Oihane Zabaleta
Tokiko garapeneko teknikaria
JOPUNTUA

Suediako terrazak

Besteen akatsak ikusteko antiojo beharrik ez dugu. Erabat ahazten zaigu guk ere akats eta orbainez josita ditugula era guztietako narratiba eta jokabideak eta, sarritan, gure akatsak kritikatzen ditugunenak baino larriagoak ere izan daitezkeela. Mundu erdiko adituek krisiaren sorburutik Suediari begiratzen diote, zer eta herrialde honek, herritarrak konfinatu beharrean, beste estrategia bat erabiltzea erabaki duelako: osasun publikoko politikak indartu eta gomendio argia suediarrei: norberaren erantzukizuna norbere esku hartu eta ingurukoak ez kutsatzeko onena iruditzen zaiena egin dezatela. Stockholmeko Gobernuak jaso dituen kanpo kritikak eta herritarren laudorioak ez dira gutxi izan. Kanpotik, kontrapuntuak eta alderatzeak, ordea, perspektiba zabalagoarekin egiteaz gain, nork eta zein helbururekin egiten dituen aztertzeak merezi du (irakurri bestela, U. Aranzadi GARA 2020.06.13). Kuriosoa izan da Hego Euskal Herriko hainbat botere faktikok jomugan izatea Suedia eta herrialde honek krisiaren hasieratik taberna eta jatetxeak irekita mantentzea, eta ez horrenbeste, dituen beste dohain batzuk. Akats larria, begirada partzial eta interesatuarekin gainontzeko datuei erreparatzen ez badiegu: kutsatu kopurua milioi biztanleko; Suedia, 4.597, Hego Euskal Herria 6.557; Osasun gastua, biztanleko, (2019), Suedia, 5.216 euro, EAE 1.716 euro; eta Ikerketa eta Garapenerako gastua BPGarekiko (2018), Suedia %3,3, EAE %1,85. Aspaldian utzi baikenion oasi izateari, aspaldi Suediako ongizate gizartearekin konparatzeari. Amaitzeko, Suedian ez da eskolarik itxi. Hego Euskal Herriko haurrek, berriz, sei hilabetean ez dute eskolarik zapalduko. Honek porrot kolektibo ikaragarria adierazten du, eta ondorio horiek ezin ditugu gutxietsi, ebidentzia batzuk oso adierazgarriak direlako. Irailetik aurrera ikaskuntza-prozesuari ez ezik, beste alderdi psikosozial batzuei ere erreparatzeko bideari ekin beharko dio hezkuntza komunitateak. Bien bitartean, goazen hiperkontsumoaren estrategia kortoplazista goratu eta ekonomia tertziario eta prekarioa berpiztera eta, otoi, bigarren etxebizitza Kantabrian dutenekiko begirune eta enpatia handiagoa erakustera.