GARA
DONOSTIA

Kepa Junkerak jasoko du 2020ko Adarra Saria

Euskal musikari egindako «ekarpen handi eta oparoa» aitortzeko 2020ko Adarra Saria jasoko du Kepa Junkera musikari bilbotarrak. Erabaki hori hartzeko hainbat arrazoi aintzat hartu ditu Donostiako Udalak: «Kepa Junkerak bere disko-produkzio eskerga eta ezin baliotsuagoaren bidez euskal musikari egin dion ekarpen handia; haren zuzeneko emanaldi askotariko eta sarriak, estilo, jatorri eta musika eta kultur tradizio guztietako musikariekin; ibilbide osoan indarrean jardun izana; erakutsitako jakin-mina eta musika-adimena, zeinari esker era askotako inguruabar eta arte-giroetara egokitzen jakin baitu; nazioartean duen proiekzioa eta euskal musikaz egin duen zabalkundea; haren birtuosismoa; tradizioaren alderako atxikimendua eta begirunea, eta berrikuntzarako gaitasuna; haren ondarea eta errepertorioa; estilo bat sortu izana eta sortzaile berrientzat bide eta aukera berriak ireki izana».

Aurreko edizioetan ez bezala, aurtengoan saria ez da ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, Victoria Eugenia antzokian banatuko. «Aurrerago jakinaraziko den data batean eskuratuko du musikari bilbotarrak saria», adierazi dute.