Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Anormalak bagina bezala

Ez dakit zuoi, baina niri ileak lazten zaizkit “normaltasun berria” entzuten dudan bakoitzean, Espainiako gobernukideen eta beren ezinbesteko kazetari laguntzaileen ahotik estatu osora barra-barra zabaltzen ari den kontzeptu garaikide hori. Hori zeri esaten dioten ikusita, nahiko argi dago normaltasuna zer zen haientzat lehen: jendea etxe batean bizitzea; jendea, besteak beste, etxe hori ordaintzeko lanera joatea; jendea gutxiago edo gehiago beste jende batekin elkartzea, zertarakoen artean aukera-gama zabala izanik; jendeak tarteka apetaren bat edo beste asetzeko gutxieneko parada izatea, betiere norberaren klase sozialaren eta ondoriozko erosahalmenaren arabera; eta jendea, gu, horrekin guztiarekin pozarren, zeharo gogobeteta, bizi izatea.

Bizitzako gauza sinpleak, hots, hilabete eta erdi honetan biziki faltan sumatu ditugunak, masa garen heinean denok berdin, denok maila berean: senideak, lagunak, lankideak, tabernak, bidaiak, kontzertuak, mendia, gimnasioa, futbol-zelaia, ile-apaindegia… osatu zeure zerrenda. Osatu, eta izan alai: badirudi hori guztia berreskuratu ahalko dugun eguna gero eta gertuago dugula, luze-luzea egiten ari zaigun tunel surrealista honetatik ateratzear gaudela, hainbeste eragiten ari zaigun urruntze fisikoari teleberri batzuk baino ez zaizkiola geratzen –bazter dezagun ileak berdin lazten dizkidan “urruntze soziala” kontzeptua, argi geratu baita pertsonok egoera txarretan, pandemia bete-betean!, are gehiago gerturatzera, zaintzera, maitatzera egiten dugula– .

Alai zaitez, laster barru lehengo normaltasunean instalatuta egongo gara-eta berriro, baina berritasun batzuekin, hori bai, maskarak aurpegian, eskularruak eskuetan, termometroak beti prest ibiliko baikara; kalean nahi beste, behintzat, eta ezingo gara kexatu. Orduan, jada desira txiki bat besterik ez dugu izango gogoan: txertoa, normaltasun berriari berri, eta beraz deseroso, bihurtzen duen guztia ezabatzea eta, azkenik, behingoz, kostata, bizitzako gauza sinpleez berriz gozatzea ahalbidetuko digun txerto bedeinkatua.

Batzuek, mundu honek normal, esan nahi baita lehen bezala, segitzea nahi dute. Hilabete eta erdi honetan sortu diren gogoeta eta kontaktu eta elkarketek, horiek guztiek, eragin duten norabide-aldaketa behartzeko asmo irmoa dute horietako askok, birusarekin batera ezabatzea nahiko luketena. Betiere, preziatu beharreko balioa balitz bezala, normaltasunaren izenean, noski.