Mikel Ibarguren
Idazlea
JOPUNTUA

Tirania arraroa

Albert Camusek tirania arraro gisa izendatu zuen epidemia “Izurria”-n. Denbora eta espazioa nahasten dira. Konfinamenduan denbora bat-batean gelditu egin zaigu, gure bizitza metro koadrokako espazio batera murriztu da. Etxea kaiolatu egin zaigu, preso sentitzen gara. Psikosi hiperbolikoan bizi gara, infodemia erabatekoan, ez dakigu zer den egia, zer den gezurra. Beldurra hezurretaraino sartu digute. Gure existentziak hipertrofiatu egin dira. Birusa semiotikoa da lau paretaren arteko biosferan.

Horregatik sozializatzen gara leiho eta balkoietan edo, inoiz baino gehiago, bideokonferentziaz. Gizakia abere politikoa baita, Aristotelen hitzetan. Jendearekin antolatuz egiten ditugu gauzak, batak bestearen beharra daukagu aurrera egiteko. Gero eta gehiago birtualizatu gara, saresozializatu gara. Pandemia honek, Nietzschek esango lukeen eran, historia bi zatitan moztu digu. Txori bat leihoan kantari ikusi du Pettik.

XIX. mendean kapitalismoaren aurka egitea justizia kontua zen; egun biziraupen kontua dela dio Paul Jorionek. Alarma egoera hau egitatez estatu kolpe antropologikoa da gutxienez. Gure izaerak hunkitu ditu. Aldebakarreko mezu telegidatuak gure emozio eta pentsamendu oro kontrolaturik dauzka. Emozionalki bahituak gauzka. Dena murriztu zaigu bat-batean. Thomas Hobessen Leviatan munstroaren eitea hartu dute estatuek. Gure bizitzen jabe egin dira. Boterea totala bilakatu da.

Shock egoeran gaude. Eta Naomi Kleinek “Shock-aren doktrina” liburuan dioenez, psikologia sozialaren bitartez boterea errotikako aldaketak egiten saiatzen da horrelako egoerak baliatuz. Egoera psikodelikoa da benetan. Argi da, koronabirusak begien bistan diren bestelako birus ideologikoak ere hedatu ditu. Barruan daramagun polizia aterarazi digu. Engoitik, bestea arriskutsu bihurtu da.

Gela batean bakarrik egoten ez dakigulako etortzen zaizkigula desgraziak xuxurlatu dit belarrira Blaise Pascalek. Agian arrazoi du.

Zaindu maite duzun hori, dio Ruper Ordorikak.