Zorioneko ikonoklastia
Atzerakoi konpultsiboak nola aterarazten dituen bere onetik ikusteagatik besterik ez balitz ere, mereziko luke. Baina badu onura sakonagorik Black Lives Matter mugimenduaren epelera Ameriketako Estatu Batuetan sutu den ikonoklastia boladatxo horrek. Nahi gabe bada ere, ia beti estetikari egiten dion mesedeaz gain.
Muturrekoa lirudikeen adibide bati helduz: Princeton Unibertsitate ospetsuak Woodrow Wilson presidentearen izena kendu dio bere School of Public and International Affairs ospetsuari. Eta, bidenabar, Wilson College berari ere izena aldatu dio. Zergatia, noski, Woodrow Wilsonen arrazialismo ezaguna. Doitua, baina itzulingururik gabea. Gaur egun supremazismo zuria deituko genukeenean sartuko litzateke bete-betean Wilsonen pentsamoldea. Zuriak gainetik zeudela sinesten zuen irmoki (eta ez zen kaiku arlote bat); eta hegoaldeko demokrata harentzat ez zen nornahi zuria.
Europako bazter askotan, “Hamalau Puntuek” ematen dioten ospea besterik gogoan ez dutenei, agian, ulergaitza ere egingo zaie unibertsitate hartako Batzar Nagusiak, bozkatuz, hartu duen erabakia. Baina Woodrow Wilson zertxobait ezagutzen duenari ez zaio horren harrigarria egingo. Berez, aspalditik zetorren eskakizuna; eta beste ikastetxe eta zentro batzuek ere antzeko erabakiak hartu dituzte hari buruz. Wilson bera baino askoz zabarragoa den beste supremazista bat Etxe Zurian ipintzeko gai diren Ameriketako Estatu Batuetan gertatzen da hori.
Hemen gertuagoan, ordea, Menendez Pelayoren izena darama unibertsitate batek, aspalditik, munduko gauzarik normalena balitz bezala; edo, behintzat, inork ez du ezer esaten. Eta egunero igaro behar izaten dut Prim kaletik… Eta Angiolillok bere lana egin atarian «uste dut esklabotza haientzat [Kubako beltzentzat] askoz hobea zela ezer ez egin eta langabe oldeak osatzeko darabilten askatasun hori baino; beltzak ezagutzen dituen edonork esango dizu alferrak, basatiak, gaizkileak direla...» zioen Canovas del Castilloren izena eraman zuen luzaro fundazio ospetsu batek.
Batzuek inguruan ezagutzen duten arrazista bakarra Sabino Arana da nonbait. Hori begia!