Edorta JIMENEZ
Idazlea
NIKOLE ATXIKALLENDE, SABIN ARANAREN ALARGUNA

NIKOLE BIHOTZEKOA; ATXILOTUA, KARTZELATUA, EPAITUA ETA IRAINDUA

Nicolasa Atxikallenderen bizitzaren pasartea dakarkigu Jimenezek. Bi aldiz alargun: lehenengoan Nikole deitzen zuen Sabin Aranarengatik; bigarrengoan, marinel batengatik. 1937an Bizkaian atxilotua, kartzelatua, epaitua eta iraindua. Sarekaden garaia. 1951n hila. Hamaika iruzur eta egia gutxi bere bizitzaren inguruan.

Bizkaia, 1937ko uztaila. Sarekaden garaia da, faxistek odol-uzta biltzekoa. Sukarrietaren txanda 12an da. Zazpi lagun. Larrinagako kartzelara. Gizon zein emakume. Emakumeotako baten senarra bitan eduki zuten hemen. Ezkondu aurretik, 1895ean; ezkonduak zirela, 1902an. Ez zitzaion inoiz bisitan joan.

Larrinagan fitxa egin diote. Nongoa?, eta Pedernalekoa; Probintzia?, eta Vizcaya; non bizi?, eta idem; noren alaba?, eta José Maria eta María Antonia; adina?, eta 75 urte; lanbidea?, eta labradora?; erlijioa, C.A.R. (católica apostólica romana); eskolatua?, eta baietz, egoera zibila?, eta alarguna.

Eskuratu dugun fitxak ez dio zenbatetan alargundua. Hobe. «Bitan» erantzun beharko baitzukeen, eta argitu, lehenengo senarra Sabino Arana Goiri izan zuela, horra! Auskalo Larrinagan inork ba ote zekien hura nor izan zen. Bigarren senar nor izan zuen jakiteko motiboa, gutxiago kartzelako haiek. Eugenio Alegria Bilbao, Sukarrietakoa, itsas kapitaina, 1918ko gripeak jota Asturias aldean hila. Bietako batekin ere ez zuen umerik izan. Horrelaxe dakar fitxak: «Hijos? no». Faxista haien kumeek gero emakumea karabinero batekin, txapeloker batekin, armadun halako batekin, espainola gainera, ezkondu zela eta harekin, izan karabinero izan txapeloker, harekin, bai, izan zituela hiru eta bost seme-alaba; horretan ere ez datoz bat, ez faxistak eta ez horien irainak egiatzat jo dituzten beste guztiak. Haren senarra ezindua zela esateko modu bat, seme-alabena. Ez dakite lehen senarrarekin abortu bi izan zituela, zer egingo zaio baina, gaur arte. Faxistek galdu egin zuten emakumearen fitxa, Larrinagakoa, ala zer?

Lehenengo ezkontza faxistek atxilo hartu duten etxearen ondoan izan zen. Abiña ederrean. Otsailaren 2an, 1900ean. Lehen orduan. Senargaiak sekulako trankazoa zeukan, berak aitortua. Bigarrena Begoñan izan zen, 1910ean; zera, nork ditu horiek gogoan. Emakumeak berak. Eskerrak lehen senarrak idatzi zizkion gutun haiek, maitasunez eta irakaspenez beteak, beste bati eman dizkion, atxiloketa baino egun batzuk lehenago, eskerrak bai!

Ezkontza gogoangarria izan zen lehenengo hura. Emaztegaiaren aitak, Jose Marik, berak eraiki zuen San Antonio ermitan, hain zuzen. Dotore jantzita eman zuen baiezkoa. Senargaiak lagundu zion Pariseko modara janzten, harexek erosi zizkion bitxiak, lepokoa, arrosarioa, belarrikoak. Atxilotzera etorri zaizkion faxistak eurok, sublebatuok, hor aurreko kolonian ezarri duten ospitale militarretik ez ote diren etorri, batek daki. Kristalak ez dizkiote apurtu; batzuk zuri-gorri-orlegi kolorekoak dira.

Bigarren ezkontza Begoñan izan zen, badiot. Eugenio! Marinoekin ezkontzea ez da errenta. Horretaz ere inondik ere egiak ez direnak esaten dira; esaterako, Galdames izeneko ontziaren hondoraketan hil zela, Lehen Mundu Gerra amaituta hamar urteren buruan. Harekin Busturian bizi izan zen, polito edo, eta bigarrenez alarguntzean Abinara itzuli zen. Ezkontza ez zen diruagatik izan. Lehenengo senarrak dena utzi zion. Haserretu egin zitzaizkion haren anai-arrebak. Zelan gainera! Luis, batez ere. Bigarrenez ezkontzen den alarguna horrezkero ez dela alarguntzat jo behar, eta bigarren senarra ere hiltzen baldin bazaio bigarren horren alarguntzat jo behar dela idatzi zion Luis Aranak, haserre, 1935ean Egileor bati.

&hTab;Edonola ere, «bitan alargundua» behin alargundua bezain alarguna da eta faxistak horretan ez ziren sartu. Fitxa bete zuten. Eta adinarena? Emakumearen heriotza agiriak dioenez, 1873ko apirilaren 19an jaio zen. Zenbaki sorgindua hemeretzia; 1951ko martxoaren 19an hil zen. Harira! Atxilotu duten honetan emakumea ez da urte horietara iritsi.

Fitxan, bestalde, emakumearen gorpuzkeraren nondik norakoak idatzi dituzte. Formularioan. Begiak, 4ª (?); ilea, urdin; larruazala, m (morenoa); bekainak, ang-sep (angulu-beriztuak); sudurra, g (handia); ahoa, g (handia); bizarra, - (hutsik); aurpegia, red. (biribila); taila, 1600.

Larrinagan kartzelako zein ziegatan sartu duten ez dago fitxan. Berdin dio. Horko bizimodua aztoragarri egiten zaio, ziur. Sekula ez itzultzeko ateratzen dituztenak. Pentsa Busturikoak. Epaiketa gogorra izan dute. Zazpi heriotza zigor.

Kolpisten paper ofizialen arabera, uztailaren 31n, San Inazio eguna, 1 zk.ko Gerra Kontseilu Iraunkorra bildu zen, Bilbon, «errebeldia lagundu eta sustatzeko balizko delituengatik bideratu den larrialdiko prozedura sumarisimoa ikusteko eta erabakitzeko, hurrengoen kontra bideratu izanik delako prozedura kasu honetan:

Federico Bilbao Zabala, 50 urtekoa, ezkongabea; Susana Arrasate Avendaño, 35 urtekoa, ezkongabea, jostuna; Celia Arrasate Avendaño, 30 urtekoa, ezkondua, etxekoandrea; Nicolasa Achicallende Iturri, 56 urtekoa, alarguna –ez dio norena; salatzaileek ez zuten datua eman?–, etxekoandrea; Pedro Arrasate Erezuma, 79 urtekoa, ezkondua, arotza –Sabino Arana Goiriren testamentu ematean testigu–, eta Magdalena Tribis-Arrospe Asteinza, 30 urtekoa, ezkondua, etxekoandrea; denak ere Pedernaleseko auzotarrak. Autoen berri emanda, Fiskalaren eta Defentsaren txostenak aditurik eta prozesatuak berton direlarik. Erresultatzen da...».

Kolpistek, egunarena ere faltsutu ote zuten? Oxala! Ez baita imajinatzekoa epaituen gogo-egoera eguna gainera Saninazio, horixe bada. Dena dela, zer erresultatzen da? Hauxe:

«Respecto a las procesadas Elena Bajineta, Nicolasa Achillande y Magdalena Tribis Arrospe no aparece más que su filiación nacionalista y que las dos primeras han hecho manifestaciones contrarias a nuestra causa durante la dominación rojo-separatista sin que se acredite que hayan realizado ningún hecho de participación en la rebelión que se persigue (...) que debemos absolver y absolvemos a ELENA BAJINETA AVENDAÑO, NICOLASA ACHICALLENDE ITURRI, PEDRO ARRASATE EREZUMA y MAGDALENA TRIBIS ARROSPE ASTEINZA del delito por el que se les sigue la presente causa, llamando la atención respectuosamente a la Autoridad Judicial por si entiende precedente interesar de la gubernativa la adopción de alguna medida de esta índole respecto de las procesadas Bajineta, Achicallende, y Tribis-Arrospe».

Epaiketaren ostean Sukarrietara itzuli dira errugabetzat jotakoak, kartzelara eraman dituzte besteak. Etxean Nicolasa Achicallende Iturrik zerbaiten falta dauka. Betiko izango du horren falta. Senarrak idazten zizkion gutun haiek. Euskal izendegia irauli zuen gizonak Nikole esaten zion etxean, Nikole bihotzekoa, Nikoletxu, eta halakoak gutunetan.

Nikole bihotzekoak etxean hantxe zeuzkan Sabinekin ezkondu zeneko mantelina, bitxiak eta nork daki zer beste zer. Samina. Faxistek hor segitzen dute, Kolonian. Halako batean Franco bera etorri da, etxetik sentitu ditu oihuak eta ohorezko danbada hutsalak. Nahiko jende fusilatu dute benetako balekin. Jakin ote du 1935ean bisitan etorri zitzaion Iñaki Markiegi apaiza fusilatu egin dutena? Eta harekin etorri zen Korta beste apaizarena? Horrena bai, jakin zuen. Kapellanen komandante izendatua, Asturiaseko frontean hil zuten. Egundoko hileta egin zioten, Bilbon, 1937ko martxoan.

Beste martxo batean, 1951n, hil zen Nikole bihotzekoa. Busturian Sabinesie esaten zioten. Baita Atsobaltza ere. Bitan alargundua, biren lutoa eraman behar. Zeinena astunagoa, auskalo. Lehenak idatzi zizkion gutunak nekez idatziko zizkion bigarrenak. Nork daki baina.

Maitasunaren itsasoan dabiltzan botila galduetan halako zenbat ez ote diren.

Berak hari idatzitakoak ez dira gorde.