Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Bost surflari hilak Holandan:Zer gertatu zen?

Maiatzaren 11n Holandan surf egiten ari ziren bostpertsona hil zirela zabaldu dute komunikabideek, baina inork ez du azaltzen tamainako tragedia nola gertatu zen. Istripua aztertzeko ikerketa abian da. Hona gertatutakoa ulertzen lagun dezaketen zenbait datu.

Herbehereetako Gobernuaren egoitza nagusia dagoen lekutik gertu dagoen hondartzan gertatu zen. Scheveningen Holandako hondartza ezagunenetakoa da eta bertan galdu zuten bizia bost pertsonak maiatzaren 11n. Komunikabideek surf egiten ari ziren bost pertsonaren heriotzaren berri eman zuten biharamunean eta albisteak sekulako oihartzuna izan zuen munduko surf komunitatean zein bestelako albistegietan.

Ordea, egunak pasa ahala inork ez du argitzen zer eta nola gertatu zen. Lehen bi gorpuak astelehen gauean aurkitu zituzten, alegia, itsasoratu ziren egun berean. Beste bi gorpu biharamun goizean agertu ziren, hau da, maiatzaren 12an, eta hiltzat ematen den bosgarren pertsona oraindik ez dute aurkitu. Horrez gain, erreskate zerbitzuek pertsona bat ateratzea lortu zuten, baina haren testigantzarik ez da inon argitaratu.

Ez dago garbi hil zirenak nola hil ziren. Albisteetan itsas-apar erraldoi bat aipatzen dute, berau zer den eta kirolarien heriotza nola eragin zezakeen argitu gabe. Gertatu zitekeena irudikatzeko gutxieneko zantzuak ere ez dituzte ematen albisteek, eta ezta autoritateek ere. Ito egin ziren? Txikotak hautsi zituzten? Eta hala bada nola hautsi zituzten? Haizeak surflariak itsaso zabalera eraman zituen? Itsas-aparrak arnasa hartzea galarazten zielako ito ziren? Kolpe batean eman zen eguraldi aldaketa?

Galdera asko daude airean eta datu oso gutxi eskaini dira orain artean. Royal Netherlands Institute for Sea Research edo NIOZ izenez ezagunagoa den Herbehereetako erakundeak hartu du ikerketaren ardura.

Artean, ikerketak ematen dituen emaitzak kaleratu aurretik, Holandako kostaldeak dituen berezitasunak nabarmenduko ditugu, gertatu zena hobeto ulertzen lagunduko digutelakoan. Albisteak zabaltzerako orduan erabili dituzten argudioak eta hitzak ere aztertuko ditugu, kasu gehienetan nahasmena baino ez baitute sortu.

Jarraian azalduko ditugun zenbait galdera, soilik galderak dira, eta hipotesiak, ostera, soilik hipotesiak dira. Esan bezala, oraindik ez da argitu egiaz gertatu zena. Beraz, artikulu honek gertatutakoa hobeto ulertzen lagun dezakeen informazioa eskaini nahi du, ez du inolaz ere gertatutakoaren inguruko tesi bat defendatzeko asmorik.

Surflariak?

Komunikabide guztiek bizia galdu zuten bost «surflari» aipatzen dituzte, gutxienez titularretan, baina posible da hildakoen artean surflari bat bera ere ez egotea. Datu hau erraz eman zezaketen, eta hildakoak nola hil ziren ulertzeko oso baliagarria izan daiteke, baina oraingoz, hildako guztiak zaku berean sartu dituzte, alegia surflarien zakuan.

Gauza bat dago argi, hildako guztiak ez zirela surf egiten ari. Batzuk kite-surf egiten ari ziren eta posible da hildakoen artean igeri egiten ari zen norbait ere izatea, udalak eta federazio desberdinek egin dituzten adierazpenetan «esperientzia handiko igerilariak» zirela nabarmentzen baitute. Aitzitik, inork ez du eskaini surf egiten ari zen norbait hil zela baieztatzeko daturik.

Salbamendu taldeko kideek erreskate lanetan ari zirela topatu zituzten taula desberdinak erakutsi zituzten sare sozialetan, horrela, norbaitek informazio gehiago eskaini zezakeelakoan. Izan ere, hasieran ez zegoen garbi desagertuak zenbat ziren. Argazki hartan zazpi taula agertzen ziren, horietatik bi surf egiteko taulak ziren, eta beste bostak kite-surf egiteko taulak ziren.

Ondorioz, ez dakigu hildako pertsonak itsasoan egiten ari ziren kirola zein zen, eta hau garrantzitsua da jakitea, zeren modalitate bakoitzak dituen ezaugarrien arabera ezbehar bat izateko arrazoiak ere desberdinak izan daitezke.

Errazagoa dirudi Holandakoa bezalakoa itsasbazter batean bost kite-surflari hiltzea bost surflari baino. Kirol bakoitzak dituen ezaugarrien arabera, arriskuak ere desberdinak dira. Surfean itsasoko baldintzek eta olatuek dute eragin gehien, eta kite-surfean ostera, haizea da istripu gehienen iturburuan dagoen faktore nagusia.

Gauzak honela, Holandako kostaldean olatuak txikiak dira, baina haizeak indar handia izan dezake. Komeni da Herbehereetako kostaldeak dituen ezaugarriak kontuan hartzea.

Ipar itsasoa

Komunikabideek bi metroko itsas-apar fantasma bat ezartzen dute tragediaren iturburuan eta bost metroko olatuak zirela ere esan dute. Aparrari dagokionez, zehaztu behar da ez dela olatu batek sortzen duen aparra, beraz bere eragina bestelakoa da. Bost metroko olatuei dagokienez, Holandan tamaina horretako olatuak izatea ezinezkoa da, Irlanda, Ingalaterra eta Eskozia ezabatu beharko genituzke mapatik eremu horretan bost metroko olatuak izateko.

Ipar Itsasoa laku handi bat bezala da, baina korronte eta itsasaldi indartsuekin. Ozeano Atlantikoarekin duen loturak ahalbideratzen ditu itsasaldiak eta baita korronteak ere. Iparraldean, Eskozia eta Norvegia artean 500 kilometroko zabalera duen itsasarte bat dago, hegoaldean ostera, Mantxako kanalean, inbutu moduko bat egiten du 33 kilometroko zabalera duen Calaisko itsasarteak.

Bi sarbide horien artean aurkitzen da 570.000 kilometro koadro dituen Ipar Itsasoa, lurraldez inguratua. Ondorioz, olatuak sortzeko gaitasun urria du, uhinek ez baitaukate olatu forma hartzeko behar duten distantzia. Horregatik olatuak txikiak izaten dira Ipar Itsasoan eta olatu batetik bestera distantzia oso laburra izaten da, haize olatuak baitira, ez dira itsaso zabalean urrun sortutako uhinek altxatutako olatuak.

Kontuan hartu behar den beste osagaia itsasaldiak dira. Euskal Herriko itsasaldiekin alderatuta, itsasbeheraren eta itsasgoraren arteko tartea bikoitza da Holandan eta horrek sekulako korronteak eragiten ditu, ez baitira gurean bezala hondoan diren zuloek osatutako korronte mugatuak, itsasaldiak mugitzen duen ur masak eragindakoak baizik.

Hau da, hondartza batean ez daude norabide eta izaera desberdina duten eta hainbat korronte, haien artean bereiziak. Itsasaldi-korronte bakar batek hondartza guztian eragiten du. Euskal Herrian ere, itsasaldiek eragiten dute korronteen intentsitatean, marea erdian denean adibidez, eragin handiagoa du itsasaldi-korronteak, itsasoak abiadura gehien hartzen duen unea izaten baita, baina ez du Herbehereetako korronteek bezalako indarrik.

Holandan hil ziren kirolarien ikerketan kontuan hartzeko datua da hau. Zeren maiatzaren 11n oraindik nahiko biziak ziren mareak, eta tragedia marea aldaketa izan zen unean gertatu bazen, adibidez, itsasgora amaitu eta marea jaisten hasi zen unean, orduan uler daiteke aldaketa izan zen unean jazo zela ezbeharra. Horri beste faktore batzuk gehitu beharko zaizkio, baina zalantzarik gabe, itsasaldiak ere kontuan hartzeko osagaiak dira.

Itsas aparra

Ikerlariak istripua gertatu zen unean zegoen itsas aparra aztertzen ari dira. Ohikoa baino apar gehiago omen zegoen eta zergatia jakin nahi dute. Herbehereetako kostaldean oso ohikoa da apar zuri mamitsu bat izatea itsasbazterrean. Itsaski handiak direnean Biarritzen sortzen den aparraren antzekoa da. Ordea, Biarritzeko bitsa, hein handi baten itsasora isurtzen diren detergenteek sortzen dute. Herbehereetan arrazoia bestelakoa da.

Batetik, Ipar Itsasoan dagoen alga mota batek eragiten du aparra. Haizeak itsas azala harrotzen duenean gertatzen da, eta ikerlariak aztertzen ari dira alga kopurua ohikoa baino handiagoa delako sortu ote zen halako aparra. Bestalde, ibaietatik irteten den ur geza eta itsasoko ur gazia elkartzeak ere laguntzen du apar hori sortzen, eta istripua gertatu zen lekuan Visserhaven bokalea aurkitzen da, beraz ur gazia eta geza nahasten den eremu bat ere bada.

Istripuan aparrak izan zuen eragina aztertzen ari dira, hainbat galderari erantzun nahian. Aparrak itolarria sorrarazi ostean hil ziren kirolariak? Aparrak ikusmena murriztu eta noraezean galarazi zituen kirolariak? Nola eragin dezake halako tragedia bat itsas apar soilak?

Willen Hoof izeneko kite-surflari bat egun hartan itsasoan zen eta ozta-ozta salbatu zen. Buruan zeraman “GoPro” kamera batekin grabatu zuen guztia eta jarraian bere esperientziaren berri ere eman zuen. Irudietan ikus daitekeen moduan apar asko zegoen eta ikusmena murrizten zuen, baina okerrena haize aldaketa izan zela dirudi, zeren Hoofek erori ostean kometak galdu zituzten lagunak gurutzatu zituen hondartzara bidean.

Kite-surfean kometa galtzeko modurik errazena haize aldaketa da. Behin kometa galduz gero, arriskua handia, surflariak baino urrunago egoten baitira kite-surflariak. Honi, korronte aldaketa gehituz gero, gauzak asko zailtzen dira kite-surflari batentzat, haizearen eta korronteen arabera norabide bakar baten aritzen baitira joan-etorrian. Norabide edo «errail» hori aldatuz gero, oso zaila da egoera berrira egokitu eta erori gabe abian jarraitzea.

Ikerlariek aurreratu duten gauza bakarra zera izan da, tragediaren kausa hiru osagaien batura izan zela: Itsas aparra, haizea eta korronteak. Orain, hiru osagai horien arteko konbinazioa nola eta zein neurritan gertatu zen zehaztea falta da, bertako surflariek itsasoratu aitzin zeri begiratu behar dioten jakin dezaten.

Honi buruzko guztia: Surfa