Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Donostiako metroa «zentzugabea» bezain «arriskutsua» bilakatu da

Donostiak ez du metrorik behar mugikortasun eraginkorra ziurtatzeko eta, gainera, azpiegitura eraikitzeko obrak arriskutsu bilakatu dira langile zein bizilagunentzat. Bi argudio horiek zabaldu zituen atzo Satorralaia bizilagunen mugimenduak Kontxako hondartzan ezarritako gunetik. Azpiegituraren obrak bertan behera uzteko eskatu zuten.

Mugikortasunaren aitzakian Donostiara kalteak besterik ekarriko ez dituen azpiegitura da metroa. Ondorio horretara aspaldi heldua da Satorralaia bizilagunen mugimendua eta, atzo, Kontxako hondartzan barreiatu zituen bere aldarrikapenak. Mikel Alvarezen ahotik lehenik, eta hainbat protesta ekimenen eskutik gero.

Hasteko, iragan ekainaren 5ean Zubieta kalean gertatu zena –eraikin baten zimenduen azpian zulo bat aurkitu eta hainbat familia atera zituzten euren etxeetatik– «iragarria» zegoela salatu zuen Alvarezek. Izan ere, iazko otsailean lurren egonkortasuna ezbaian jartzen zuen txostena aurkeztu zuen Donostia Defendatuz koordinakundeak. «Erdigunea eta Amara hareatzaren gainean daude eraikita, eta, bertan metatzen diren ur filtrazioen ondorioz, hareatza desegonkortu zitekeela aurreikusten zen. Eta hori da gertatu dena», azaldu zuen Alvarezek, eta «txiripaz ez da ezbehar katastrofikoagorik gertatu», gaineratu zuen, azken hilabeteotan hainbat bizilagunek pitzadurak, arrakalak eta bestelako kalteak direla-eta ezarri dituzten salaketei erreferentzia eginez. Kalte horiek egon badaude ere, Lakuaren aldetik «obrak eraikinetan sor ditzakeen kalteen inguruan azterketarik egitea ez dela beharrekoa» esan zaiela eta horrek instituzioaren «ausarkeria» agerrarazten duela salatu zuen.

Hala, goizean Kontxako hondartzan protesta ekitaldia egin zuten dozenaka lagunek. “Metroari Stop” lelodun aterki horiak eskuetan, hainbat pankarta ezarri zituzten hondartzan bertan. Ostean, metroko langile bat zen hitza hartzekoa, baina senide baten osasun arazoengatik ezin izan zuen bertaratu. Alvarez izan zen hitza hartu zuena, labur, langile batek «putzuak zeharkatzen dituen kable baten ondorioz elektrokuzio bat» jasan zuela eta «handik ordu erdira atera» zutela salatzeko. «Gutxienez beste bi langilek ere eskatu dute baja laneko segurtasun ezagatik», gaineratu zuen.

Ekitaldiekin amaitzeko, Ramon Agirre aktore donostiarrak antzezlan labur bat eskaini zuen –metroko lanetako arduradun papera hartuta, ironiaz, azpiegiturak hirira ekarriko dituen “bertuteak” zerrendatu zituen Kontxako pasealekuko ikusleen aurrean–. Protesta ekitaldiei amaiera kontzentrazio batekin eman zieten.

Ekitaldi horien bidez, Satorralaiak Donostiako metroaren «zentzugabekeria» utzi nahi izan du agerian, azpiegitura «ez delako beharrekoa» eta «xahuketa ekonomiko itzela» dakarrelako berekin. Mugikortasunaren ikuspegitik ere «inolako justifikaziorik» ez duen proiektua da, Dbus eta Eusko Trenen zerbitzuen koordinazio eraginkorra bidera daitekeelako. Ondorioz, euren ustetan, «proiektu hau ez da hiriko bizilagunentzat pentsatu, turistentzat eta bisitarientzat baizik».

«Zentzugabekeria» horri «segurtasun gabezia» gehitu zaio orain, metroko langileei zein bizilagunei eragiten diena. Hala, Estatu espainoleko Itsasertzetako Zuzendaritzari Kontxako badiaren azpian eraikitzeko baimena kentzeko eskatzen diote eta, euskal administrazioei, azpiegitura behin betiko baztertu dezatela.