Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Tom Curren, estiloa maila gorenera eraman zuen surflaria

Surflari bakoitza besteengandik bereizten duenosagai nagusia estiloa da. Zalantzarik gabe,surfaren historian estiloa eta Tom Curren eskutik doaz. Zergatik? Nor da Tom Curren? Hona surflarikaliforniarraren inguruko zenbait zertzelada.

Surfaren historian eta surf egiteko moduan eragin handiena izan duen surflarietako bat da Tom Curren. 80ko hamarkadan ez zuen tamainako areriorik, eta bere lekua hartu zuen Kelly Slater bera ere, Currenen surf egiteko modua antzezten hazi zen. Egun oraindik, goi mailako surflarien erreferentzia izaten jarraitzen du, bira bat estilo ederrarekin eginda, bira polit bilakatzen baita, eta, noski, askoz ikusgarriagoa da.

Lehen mailan surf egiten duen edozein surflariri galdetuta, surflari erreferenteak zerrendatzerako orduan, Curren ez da inoiz falta, ezta belaunaldi berriei galdetuta ere. Horrek, surf munduan izan duen eragina zenbaterainokoa izan den adierazten du.

Sustraiak

Pat Curren, Tomen aita, olatu handietako surfaren historian pertsonaia aitzindaria da. Izan ere, Hawaiiko Waimea eskuin olatu beldurgarrian surf egiten hasi zirenen artean zegoen 1957. urtean. Zazpi urte lehenago hasi zen surf egiten Kalifornian, 18 urte zituela, eta bost urteren buruan Hawaiin zegoen, beste dozena bat surflarirekin batera, aurrez inork hartu ez bezalako olatuak hartzen.

1961. urtean, Jeanine izeneko neska eder batekin ezkondu eta berriz ere Kaliforniara itzuli zen Pat. Hiru seme alaba izan zituzten, Tom, Anna eta Joe. Seme zaharrena, 1964ko uztailaren 3an jaio zen Newport Beachen eta Thomas Roland Curren izena jarri zioten. Orduan ez zekiten haur hura munduko surflari hoberenetako bat izango zela, baina horrela izan zen, hogei urte geroago, Tom Curren munduko surflari hoberena baitzen.

Santa Barbaran bizi zen Curren familia, klima mediterraneoko baina ur hotzeko kostaldean. Tomek 6 urte zituen bere aitak lehen surf taula egin zionean. Izan ere, bere aitaren lanbidea horixe zen, surf taulak egitea. Amak, ostera, bainujantzi denda bat zuzentzen zuen.

Tom Currenen bizitzari buruzko erreportaje guztietan aitak beregan izan zuen eragina aipatzen da, eta ez da dudarik Tomentzat bere aita erreferente handia zela, baina, aldiz, bere ama izan zen lehen urrats garrantzitsuak ematen lagundu ziona. Oraindik oso gazte zenean, amak eramaten baitzuen surf egitera eta AEBetako kostaldean zehar egiten ziren txapelketetan parte hartzera. Igerilari aparta ere bazen Tom: 500 metroko igeriketa lehiaketetan emaitza onak lortu zituen.

Aitaren beste eragin bat kristautasuna izan zen, eta egun oraindik fededun izaten jarraitzen du Tomek. Nerabezaroan alkoholarekin eta marihuanarekin arazoren bat edo beste izan zituen, baina fededun izateak asko lagundu omen zion une hartan. Beldurrari aurre egiteko ere otoitz egiten duela aitortu izan du.

Edonola ere, momentu ilunak pasa ondoren indartsu ekin zion lehiatzeari, eta, 1976ean, 17 urte baino ez zituela, IPS munduko titulua eskuratzen zuen lehen estatubatuarra bilakatu zen. Hortik aurrera, bere izena geroz eta ezagunagoa egin zen, babesle indartsuak lortu zituen eta munduan zehar lehiatzen hasi zen.

Estiloaren erregea

Tom Curren 80eko hamarkadan izendatu zuten “estiloaren errege”, eta, ordutik, ez dio inork titulua ebatsi. Munduko lehiaketetan aritu aitzin, ordea, AEBetan barna lehiatu zen. Horrela, AEBetako titulu nazionala irabazi zuen 1978an, 1979an eta 1980an. Azken urte horretan, gainera, munduko junior titulua ere eskuratu zuen.

Artean, 18 urte egin baino apur bat lehenago, bi babesle garrantzitsurekin kontratuak sinatu zituen, Rip Curl eta Ocean Pacific. Ondorioz, itzelezko indarrarekin hasi zuen 80eko hamarkada Curren gazteak. 1982ko urrian, une hartan munduko titulua eskuratzeko aukera gehien zituen Tom Carroll australiarra garaitu zuen Marui Pro munduko txapelketan. Hura izan zen Currenek irabazi zuen munduko lehen txapelketa.

Urte bat geroago, ASP zirkuitua sortu zen, egungo WSL zirkuituaren parekoa, eta Currenek hiru txapelketa irabazi zituen, baina ez zuen munduko titulua eskuratu, 1983an Tom Carrol izan baitzen munduko txapelduna. 1984an ere gauza bera gertatu zen, Currenek munduko hiru txapelketa irabazi zituen, baina titulua australiarrak eraman zuen.

Kasualitatez, garai hartan munduko txapela irabazteko aukera gehien zituzten bi lehiakideek izen bera zuten, eta hori bakarrik ez, bata AEBetan eta bestea Australian jaio arren, biak izen bereko hirian etorri ziren mundura: Newport. Aitzitik, australiar eta estatubatuarren artean inoiz izan den lehia handiena ere sasoi hartan izan zen.

Australiar eta estatubatuarren arteko lehia surfaren eremu guztietan hedatuta zegoen. Surf marka batzuk australiarrak ziren, eta, besteak, estatubatuarrak; gainera, batzuek eta besteek ezaugarri jakinak zituzten. Estilo australiarra eta estilo estatubatuarra parez pare ziren; estiloak, gainera, bizi eredu eta izaera jakin bat ere irudikatzen zituen.

Sasoi hoberena 80eko hamarkadaren erdialdera izan zuen Currenek. 1985ean eta 1986an ASPko munduko titulua irabazi zuen, baina oso azkar hasi zen txapelketekin aspertzen. Gainera, ez zuen batere maite famatua izatea. Pertsona lotsatia eta isila da Curren, eta, ondorioz, munduko txapeldun izatea beretzat karga bat zen, horregatik, lehiaketa mundutik apur bat aldendu zen bere lehen bi munduko tituluak eskuratu ostean.

«Txapelketa bat irabaztea baino askoz gehiago da bizitza», nabarmendu zuen 1986an egin zioten elkarrizketa batean. «Denbora tarte mugatu batean lau olatu hoberenak egitea da txapelketaren oinarria, horrela begiratuta, zinez hutsala da», nabarmendu zuen Santa Cruzeko surflariak.

80eko hamarkadaren amaierarako kokoteraino zegoen Curren, baina erretiratu aurretik azken ahalegin bat egin zuen eta, 1990ean, 26 urterekin, hirugarren munduko titulua irabazi zuen. Jarraian, munduan zehar bidaiatu eta olatu ederrak bilatzeari ekin zion.

Lapurdin barrena

Txapelketak, jende pilaketak eta famaren zama ekiditeko bizitza publikotik ezkutatu zen urteetan, Biarritzen bizi izan zen Tom Curren eta Lapurdiko kostalde osoan aritzen zen surf egiten. 1981. urtean ezagutu zuen Marie, Kaliforniako denda batean lan egiten zuen neska gazte frantsesa, eta, bi urte geroago, 1983ko apirilaren 26an, Australian ezkondu ziren.

Handik gutxira, bikotea Biarritzen bizitzen hasi zen eta bi seme-alaba izan zituzten, Lee-Ann eta Nathan. Biak Lapurdin hazi eta hezi dira, eta biek jaso dute aitarengandik sortzaile sena. Izan ere, Lee-Ann, surflari oso ona izateaz gain, musikaria ere bada, eta Nathan, ostera, marrazkigile eta film egilea da. 2017an, adibidez, “Biarritz Surf Gang” film-dokumentala argitaratu zuen, marrazki, elkarrizketa eta garaiko irudiak uztartuz, Biarritzen 80eko hamarkadan izan zen surf mugimenduaren nondik norakoak kontatzen dituen lana. Lee-Annek, berriz, “Daughter of the Sea”(Itsasoaren alaba) izeneko film labur batean parte hartu zuen iragan neguan. Ziburuko arrantzaleekin batera, arrantza modu tradizionala eta jasangarria bultzatzeko egitasmo baten baitan kokatzen da lana.

1993an, ordura arte emazte izan zuen Marierengandik banandu eta Biarritz utzi zuen Currenek. Ordea, oraindik loturak ditu euskal kostaldean eta maiz agertzen da ekimen publikoetan. Adibidez, Herrialdeen Arteko Munduko Txapelketaren irekiera ekitaldian parte hartu zuen 2017an, eta, iaz, Angeluko surflarien pasealekuan bere oinak iltzatu zituen.

Makeira Caicedo izeneko emakume batekin ezkondu zen 1994an eta bi haur izan zituzten elkarrekin, Francis eta Patrick. Ordutik, munduan zehar surf egin eta abestiak sortzen dabil “estiloaren erregea”. Oraindik surf ekitaldietan agertzen da, sekulako estiloarekin surf egiten jarraitzen du, baina batez ere, musikari gisa aritzen da, surf egiteko modu berri bat asmatzeko, ezinbestean sortzailea izan behar baita.

Honi buruzko guztia: Surfa