Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Adinaz edo

Amonari sarri entzun nion zahartzea baino gauza tristeagorik ez dela. Horrela amaitzen zituen berak adineko pertsonen inguruko hizketaldi gehienak; esaldi horrekin eta hasperen sakon batekin. Eta horiexek errepikatuz eman zituen bere azken egunak, tristea izanagatik, gehiago zahartzeko eta bizitzari indarrez heltzeko ahalegin horretan.

Adina eta haren inguruko pertzepzioa bitxia eta aldakorra da. Akorduan daukat oraindik nire amak hogeita hamar urte egin zituenean. Hura niretzat langa esanguratsua zen orduan, gazteak eta «zaharrak» bereizten zituen muga eta buruhauste bat baino gehiago eman zidan amak hura gainditu zuela pentsatzeak. Geroago, nerabezaro bete-betean barregarriak iruditzen zitzaizkigun adinean aurrera egin eta gure begietara gazteei zegozkien jarrerak zituzten pertsonak. Orduan dena zen lotsa emateko modukoa, barregarria eta kutrea guretzat. Baina hara non, pixkanaka aurrera egin eta hogeita hamarreko langa pasa eta hurrengora gerturatzen ari gara eta gaztetxoen begietara gu ere barregarrien muga horretan hasi gara dantzan ia konturatu gabe.

Adinaren eta honen pertzepzioaren inguruko ikerketa zenbait egin dira eta, antza, pertsonok gure adinaz dugun irudia oso lotua dago gure osasun egoerarekin; zenbat eta osasuntsuago, orduan eta gazteago sentitzen gara; edo alderantziz, akaso, gazte sentitzeak osasuntsuago egoten laguntzen du. Adin subjektiboaz mintzo dira ikerketa horiek. Alor honetan egin diren beste lan batzuek, ordea, iruditerian jarri dute fokua eta adinaren pertzepzioa zahartzaroaz dugun ikuskeraren baitakoa dela nabarmendu. Hau da, zenbat eta iritzi ezkorragoa izan bizitza etapa horren inguruan, orduan eta gazteago sentitzeko eta zahartzaroarekin lotzen ditugun jarrerez urruntzeko joera handiagoa dago. Bada, adineko pertsonekin lan egiten duten kolektiboek ohartarazi dute azken hilabeteetan zabaldu diren mezuetako askok ikuskera negatiboa areagotu dutela eta gero eta ohikoagoa dela pertsonak adinagatik baztertuak sentitzea. «Ikusten, zahartzea baino gauza tristeagorik ez da» esango zuen behin eta berriz, hasperen sakona egin aurretik.