Mikel Ibarguren
Idazlea
JOPUNTUA

Kartzelako goiza

Badira egun batzuk, momentu batzuk oroitzera behartuak gaudela. Denok ditugu ahanzturaren putzu sakonean gelditzeko arriskutik erreskatatzen ditugun memoria txatalak. Horietako bat da kartzela garaiko oroimena eta askotan sentitzen gara Joseba Sarrionandiaren poeman bezala guziak hormaren kontra / beti hementxe egondu bagina bezala. Zoritxarrez preso zenduen zerrenda luzea baita, luzeegia kartzelaren bakardadean, ziegaren isiltasunean ito diren askatasun haizeak, argiak amatatzen diren moduan amatatu zaizkigun ametsak. Estatuek aplikatzen dituzten espetxeetako salbuespen legediek euskal preso politikoak kartzelan hiltzera kondenatzen baitituzte oraindik ere, hamarkadaz hamarkada gure haragizko bihotzak kolpatzen jarraitzen dute. Gure memoriak inarrosten dituzte etengabe.

Juan Jose Crespo Galende zuen izena gose greba baten ondorioz hil zen lehen euskal preso politikoak, Jose Ramon Goikoetxea Bilbao, Joseba Asensio Artaraz eta Mikel Lopetegi Larrarte hil zituen espetxeak ondotik. Haizeak hautsa altxatu eta egunkariak / airean endredatuz hausten dituelarik Juan Carlos Alberdi Martiarena, Migel Zalakain Odriozola, Jean Groix, Pello Mariñelarena Imaz, Jose Maria Aranzamendi eta Juan Carlos Hernando Gonzalezen izenak iltzatu zitzaizkigun betirako saminaren azalean.

Harresietako guardiek balak arrosarioaren / aleak bailiren kontatzen dituzten artean Oihane Errazkin Galdos, Jose Angel Altzuguren Kotto, Igor Angulo Iturrate, Roberto Sainz Baru eta Xabier Lopez Peña zerrendatu genituen jada luzea zen zerrenda beltzean.

«Gezalak apur-apurka herdoilduko ditu / burdinazko barroteak» dio inork, baina hotz amaigabe bat baino latzagoaren ondotik Arkaitz Bellon Blanco, Kepa del Hoyo, Xabier Rey eta Igor Gonzalezen heriotzen ondotik isil-isilik geratu gara guziak / eta, bat-batean euria hasi da.

Horrelako une gogorretan askotan sentitzen gara goiz hartan bezala, aspaldian / gutariko bat hil zen goizean bezala.