongizatea eta segurtasuna, kapital hutsaren mesedetan, zeinak pertsona etekina eragiteko makinatzat duen, eta horretarako balio duen bitartean baino ez duen aintzat hartzen, koronabirusaren osteko aroan berdin jarraituko dute galtzen lehengoek, betikoek: pobreek, etorkinek, emakumeek… bizimodu duinaren eskalan beti behean daudenek. Bada, oraingoan, ezin diegu huts egin, ezin dugu planeta osoan bizi izaten ari garen dena hobetzeko aukera hau galdu!

Hortaz, zain dezagun, zorrotz zaindu ere, gure agintariek ate joka dugun etorkizun berrian beren egiteko nagusia behar bezala ulertu dutela, deseskalada eta desazelerazioan DES honek behar duela jomuga: Desegin (betiko), (mundu askoz hobea) Eraikitzeko, Sistema (kapitalista).