Andoni ARABAOLAZA
TRAIL

Luca Papik erronka itzela egin berri du Kanaria Handian

Korrikalari italiarrak, 13 egunean, 850 kilometro eta 40.000 metroko desnibel positiboa egin ditu. Helburua 1.000 kilometro ziren.

Trail munduko korrikalari askok, batez ere muturreko lehia zein erronketan jarduten dutenek, Luca Papi estralurtarra dela esaten dute. Kilometro asko eta asko egiteko makina bat dela gehitzen dute, eta lasai asko aitor genezake arrazoi osoa dutela. Izan ere, ultrafondoko historian pasarte historiko garrantzitsuenetakoak sinatu ditu.

Azkena iragan abuztuaren 31n hasi zuen. Lasterkari italiarrak xede itzel bat zuen esku artean: sona handia duen Transgrancanaria 360° lasterketaren ibilbidea lau aldiz lotzea non stop eran. Datuak honakoak dira: 1.000 kilometro eta 110.000 metroko goranzko desnibel metatua.

Ikara ematen duten datuak dira; batez ere, kontuan hartzen badugu bi asteko epean egin nahi zituela. Baina abentura hasi eta 13 egunera, Frantzian bizi den korrikalari italiarrak bertan behera utzi zuen erronka. Kronoa gelditu zuenean, emaitzak zera adierazten zuen: 850 kilometro eta 41.000 metroko desnibel positiboa.

Beraz, Grancanaria 1000K izeneko proiektua ezin izan du guztiz itxi. Alabaina, lasterkari batek inoiz egin gabeko muturreko xede baten aurrean gaude. Dagoeneko, trail munduko historian urrezko pasartea idatzi du.

Gogoratu behar dugu Papik bikain ezagutzen duela Transgrancanaria 360° lasterketaren ibilbidea; izan ere, ultra erresistentzia eskatzen duen muturreko proba hori hirutan irabazi du. Bikain ezagutu bai, baina ibilbide bera lau aldiz lotzea beste errealitate bat da. Beste era batera esanda, Iberiar penintsula zeharkatzea bezalakoa da: Cadiz eta Andorra arteko bidea. Baina 110.000 metroko desnibela gehituta.

Joan den abuztuaren 31n, protagonista honek hasiera eman zion esku artean zuen erronkari. Hasteko eta behin, beroketa lanak egiteko, 46 kilometroko ibilbide bat osatu zuen: Puerto de las Nieves de Agaete-Roque Nublo. Irailaren lehenean, berriz, Transgrancanaria 360° ibilbidean sartu zen; joan den martxoan egin zuen bide berean, alegia. Eta hori diogu, ondoren, lasterketa horrek beste ekitaldi batzuetan egin dituen proposamenak aukeratu zituelako.

Baina, arestian aipatu dugun bezala, 850 kilometro bete zituenean erronka bertan behera utzi zuen; azken kilometroak, gainera, oinez egitera behartuta egon zen. Arrazoia: jasandako beroa eta eskuineko koadrizepsean izaniko lesioa. 102 ordu eta 10 minutuko denbora egin zuen.

Beroa aipatu dugunez, aurreratu behar dugu Papik muturreko baldintzetan jardun zuela. Egunez, 40 graduko tenperaturari egin behar izan zion aurre; gauez, berriz, termometroak 30 graduko tenperatura markatzen zuen.

Hori gutxi balitz, edozein lekutan estalperik gabe lo egin zuen. Protagonistak berak aitortu duenez, lo gutxi egin du; eguneko, bi ordu baino gutxiago. Lasterketa bat ez zenez, anoa puntu ofizialik ez zuen; eta kilometro asko hornitu gabe egin zituen: «Lehenik eta behin, herritarren abegi ona eskertu behar dut. Hainbat puntutan jatekoarekin zein edatekoarekin hornitu naute. Batzuek, gainera, nire alboan kilometro asko egin dituzte. Babes ikaragarria izan da! Atsedenlekuetan konpainia egin didate, eta masajeak eta guzti eman dizkidate».

«Sinestezina»

Harrigarria bada ere, 13 egunean 850 kilometro egin eta gero, korrikalariak ez zuen erabateko atsedenik hartu. Italiarrak aitortu duenez, errekuperazio azkarra nahi zuen: «Jakin badakit, muturreko jarduera bat egin dudala. Baina ondo sentitu nintzen, eta den-dena primeran joan zen. Xedea bukatu ondoren, gauean lagun batzuekin korrika egitera irten nintzen. Errekuperazio mantso bat niretzako ez da egokia. Gai hauetan adituan den kide on batek aholkatu zidan bizitza aktiboa egiteko».

Grancanaria 1000K xedearen inguruan, Papik onartu du aldez aurretik zituen asmoak ez direla bete: «Erronka uste baino gogorragoa eta zailagoa izan da. Izan ditudan baldintzak oso muturrekoak izan dira; otsailean Transgrancanaria 360° lasterketa egin nuenean baino askoz ere gogorragoak. Une jakin batzuetan jasanezina izan zen. Teknikoki uhartea ondo ezagutzen nuen, baina hainbat bidezidor aldatu zituzten. Zalantza izpirik gabe, xede honen eiterik gogorrena klima izan da».

Arestian aipatu dugu eskuineko koadrizepsean min hartu zuela. 500. kilometroan izan zen: «Ez da lehen aldia. Duela zortzi urte lasterketetan buru-belarri hasi nintzenean, molestia horiek banituen. Tor des Geants lasterketan, adibidez, mina nuen, baina xede honetan areagotu egin da. Beroagatik behin baino gehiagotan deshidratatu nintzen. Eta giharretan izan dudan higadura oso handia izan da. Une batzuetan, ondoan nituen lagunek min hori leuntzeko sendagaiak eskaini zizkidaten. Baina ez nituen hartu, eta ibilbidean erabat kontzentratuta jarraitu nuen. Denborak aurrera egin ahala, kilometro batzuk oinez egiten hasi nintzen. Eta horrek lagundu zidan hausturarik ez nuela jabetzen».

Bestalde, Papik azpimarratu nahi izan du Grancanaria 1000K erronkan kolore guztietako momentuak bizi izan dituela: «Zalantzarik gabe, txarrena azken gaua izan zen. Oso-oso gaizki pasa nuen. Leher eginda nengoen: inoiz izan gabeko nekea sentitu nuen! Jakina, beste puntu beltz batzuk izan dira: lo gutxi egin dut, bero ikaragarria jasan dut... Baina ez nuen gelditu nahi, besteak beste, nire kideei horrelako gauak aurrezteko. Amaiera horretan, bestalde, ez nuen hasierako plazera sentitzen. Momentu onenak zeintzuk izan diren? Ez dut erantzun bakarra. Une guztiak ikaragarriak izan ziren. Hala ere, herritarrek eman didaten laguntza eta babesa oso garrantzitsuak izan dira. Asko eskertu diet, baina uste dut motz geratzen naizela. Ez dut inoiz ahaztuko. Oro har, eskarmentu arras sinestezina izan dut. Horri jarriko nioke azpimarra. Orain, erronka berrietan pentsatzen ari naiz, eta hurrengoa berriro hemen egingo dut».

Honi buruzko guztia: TRAIL