Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Hitzordua hartu dute Parisen «presoen gaia deskonfinatzeko»

Sei hilabete igaro dira haria eten zenetik. Atzo, euskal ordezkaritzak jakinarazi zuen hitzordua hartu duela frantziar Justizia Ministerioan. Covid-19ak larriagotu duen egoera salatu eta presoen auzia «deskonfinatzea» exijituko du. Bestetik, EH Bilduk iragarri duenez, hainbat hautetsi euskal presoak bisitatzen hasiko dira datorren astetik aurrera.

Euskal delegazioak frantziar Justizia Ministerioarekin elkarrizketa berrabiatuko du. Sei hilabeteko hotzaldiari bukaera emanez ondoko egunotan gauzatuko den bilera horretan, osasun krisiaren ondorioz «are larritasun handiagoa» hartu duten aferez mintzatuko dira. Zirt edo zart egiteko ordua dela eman zuen aditzera atzoko agerraldian Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria buru duen ordezkaritzak.

Mixel Berhokoirigoin bakegileak 2020. urtea mugarri gisara irudikatu zuen. Bere esanetan, frantses Gobernuak bakearen auzian bere hautua zein den erabaki behar du.

Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko presidenteak, berriz, bai delegazioko partaideengan bai gizartearengan aspaldi honetan nagusitua den arrangura islatu zuen. Aitortu zuen beldur direla Covid-19aren krisian zehar Parisek erakutsi duen jokabide itxia –baldintza guztiak betetzen zituzten sei euskal preso kartzelan atxikiz– ez ote den «Gobernuak hartu duen politika ildoaren seinale». Salbuespen neurriak behingoz ezabatzeko bidean, Parisera galderak pausatzera joanen direla gehitu zuen, «euskal prozesuak fase ofentsibo bat abiatzea eskatzen duelako».

Jarrera tinkoa nagusitu zen agerraldian. Hala, kartzeletan «muturreko egoerak, agian keinu desesperatuak» gertatzeko arriskua dagoela ohartarazi zuen Berhokoirigoinek, adibidetzat Patxi Ruiz Murtziako espetxean egiten ari den gose greba aipatuz.

Haserre, Max Brisson senatari eskuindarrak galdera ezerosoa utzi zuen airean: «Zer gertatuko litzateke preso bat kartzelan hilko balitz?». «Demokraziak eskuzabaltasunez jokatu behar du bere aurka jo zutenenekin ere», adierazi zuen Frederique Espagnac senatari sozialistak Jose Luis Rodriguez Zapaterok eginiko adierazpena bere eginez, baita Jesus Eguigurenen engaiamendua nabarmenduz ere. Era berean, Josu Urrutikoetxea ETAko militante historikoak «bakea lortzeko» egin zuen ekarpena aintzat eman zuen. Finean, 30 urte kartzelan bete duten Xistor Haranburu, Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal berehala libre uzteko eskatu zuen Vincent Bru diputatu macronistak. Ekainaren 25ean izanen den helegite auziaren atarian, epaileak fiskalaren argudioak deuseztatuz maiatzaren 12an eman zuen iritzia oso positibotzat jo zuen Etchegarayk.

Bestetik, EH Bilduko hainbat hautetsi euskal presoak bisitatzen hasiko dira datorren astetik aurrera, pandemiak kartzeletan izan duen eragina bertatik bertara ezagutzeko koalizioak martxan jarri duen dinamikaren baitan.

Salatu duenez, «koronabirusak berez kartzeletan izan duen eragina are larriagoa izan da euskal preso politikoen artean dispertsioaren ondorioz; gaur-gaurkoz senide eta lagunen bisitarik gabe jarraitzen dute».

Xabin Usandizaga kalean da, 23 urteren buruan, zegozkion erredentzioak onartuak izan ostean

Xabin Usandizaga Galarraga euskal presoa Kordobako kartzelatik aske atera zen atzo arratsaldean, 23 urteko espetxealdiaren ondoren.

Oñatiarrak 60 urte ditu eta 1997ko uztailaren 3an atxilotu zuten, Jose Antonio Ortega Lara espetxe-funtzionarioa askatzeko polizia operazioaren baitan. Ordutik preso egon da.

Urte hauetan guztietan lehen graduan sailkatuta izan dute, eta erregimen itxian. 2013an 197/2006 sententzia –‘Parot doktrina’ izenez ezagun egin zena– ezarri zioten eta espetxealdia luzatu, beste euskal preso askori bezala.

Usandizagak 2015. urtean bete zituen ezarritako zigorraren hiru laurdenak eta, beraz, aske behar zuen ordutik, baina euskal presoei ezartzen dieten salbuespen politikaren ondorioz progresiorik izatea eragotzi diote.

Irteera data abuzturako finkatua zuen orain, baina Auzitegi Nazional espainolak zenbait erredentzio onartu dizkio –Filologia Hispanikoa ikasi du kartzelan, besteak beste– eta irteera data apirilaren 2koa izan behar zela onetsi du, NAIZek baieztatu ahal izan duenaren arabera.

Horiek horrela, ostiral honetan arratsalde partean geratu zen aske. Senideak hurbildu ziren Andaluziako hirira, Xabin Usandizagari etxerako bueltan laguntzeko.

Oñati Irratiak ostegunean azaldu zuenez, hamar laguneko taldea abiatu zen Oñatitik Kordoba aldera. Indarrean dagoen alarma egoerak Xabin Usandizagaren bila joan zitekeen gehienezko bidaiari kopurua mugatu zuen. GARA