Txoli Mateos
EHUko irakasle ohia
GAURKOA

Covid-19a eta ezkertiarrak

Covid-19aren harira sortutako osasun krisia mota askotako gogoetak eta jarrerak ari da eragiten, ezker erradikaletik ultraeskuinera eta, harrigarriro, batzuetan, elkarren antza sumatu ahal izaten da mutur bien artean. Uste dut ezker independentismo antolatuaren diskurtsoa eredugarria izan dela (eta dela) pandemia honetan, argi eta garbi adieraziz euskal herritarron osasunak duela lehentasuna, eta horren karietara alternatiba argiak eskainiz. Duda barik, herritar gehienon kezka nagusiaz jabetzen jakin du eta, nolabait esatearren, sen oneko proposamenak egin izan ditu, adibidez, zalantzan jartzea EAEko azken hauteskundeen deialdiaren beharra. Edota, beste adibide bat ipinita, mahai gainean jartzea euskal gizarte moderno honetan arteztu behar direla zaintzaren inguruko ereduak. Ene irudikoz, arduraz jokatu du, heldutasun politiko handia erakutsiz eta hori, esan gabe doa, txalogarria da.

Baina badirudi euskal herritarrok nekatzen hasita gaudela, itxialdiaren ostean, agintariek kaleratutako osasun neurriak bata bestearen ostean baitatoz eta uda ez baita zorrotz aritzeko urteko sasoirik onena. Horri gehitu behar zaizkio ekonomian edo lan arloan pairatzen ari diren egoera jasangaitzak. Kontua da ataka gogorra baina laburra izatea espero zena, amaierarik ikusten ez zaion egoera korapilatsu bihurtu dela eta gero eta nabariagoa da jendearen ezinegona. Zaharren egoitzetako senideak kexu dira neurriak gogorregiak direlako; gazteak euren kriminalizazioa gorpuzten ari delako, irailean eskolara itzuli behar duten irakasleen sindikatuak neurri argigarriagoak nahi dituztelako, eta ostalaritzako jabeak negozioa amildegiaren ertzean sumatzen dutelako... Eta ez dugu hitz egingo osasun arloan lan egiten duen jendearen egoeraz, jakitun gaudelako: negargarria da. Eta gure bizitza haien eskuetan dago.

Euskal gizartea nekatuta edota beldurtuta edota asaldatuta dago, hurrenez hurren. Ezker independentismoa ere bai? Herritar askoren ezinegonaz gain, susmoa dut gero eta presio handiagoa jasaten ari dela pandemia honetan herritarron otzantasuna salatzen izan duten mota guztietako ezkerreko sektore batzuen aldetik. Izan ere, ezkerraren barruan hasieratik egon dira iritzi kritikoak, eta haien artean kontraesankorrak ere, covid-19aren kontu honi batzuetan garrantzia kentzen, besteetan handitzen edo zirrikitu ezkutuak bilatzen saiatu direnak, eta iruditzen zait gero eta entzute handiagoa jasotzen ari direla aipatutako ezinegonari esker. Adierazpen kontraesankorrak eta nahasgarriak azaleratzen dira: neoliberalismoa sutsu kritikatzen duten liberal erradikalek indar berarekin defendatzen dute euren askatasuna besteen osasunaren gainetik dagoela, inplizituki ala esplizituki esanda ere. Eta ezkertiar askok ere, askatasunaren izenean beti, bat egiten dute liberalismo naif horrekin: goitik datorren guztiaz mesfidati dira, izan artikulu zientifiko baten emaitzak zein administrazioak ezarritako debekuak. Maskara jantzi edo osasun neurriak errespetatu, dena da sistemari obeditzea eta otzantasuna erakustea. Etsigarria da, zinez. Egunkari honetako kazetari baten berbak dira, pandemiaren hasierakoak, artean derrigortasunik ez zegoelarik: maskara janztea ez da hipokondria, elkartasuna da. Esan gabe doa, arduragabea eta umekeria hutsa iruditzen zait egoeraren larriaz jabetzeko heldutasun falta hori.

Hori al da euskal gizarteak behar duen gogoeta arrazionala egoera zuzen bideratzeko proposamenen inguruan eztabaidatu ahal izateko? Aitortu behar da ezkerrari oso zaila egiten zaiola horrelako egoeretan oreka zuzena aurkitzea; alegia, lubaki argirik ez dagoenean, gizarte osoari eragiten dion krisialdi bati buruz ari baikara hitz egiten eta, horren ondorioz, botere politikoarekin batera jardutera behartuta ikusten baitugu geure burua. Saihets ezineko mugimendu pendularrak egiten dira eta erraza da mezu kontraesankorrak kaleratzea. Horrelako egoeretan inoiz baino gehiago eskatu behar da burua hotz izatea zeren, oharkabean, laprast egin dezakegun eskuineko populismo baten jarreretara eta, ondorioz, gogoeta sustatu beharrean, ezinegona, mesfidantza, beldurra eta krispazioa areagotu ahal ditugu.

PPko buruzagi ohi batek esana da: moderazioa ez dago modan. Eta arrazoia eman behar zaio, halabeharrez. Aspaldi esana dago halaber bertutea ez dela zertan erdibidean egon, muturretan egon daiteke eta. Baina niri kezkagarria iruditzen zait ikustea zein neurritan izan daitezkeen elkarren lagungarri muturreko ezkerraren eta eskuinaren diskurtsoak. Zer pentsatu eman beharko liguke ezkertiar sentitzen garenoi. Eta erantzukizun ariketa sendoa eskatu behar zaio ezker independentismo antolatuari, orain arteko bidean jarrai dezan, proposamenak egiten, helburuak zehazten eta herritarrei zuzendutakoan, errazkeriak saihesten; hau da, birusa hedatzearen erantzukizun guztia kudeaketa politikoaren arduradunen bizkarrean ez ipintzen. Herriaren protagonismoa aldarrikatzen badugu, herriak erantzukizuna eduki behar du. Adibide modura jar daiteke ordezkari politiko bik prentsan adierazitakoa. Zientifikoki frogatuta dagoenean, oraingoz, distantzia soziala dela tresna eraginkorretako bat birusari aurre egiteko, etxe zuloetako indibidualismotik aldentzeko, kalera irteteko eta sareak osatzeko deia egitea, egia esan, ez zait iruditzen oso egokia gauden egoeran egonda. Badirudi herriari ezin zaiola errietarik egin; garenak gara, ez gara herrialde nordiko batean bizi, zer egingo diogu ba...

Egunkari honetako beste kazetari batek esana da: covid-19aren bigarren balizko olatuaren harira, gazteak ipintzen dira batzuetan jomugan, sarritan erakusten duten arduragabekeriagatik, baina gazte horiek guk geuk hezi ditugu. Helduok ezin dugu herritar arduratsurik hezi guk ez baldin badugu elkartasunean sinesten, kultura demokratikoan ez badugu sakontzen, arazoei buruzko eztabaida arrazionalik ez badugu bultzatzen, emozioek itsutu gabe; lehentasunak ez baditugu argi eta garbi identifikatzen, erakunde demokratiko guztien jarduna etengabe eta, batzuetan, injustuki, salatzen badugu, sektore zaurgarrienen kalterako; geure –eta gure seme-alaben– erantzukizuna ez badugu aitzakia ideologikoez estaltzen. Bestela esanda, ezin dugu eskuineko populismoak bezalatsu jokatu.