Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Perspektibaz

Konfinamenduan oso ordu gutxi eskaini nion pelikulak edo telesailak ikusteari, baina azken horietako bat kolpe bakarrean irentsi nuen ia, eta biziki gomendatu nahi dizuet: “Pose” (posatu). New Yorken girotua, 80ko hamarkadaren amaieratik 90ekoaren hasierara arte; batez ere, garaiko transexualak ditu hizpide (pertsonaia-talde baten bidez), beren bizimoduak eta, batez ere, bizirik irauteko estrategiak (hala psikologikoki edo emozionalki nola fisikoki bizirik). Izan ere, urte haietan hasi zen ziztu bizian zabaltzen giza immunoeskasiaren birusa (GIB), hiesaren pandemia. Gazteek ez dute jakingo, baina erakutsi beharko genieke: egun bizi dugun hau baino askoz ere hilgarri, baztertzaile, anker eta izugarriagoa, bai gobernuek bai jendarteek oso motel, gaizki eta ezin bidegabekiago kudeatu zutena, zergatik eta, ustez, “pertsona zuzen eta zintzoak” salbu zeudelako; bestela esanda, aurretik ere marjinaziora zokoratuta zeudenak baino ez zirela kutsatzen uste zutelako: homosexualak, transexualak, jonkiak, putak… etiketa baztertzailez jantzitako guztiak, pertsonak barik.

Mende erdi eskas geroago beste zeharo bestelako pandemia batean murgilduta zaudelarik, hura zer izan zen, jende hari nola eragiten zion eta nola bizi zuen kontatzen duen telesail bat ikustea zinez interesgarria da. Zeure burua zeure garai eta testuinguruan kokatzen laguntzen dizu, eta zeure inguruneari, garaiko arazo eta borrokei, borrokalariei ere bai, perspektiba handiagoz begiratzen, gertatzen ari direnez hausnartzen, gertatu zirenen osteko irakaspenak lagun. Laguntzen dizu egiaztatzen, bai, gauza asko zenbat aldatu diren, sexu-identitateei, haien ikusgaitasunari eta onarpen-mailari dagokienez, adibidez, baina baita ohartzen ere beste asko ez direla batere aldatu: egun, oraindik ere, alde ederra dago sexu-identitate bat edo beste izan, alde ederra bati eta besteari onarturiko estatusean, eskubideetan, arretan… Eztabaida eta zarata handia dago, eta, bitartean, lehen bezala, orain ere pertsona asko sufritzen ari dira, ezinezkoa delako norbera dena ez izatea, norberaren larrutik kanpo bizitzea.

Halako gauza sinplea, eta konplexuagoak diren beste zenbait, ulertzeko edota ulertarazteko aukera polita (eta gogorra bezain hunkigarria) da “Pose”, etiketak erantzita pertsonen arteko zaintza-beharraren erakusgarri aparta, garai bateko zaintza-sare behar-beharrezko bat omenduz egungoak sendotzeko eta gehiago sortzeko akuilua.