Iratxe Esnaola
hezkuntzan doktorea
JOPUNTUA

Eskolako familien Whatsapp taldeak

Ikerketa akademiko gutxiren abiapuntua bada ere, zaila da egun eskolako familien Whatsapp talderik gabeko eskolak aurkitzea. Talde hauen gainean modu erabat positiboan hitz egiten duten kideak topatzea ere konplikatua da, baina inor gutxik erabakitzen du kanpo geratzea: nahiz eta askotan beste familiekin harreman oso gutxi izan; nahiz eta eskola-familia harremanean duen eragina ia hutsala izan. Nolabaiteko loturaren bat sortzen du, beharren bat asetzen du.

2017an Estatu espainiarrean HHko eta LHko familien taldeetan egindako ikerketa batek ondorioztatzen duenez, familien talde hauek hezkuntzarekiko konpromiso sentimendu oso ahula sortzen dute, familiek hezkuntzan izan behar luketen inplikazioa apenas sustatzen dute eta oso gutxik sentitzen dute taldea sortzearen ondorioz hezkuntza proiektu komun baten pertenentzia sentimendua handitu zaiela. Hori gutxi balitz, haurren autonomian onura baino kalte egin dezakeela ondorioztatzen dute, ardurak hartzen hasteko adinean dauden haurren familiek taldea erabiltzen baitute ardura horietan esku hartzeko.

Hezkuntza komunitatearen helburuetan egon behar luke familien parte-hartzea sustatzeak eta, hortaz, horretarako kanalak ireki edota hedatzeak. Eta, noski, kanal horiek egungo bizitzeko moduetara egokitzeak. Alta, familien Whatsapp taldeen dinamikatik kanpo dago Eskola. Agian, talde hauek hezkuntzan laguntzeko baino, familien arteko elkarrizketarako gune gisa interpretatzen dituztelako. Eta Eskola dinamikatik kanpo dagoenez, familien artean ez da arautzerik ematen. Ez landuko diren gaien irismena zehazteko, ez haurren argazkiak taldean partekatu edo ez edo haurrek talde horretan izango duten parte-hartze maila adosteko. Eta horrela, inertziaz, familien taldean baina irizpide propioz, feminizatutako Whatsapp taldez bete zaigu hezkuntza eremua.

Nik ere gure etxeko txikien familien taldeetako kide izan nahi nuke: Whatsapp instalatu gabe, erabilera adostuz eta familia eta eskolaren arteko harremana indartzeko desiotik.