Norbere zailtasunen aurrean
Neurriei dagokienez etengabeko aldaketan dagoen pandemia honen erdian, beste pandemia askoz zaharrago, hedatuago eta hilgarriago bat ere gure artean bizi-bizirik dagoela gogorarazi dit pertsona batek berriki, nik behin eta berriro arbuiaturiko bere presentzia nire parean inposatuz. Behin sustoa pasatuta, beste behin hasi naiz hausnartzen nola egiten diogun aurre emakumeok oro har gizonen jazarpenari eta bereziki gizon oso ezagunengandik (behiala maitale, bikotekide, lagun…) datorrenari. Izan ere, bai gureganako justiziaren bai justizia sozialaren alde hartu beharreko neurrien gaineko teoria nahiko argi daukagu gaur egun, larritasun-maila areagotu ahala koronabirusa ekiditekoei buruzkoa bezalaxe, baina, horiekin bezala, gero norbere azalean egoera eta kasuistika zehatzak bizi direnean, dena lausotzen zaigu dezente, eta justifikazioetan, gauzak leundu nahi izate horretan, hasten gara.
Ezin da leundu, ordea, are gutxiago justifikatu, gizon batek ez onartzea andre baten ezetza, ukoa aurrez aurre elkartzeari, telefonoz hitz egiteari, Whatsappez komunikatzeari, SMSak erantzuteari, e-postak irakurtzeari, ezer jakin nahi ez izateari, finean… eta horregatik, bat-batean, gizona andrearen etxeko atari ondoko tabernan hura noiz helduko zain paratzea. Ez litzateke egon beharko modurik, genero indarkeriaren nolakotasun guztiak identifikatzeko lanean hainbeste aurrera egin dugun garai honetan, hor ez ikusteko jazarpen hutsa, gizon nahiz emakumeek, denok, inolako aringarririk gabe.
Alabaina, epealdi labur samar batez bikotekidea izan nuen gizonaren ekintza zehatz horri, zazpi urtez modu ziklikoan denetik idatzi ostean eta nik entzungor egiteko ez dakit zenbat energia-tona xahutu behar izan ondoren nire etxeko atari ondoan zelatan egoteari, «erromantikoa eta polita, nolabait» iritzi diote nire inguruko zenbaitek, istorio negargarri hau ondo ezagutzen duten arren, hura ikusitakoan izan nuen erreakzioagatik neure buruarekin haserre nabilela badakite ere.
Izan ere, nahiz eta jakin badakidan, zalantza barik identifikatzen dudan, haren ekintza guzti-guztiak jazarpena direla, urte hauetan guztietan biziarazi izan dizkidan uneek, helarazi izan dizkidan hitzek, irentsarazi izan dizkidan gezurrek eta abarrek arrasto itsusia eta pisutsua utzi dutela nigan, zur eta lur geratu, sekula nahi izan ez dudan moduko elkarrizketa bat izan eta barrena, beste behin, lagunekin askatu dut, besterik ez. Mesede eskasa bai nireganako justiziari bai justizia sozialari, pandemia matxista desagerrarazteko beharrari.