EDITORIALA
EDITORIALA

Presoen askatasuna exijitzeko garaia da

Covid-19a berriro nabarmen hedatzen ari den honetan, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak atzo erabaki zuen Hego Euskal Herriko, Madrilgo Erkidegoko, Errioxako, Zaragozako eta Valentziako espetxeetan komunikazio intimoak, familiarrak eta bizikidetzakoak bertan behera uztea. Etxerat elkarteak, bestalde, jakinarazi zuen beste hainbat espetxetan ere lokutorioan kristalarekin egiten ez diren komunikazioak bertan behera gelditu direla; Puerto III eta Ocañan murrizketak daudela eta Topasko presoek berrogeialdiak pairatzen dituztela. Beraz, bisiten murrizketek ez diote orain hartutako erabaki bati erantzuten, Barne Ministerioak islatu nahi izan duen bezala; aitzitik, dagoeneko ia sei hilabetez luzatzen ari den egoera baten jarraipena besterik ez da.

Hurrengo hiru asteetarako agindu du neurria Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak, baina luzatzeko aukera badela aurreratu du jada. Bestalde, bideo deien kopurua handitzeko aukera aipatu du –ordezko neurri gisa–, nahiz aurreko hilabeteotan oso gutxi erabili diren, eta, euskal presoen kasuan, ia batere ez. Gauzak horrela, kartzeletako osasun krisiaren kudeaketaren ondorioz, euskal presoak eta haien senideak egoera oso gogorra bizitzen ari dira, neurriok segurtasun falta, urduritasuna, beldurra eta ezintasuna eragiten dutelako. Itxura guztien arabera, Barne Ministerioak pandemiaren hedapena aitzakia ezin hobe bihurtu du presoak gehiago bakartzeko, eta, bereziki, euskal presoak euren senide eta lagunengandik isolatzeko.

Beste estatu batzuetan gobernuek presoen egoera arintzeko neurriak hartu dituzte, milaka lagun askatzera iritsiz. Ez da Espainiako Estatuaren kasua, ezta Frantziako Estatuarena ere, euskal presoei dagokienez. Beste estatu batzuetan gertatzen denarekin alderatuta, berriz ere agerian geratu da euskal presoei aplikatzen zaien espetxe politikaren izaera mendekuzalea eta gizagabea. Zentzugabekeria honekin amaitzeko, kartzelak husteko garaia da, euskal presoen askatasuna exijitzeko garaia.