GARA
DONOSTIA

Inaxi Etxabe hil da, isilarazitako emakume bertsolarien belaunaldi baten lekukoa

Inaxi Etxabe Oliden oikiarra etxean hasi zen bertsotan eta doinuak bere kabuz ikasi zituen. 1950eko hamarkadan plazara ateratako emakume banaketakoa izan zen. 87 urte zituela zendu da.

Kantatzea beti gustatu izan zitzaion emakumea zen Inaxi Etxabe. Berak inoiz aitortu zuenez, «isildu gabe» aritzen zen kantuan etxeko lanak egiten zituen bitartean, eta beti eramaten zuen patrikan aitak edo anaietakoren batek ekarritako bertso paperen bat. 1933an Zumaiako Oikia elizatean jaioa, Inaxi Etxabe 87 urterekin zendu da.

1950eko hamarkadan plazara ateratako emakume bakanetakoa izan zen eta oholtzan azkenekoz 2015eko abenduan ikusi genuen, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Hain zuzen ere, Inaxik jarri zion txapela irabazleari, Beñat Gaztelumendiri.

Inaxi Etxabe Oliden 11 senideko familian gazteena zen. Senideetako hiru, bera baino zaharragoak, jaio berritan hil ziren; laugarren bat, 1936ko gerran. Zazpi anai-arreba ezagutu zituen, beraz. Horrela jasotzen du orain urte batzuk Lakuako Kultura eta Hizkuntza Sailak argitaratutako “Bidegileak” bilduman berari eskainitako lanak.

«Bertsotan etxean hasi nintzen. Bertso paperak eta horrelakoak etortzen ziren gure etxera, ez dakit aitak edo anaiak ekarrita. Harritzen nauena da doinuak non ikasi ote nituen, irratirik ere ez baitzegoen garai hartan! 18 urte nituen arte ez zen irratirik izan, Oikian bakarra zegoen. Non ikasten nituen doinuak?», adierazi zion GARAri, Gipuzkoako Txapelketako Finalaren bueltan eskainitako elkarrizketa batean.

Doinuak etxean, Oikiako plazan festetan izaten ziren saioetan, alboko herrietako festetan, anaia zaharren bidez… ikasiko zituen akaso, ez zuen argi, baina, ikasi, ikasi zituen. Plazara lehen aldiz atera zenean ere, ez zen plazarik. «Jangela batean izan zen. Sekulako bazkaria zen, jende mordoa zegoen. Elizaren aldetik ibili naiz ni beti, bestela ez dut izan aukerarik. Fama txarra azkar jartzen zitzaion tabernan eta bertsoak kantatzen aritzen zen emakumeari».

Horrenbestez, sortzez bertsolari izatea estimu handikoa zen leku baten jaio izanagatik ere, tabernan inoiz kantatu gabeko Inaxik jendaurrean bertsotan egiterako bazituen jada urte batzuk. Isilarazitako emakume bertsolarien belaunaldi oso baten lekuko izan zen. Hori bai, hainbat aldizkaritan-eta argitaratu izan dira bere bertso idatziak.

Elizkizuna gaur izango da, Zarautzen, 19.30ean, San Joan Bataiatzailea Aita Frantziskotarren elizan.