Andres OSA «SAKONA»
Aizkora

Iker Vicenteren marka saiakera Nafarroa Arenan

«Birusa moztu» lemapean, Otsagabikoak 14 kana-erdiko ahalik eta denbora laburrenean ebaki nahi ditu.

Aizkolarientzat 2020a benetan antzu doala aitortu beharra dago. Orokorrean kirol guztientzat eskasa izaten ari da. Baina bizitzak aurrera segitzen du eta geroari begira bide berriak eta asmo gogotsuak landu behar dira. Jasaten ari garen pandemia honek hesi tartean zokoratu gaitu, baina bagatoz geure onera.

Iker Vicentek ere bizi dugun egoerari aurre egin nahi dio nolabait eta, “Birusa moztu” lemapean, marka ahalegina egingo du igandean, 12.00etan, Nafarroa Arenan. 1997ko ekainaren 15ean Otsagabian jaioak 18 urterekin Nafarroako txapel nagusia jantzi zuen. Eta Euskal Herriko txapeldun irten zen iaz, 22 urterekin. Beste hainbat garaipen esanguratsu ere baditu.

Herriz herriko erakustaldietan aizkol hotsik entzuten ez denean plazaratzea ez da egokiena, baina ahalegin honetan zer lan mota hartu duen galdetu diogunean hauxe erantzun digu: «Urtero, Donostiako jaietan Trinitate plazan egiten den 14 kana-erdiko aizkol jokoa dut gogoko batez ere une honetan».

Marka ezartzeko asmotan ote dabilen galdetuta, «nik neure marka egin nahi dut», erantzun du. «Badakit aizkolari askok lan izugarriak egin dituztela. Donostiakoa 27 minutu eta 17 segundoko denboran egina dago. Marka ona da», adierazi du.

Irakurleari ohartarazi behar diogu marka ahaleginak egiterakoan materialak zeresan handia duela, besteek jarritakoa hartu edo enborrak norberak aukeratuak izan. Marka batzuk gogoratuko ditugu irakurleak iritzi sanoa izan dezan.

Jose Ignazio Orbegozo Arria II.ak eta Jose Mari Mendizabalek 20 kana-erdikotara jokatu zuten desafioa,Tolosan, 1985eko otsailaren 24an. Mendizabalek irabazi zuen apustua, baina erne, hamalaugarren kana-erdikoa Arria II.ak 21 minutu eta 24 segundoko denboran erdibitu zuen, eta Mendizabalek 22:17an. Meritu ikaragarriko desafioa izan zen.

Miel Mindegiak ere marka demasak eginak ditu. Esate baterako, 1977ko apirilaren 10ean, kana-erdiko 20 enbor 30 minutu eta 57 segundoan ebaki zituen Tolosan. Adi: horietatik lehendabiziko 14 kana-erdikoak 21 minutu eta 35 segundoan ebaki zituen.

Eta gaur egungo aizkolari bat aipatzearren, Xabier Orbegozo Arria V.a ere 14 kana-erdiko 27 minutu baino gutxiagoan botata dago.

«Ondo da, baina orain horrelako pretentsiorik ez dut. Nik neure marka pertsonala egitea pentsatu dut. Ondo banaiz, gero ere izango dut baldintza hobeagoetan lan horri aurre egiteko aukerarik. Aspaldian geldirik egon gara eta zerbait egin beharra sentitu dut; batez ere, gainean dugun pandemiaren aurka solidarioa izateko».

Ikerrek lan oso ona egingo duen zalantzarik ez dugu. Marka onena egiten ez badu ere urruti ez da geldituko, eta lan horretatik ateratzen diren sosak, balio sinboliko handikoak, ongietorriak izango dira.