Maider IANTZI GOIENETXE
Elkarrizketa
ESTITXU ALKORTA
UDALTOPEN ANTOLAKUNTZA BATZORDEKO KIDEA

«Lanean euskara pizteko zer egin daitekeen aztertuko dugu»

Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketaren antolakuntza batzordeko kidea eta Lakuako Hizkuntza Sustapenerako zuzendaria da Estitxu Alkorta. Heldu den maiatzaren 14ko Udaltop bereziaz mintzatu zaigu. Goiz batez online jarraitzeko proposamen interesgarria ondu dute.

Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak aldatu bai, baina ez ditu zapuztu Covid-19ak. «Aukera bat jardunaldia udazkenera atzeratzea zen, baina etorkizuna ez zen oso garbia, gainera egitasmo guztiak udazkenera pasatzen ari ziren. Hori baztertuta, beste bi aukera genituen: bertan behera uztea edo ausartak izan eta beste formatu batean saiatzea. Azkenean online bidezko goiz bateko jardunaldi bat egitea erabaki genuen», kontatu digu Estitxu Alkorta Udaltopen antolamendu batzordeko kide eta Lakuako Hizkuntza Sustapenerako zuzendariak.

Konfinamendua iritsi aitzineko asmoa zera zen: lehenengo egunean, Lakuaren ekintza plan estrategikoa aurkeztea, eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko prestatu duena, «eragile guztiekin kontrastatuta»; lan mundukoak, hezkuntzakoak, sindikatuak eta euskalgintza, besteak beste. Bigarren egunean, bigarren Euskaraldiari heldu behar zioten. Baina programazio hori erabat aldatu dute, ezinbestean. Izen-ematea irekia da aurten ere (bihar arte, Udaltop.eus-en) eta erantzunarekin pozarren eta harrituta daude. Proposamen berriak interesa piztu du.

Zertan gelditu da Lakuaren plana krisi honetan?

Ekintza plana garatua dago. Helburu bakoitzerako ekintza sorta bat identifikatzea eta bakoitza bere finantziazio bidearekin lotzea lortu genuen. Oraingo egoeran, planak hor jarraituko du, baina kronograma egokitu beharko dugu. Aurten zenbait ekintza bideratzeko asmoa genuen eta horiek atzeratu egin beharko dira. Finantziazioak ere berrikusi behar dira, ekintza plana ez baitzuen soilik Hizkuntza Politikak finantzatu behar, beste sail batzuek ere bai. Aurrekontu guztiak berregokitzen eta lehentasunak markatzen ari direnez, beste plan batzuk bezala gurea ere stand by egoeran gelditu da. Hor dago, garatuko da, baina denborak beste batzuk izango dira.

Aurkezpena hau dena pasatzerakoan eginen duzue?

Bai, eta lan mundutik eta entitateen aldetik zer erantzun duen ikusten dugunean. Adibidez, Lanhitz programa entitateei bideratua dago, euskara planak bultzatzeko. Berdin-berdin aterako dugu, baina ez dakigu entitateak aurkeztuko ote diren, dirulaguntzak ez baitu %100 finantzatzen, enpresak bere aurrekontutik ere jarri behar du. Jada euskara planekin dabiltzanek seguruenik jarraituko dute, baina berriak ez ditugu erakarriko egoera honetan.

Zer alternatiba aurkitu duzue Udaltoperako?

Goiz bateko jardunaldia izango da eta ez gara, pentsatua genuen bezala, jaitsiko ekintza planetara eta Ariguneen identifikaziora, baizik eta marko teoriko batean geratuko gara. Jon Sarasuak hitzaldia emango du euskararen eta lan munduaren inguruan. Etorkizunean euskarak daukan erronka nagusia lan munduan sartzea dela defendatuko du. Gazte asko dauzkagu ikasketak euskaraz egin dituztenak eta logikoena horri jarraipena ematea da. Agirre Lehendakari Centerrekoek ere beren gogoetak egingo dituzte eta mahai-inguru bat egongo da, hiru hankarekin: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua egongo da, Euskalgintzatik Kike Amonarriz Topaguneko zuzendaria, eta kooperatiben ikuspuntua emanez, Leire Okarantza, Fagor taldekoa. Galdera bati erantzungo diote: zer egin daiteke egoera honetan euskara lan munduan pizteko?

Entzuleei etxetik parte hartzeko aukera emanen diezue.

Bai, eta bideo-pilula batzuk ere emango ditugu, entitateen praktika onak azalduz. “Alea” aldizkariak, Gernikako Maier enpresak eta Agour enpresak emango dute testigantza. Ohi bezala, ezuste batekin bukatuko dugu Udaltop.

Udaltopen topaketa izaera ezingo da erabat garatu aurten, baina hitzorduari eustea bada lorpen bat, ezta?

Oso erantzun ona zeukan Udaltopek urtero, lurralde guztietako euskara zerbitzuetako teknikariek elkarrekin egoteko aukera zutelako. Euskalgintzatik ere gero eta jende gehiago etortzen zen. Denok elkarrekin egoteko aukera ematen digu, bai. Aurten ate bat ireki nahi genion euskarari lan munduan eta, larrialdi egoera honetan, leiho bat zabalduko diogu, esperantzaren ikuspuntutik, Udaltopen izaera berritzaileari eutsiz.