Kepa Korta
Irakasle eta ikertzailea
JO PUNTUA

Fabrika handia

Ordiziara kanposantu aldetik sartzen denak berehala topatuko du ekialdeko ate zaharra behar zuen tokitik gertu. Baina jarri, herriko plazan jarri zuten 1904an, artean merkatua babesteko eraikin zatar hori egin gabe zegoela. Manuel Etxabe donostiarrak egin zion oinarria Isidoro Uribesalgo aretxabaletarrak egindako estatuari. Aita Andres Urdaneta: esku ezkerreko hatz erakuslea zerura tente, eskuina zabal, onkeriaz, aurrean belaunikatuta abitua musukatzen ari zaion “indioari” altxatzeko eskatuz-edo, hari, edo beste inori, begiratu gabe. Buruan luma daraman beste “indioa” zutik dago, baina gora begiratzen dio fraideari (hau idulkian igota baitago). Ezkerreko eskuan makila du; atzean gordetzen duen eskuinean, berriz, azkona ezkutatzen du, ez dakigu zein asmorekin. Nekez gal daiteke irudiaren kirats arrazista. “Fraiandres” esaten diogu herrikide agustindar-militar-nabigatzaile-konkistatzaile kutunaren eskulturari, “indioen” aipamenik txikiena egin gabe. Haiek hortxe uztea izan daiteke onena, AEBetatik datorren haizea lagun, “Fraiandres” Oria ibaira botatzea erabakitzen bada.

Euskaldunoi lana pilatzen ari zaigu geure begiez, zorrotz eta zintzo, historiari begiratu, eta behar bezalako kontakizun kritikoa osatzeko. Urdanetari omenaldi asko eta ikerketa gutxi egin zaio. Eragindako kalteak zuzentze aldera gauza gutxi egin dezakegu; aurrerantzean halakorik ez onartzeko konpromisoa hartu, bai, hori bai.

“Fraiandres” Ordizian jarri eta gutxira, 1917an, sortu zen ofizialki CAF Beasainen. “Fabrika haundie” esaten diote adin batetik gorako goierritar euskaldunek eskualdean sekulako garrantzi ekonomikoa izan duen tren-fabrikari. Urteetan harrotasun puntu bat ere nabaritu izan zaie bertako langileei eta senideei, borrokari esker lortutako lan-baldintzak direla-eta; edo hango eta hemengo lan-kontratu handiez jardutean. Orain lotsatuta dabiltza, Jerusalem eta lurralde okupatuetako asentamendu ilegalak lotzeko tranbia dela-eta. Gelditu behar dugu; oraingoan historiaren alde zuzenean kokatu; belauna lurrean, oihu egin: “Palestinian lives matter!”.