Asier AIESTARAN
Elkarrizketa
JON ANDER PEÑA
PILOTARIA

«Irungoa izan da defentsan orain arte egin dudan partidarik onena»

Jon Ander Peña (Tolosa, 1997/07/18) une gozoak bizitzen ari da. Oinatz Bengoetxearen ordezko gisa sartu zen Caixabank Masters-ean, eta jokatutako bi partidak irabazi egin ditu; aurrenekoa, Olaizola II. eta Zabaleta faboritoen aurka, gainera. Aitortu duenez, itxialdiko hilabeteetan lan handia egin du eta bere maila erakusten jarraitu nahi du: hurrengo aukera datorren astelehenean izango du, etxean.

Lesioak direla-eta kirolaren alderik garratzena ezagutu ondoren, azkenaldian kantxan gozatzen ari da Peña, eta hori nabaritu egiten da jokoan nahiz emaitzetan. Negua oso ona izaten ari zen berarentzat, eta uda ere ezin hobeto hasi du aurrelari tolosarrak.

A ze uda hasiera! Konfinamendu garaian esan balizute…

Konfinamendu aurretik maila ona ematen ari nintzen, txukun jokatzen. Promozio Mailan partida onak jokatzen ari nintzen, eta Lehen Mailan ere pare bat partida jokatzeko aukera izan nuen. Geldi egon garen hiru hilabete hauetan asko entrenatu naiz, eta enpresak aukera eman dit goian jokatzeko. Eta, noski, bi partida horiek irabazita oso pozik nago.

Oinatzen lesioagatik sartzea ez da politena, baina aukera ederra izan da zuretzat, ezta?

Zure eguneroko lankide batek min hartu duelako sartzea ez da ilusio gehien egiten duena, argi dago, baina aukerak gutxien espero duzunean etortzen dira eta baliatzea oso garrantzitsua izaten da. Pozgarria da.

Irunen tokatu zitzaizuna, gainera, ez zen batere erraza: Aimar eta Zabaletaren kontra.

Olaizola eta Zabaletak osatzen dutena Lehen Mailan egin daitekeen bikote konpletoenetako bat da. Nik jokatuko nuela esan zidatenean argi izan nuen niretzat aukera bat zela, horrela hartu behar nuela, ez zela irabazi beharraren presioarekin hartu beharreko neurketa bat. Borrokatzeko ideiarekin joan nintzen, Martija ere pilotari oso borrokalaria da, gogor lan egiten duena beti, eta argi geneukan horretara joango ginela. Azkenean beraiek ere ez zuten egunik onena izan, guk sekulako partida egin genuen, eta irabaztea lortu genuen.

Irunen, adibidez, sekulako partida egin zenuen. Erasoko jokoan, airez-eta, bagenekien zer maila daukazun, baina atentzioa eman zidan defentsan zer sendotasun erakutsi zenuen.

Geldialdi luze honetan pentsatzeko denbora ere izan dugu, eta bakoitzak badaki non egiten duen huts. Ni saiatu naiz hankak lantzen, defentsako lanean buru gehiagorekin jokatzen, eta uste dut partida hori izan zela nire aldetik defentsan orain arte egin dudan onena.

Eta hau binakako torneoa denez Martijak eman duen maila ere nabarmendu behar da; oso fresko ikusi dugu. Ezagutzen zenuen afizionatu mailatik? Jokatuta zeunden berarekin?

Nire adin berekoa da. Afizionatu mailan bere kontra askotan jokatu nuen, eta elkarrekin ere bai noiz edo noiz. Eta bai, atzelari segurua eta langilea izateaz aparte, asteazkenean ikaragarri eman zion pilotari. Partida bikaina jokatu zuen.

Zaldibarrekoa agian apur bat desberdina izan zen, Lasok eta Irribarriak pilota gehixeago galdu zituzten.

Atseden txikia izan genuen partida horren aurretik. Bi egun eta erdi gutxi gorabehera. Gure planteamendua argia izan zen hor ere, lan asko egin eta ahal zenean tantoa bukatu, kolpe handiagoko pilotariak zirelako. Indartsu hasi ziren, baina gero nahiko galtzaile ibili ziren. Nahiko erraz hartu genuen aurrea eta gero ongi bukatzea geratzen zen.

Eta hurrengoa, astelehenean Tolosan, etxean. Berezia izango da zuretzat, ezta?

Bai, ongi ari naizen seinale. Enpresak ere uste dut horrela ikusi duela eta eskerrak eman nahi dizkiot konfiantza hori erakutsi didatelako. Beste partida zail bat izango da, bi jotzaile handiren kontra, baina guk lana egingo dugu ziur eta ea bion artean lan on bat egiten dugun.

Pentsatzen dut ez duzula askoz aurrerago begiratu nahiko, Oinatz osatzen denean bera itzuliko baita Mastersera.

Kontziente naiz Oinatz dela titularra eta bera ongi jartzen denean bere lekua hartuko duela. Baina ordura arte nire aukerak baliatzen saiatuko naiz.

22 urte dituzu, laster 23. Promozio Mailan final batzuk jada jokatu dituzu, Lau eta Erdikoa irabazi zenuen, maila nagusiko Binakakoan ere jokatu zenuen… Progresioa bide onetik doala esan daiteke, ezta?

Iaz bi lesio gogorri aurre egin behar izan nien, lan dezente egindako urtea izan zen, eta gero emaitzak zure alde etortzen direnean lan hori eskertu egiten da. Gaizki pasa duzunean, beste aldekoak etortzen direnean konturatzen zara egindako lan guztiak zerbaitetarako balio duela.

Lesio horiek erabat ahaztuta daude?

Bai, bai. Aurreneko pare bat hilabetean beti daukazu beldur hori, baina pasa den neguan jada ahaztuta zeuden, buru aldetik ere bai.

Hortaz, eskatzen hasita, aurtengo uda berezi honetan garrantzitsuena, lesiorik ez izatea...

Bai, eta ez pilotariontzat bakarrik, edozein kirolarirentzat hori da garrantzitsuena. Lesioetatik zenbat eta urrunago egon, orduan eta aukera gehiago hobetzen jarraitzeko. Lesioak atzerapausoak izaten dira lan horretan; beraz, ea errespetatzen nauten eta hobekuntza horrekin jarraitzeko aukera dudan.